Erdaraz ere
Blog honetan hasi nintzenean, genealogiari eta hizkuntzari lotutako bitxikeriak azaltzeko intentzioarekin izan zen, euskal abizenek bereziki eta baita ere hizkuntza berak jasaten dituzten ostikadak zabaltzeko.
Baina hortik kanpo aurki daitezke hainbat perlatxo politak. Erdaraz esaten den modura " el que mucho habla, mucho yerra", eta erdaraz botatakoak izango dira gaurkoak.
Telebista begiratzeko ohitura ez dudan eguerdiko orduetan, RTVEko "la 2"ek ematen duen errepikapenetan, bi kapitulo ederrak ikusteko aukera izan dut azken egunotan.
"España, entre el cielo y la tierra" sortari dagozkion ataletan, Catalunya eta Aragoiko Pirinioak goitik ikusteko bi hegaldiak izan dira. Irudiak ederrak izan arren, gidoigileak idatzitako konpainiak eta esatariaren ahozkera aldrebesak direla eta, nahiko pobretu da emaitza.
Esatariari entzun daiteke Pedraforca mendia katalana eta Peñaforca aragoikoa "Pedraforsa" eta "Peñaforsa" ahozkatzen. Argi dago beretzat ez datoz "forca" (horca, gaztelaniaz) baizik eta "força" (indarra) hitzetik. Irudiak begiratu gabe esan du, akaso, bestela urka ikusteko parada izango luke.
Beste bat izan da Comaloforno mendia, Boí aldeko altuenetakoa, Colamoformo bihurtzea.
Bere aldetik, gidoigileak "prosa poética"z betetako testuak prestatu ditu. Legenda eta mito guztiak irakasten dizkigu, baina behin baino gehiagotan horrelako lelokeriak sartzen ditu:
"El valle de Ordesa fue descubierto por Lucien Briet" ( Mendizale eta idazle frantses honen aurretik, Torlako artzainak eta behizainak ez zuten erabiltzen hango belardiak edo enborrak, agian).
"La vecina región francesa de Berán..." ( Béarn, Biarnoko izen frantsesa, esatariak ala gidoigileak aldatu zuen?)
"Portalet, por donde el río Gállego se viene de las Galias..." ( Ez dakit Gallego ibaia noiz egon zen Galietan, mugaz hegoaldera bait du bere iturburua)
"Los habitantes de Ansó, los chesos.." ( Cheso izena Val d¨Echoko bizilagunei eta hizkerari dogokio eta ez Ansó ibarreko jendeari).
Eta ez dira bakarrak. Egiaztatu edo/eta zerrenda luzatu nahi baduzue, sarean daude, "RTVE a la carta"n aurki ditzakezue.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: