Elortondo baserritik Elortondo hirira
Oñatiko baserri bat da Elortondo. Argentinako hiri bat ere.
Paper zaharrek kontatzen dutenez, 1642gn. urtean, Elorregiko San Prudentzioren erromerian liskarretan hasi ziren Bergara eta Oñatiko gazteak.
Oso egoera arrunta izaten omen zen herrien arteko mugetan, jaietan batez ere. Denok dakigu alboko herritik "gure" neskak lapurtzera etortzen direla eta ardoz (orain gintonikaz) bustita garenean, ageriago ikusten dugu arrotzek ebasteko duten joera hori. Alkoholik gabe ere, telebista agertu aurretik, igandeko arratsaldeak egokiak ziren oso, alboko herriko umeekin harrika hasteko. O tempora, o mores ! Herra ez da bakarrik gazteen gauza. Esaten dute Arrasateko señoritoak Bergarako mugaraino paseatzen zirela eta, behin marra pasata, bergararrei erregalotxoak uzten zizkietela, sabela libratuta, itzuli baino lehen...
Jende ausarta, Elortondo abizenekoa. Antza denez, Gabontxo Elortondo bere arkabuzarekin joan zen erromeriara, bideko edo erromeriko piztiak uxatzeko agian. Laster hasi zen ohiko ahakarra San Prudentziorenean. Oñatiarrak, kontrarioen zelaian jokatzen zutela, alde egiteko zorian geratu ziren laster asko. Ez ziren paketsuenak Gabontxo eta bere anaia. Gabontxok tiro bat bota zuen, eta haren atzetik zetorrenak bular erdian hartu zuen oparia, seko hilda.
Gabontxo ( Juan Gabon Elortondo Gallaiztegi, 1621-8-20, Oñati) eta Pedro (1613-4-3, Oñati) anaia hiltzera kondenatu zuten ("atado de pies y manos con una soga de esparto a la garganta y llevado por las calles acostumbradas con voz de pregonero que magnifieste su delito a la plaça publica de esta dha Villa donde estará levantada en alto una orca y en ella sea aorcado hasta que se aogue y muera naturalmente y despues se clave y ponga su cabeza enclavada en una picota alta en el prado junto a la dha hermita de San Prudencio").
Ez dakit zigorrak bete ziren. Ez dut aurkitu Gabontxoren berririk elizetako liburuetan. Ez da arraroa inskripzioen falta, baina kasu honetan solemnitate eta zehatz guztia espero genezake eta ez dago ezer. Akaso deserrian berregituratu zuen bizitza. Anaia aldiz, bizirik eta libre ikusten dugu, hurrengo urteetan bi seme-alaben aita agertzen bait da bataioen liburuetan.
Ba zegoen hirugarren anaia, Francisco (1629-3-3, Oñati), egun ilun hartan zihur aski etxean geratu zena, hamairu urte besterik ez zuelako. Gazte ezkondu zen hau, eta Elortondotarren leinu ugari batek bete zuen Oñatiko hurrengo ehunurtekoa. Bost seme-alaben aita izan zen, bigarrena Joseph Ugartondo Ugalde (1658-3-29, Oñati) zela. Honen zazpi seme-alaben azkena, Agustin Elortondo Osinaga (1692-8-28, Oñati), hamar seme-alabak utzi zituen, eta hauen arteko seigarrena, Antonio Francisco Ugartondo Aristegi (1740-9-3, Oñati) beste zortzi. Antonio Franciscoren hirugarren semea, Blas Joseph Elortondo Arrazola (1765-2-2, Oñati), Argentinara aldatu zen, han ezkondu eta hiru seme-alabak, gutxienez, izan zituen. Famatuena , Felipe Santiago Elortondo Palacios izan zen.
Beste aldetik, Agustinen hamargarren eta azken semea, Martin (1749-11-10, Oñati), Bergarara ezkondu zen eta han jaio ziren bere sei seme-alabak, eta haien arteko azkena, Lazaro Elortondo Lizariturri (1791-4-10, Bergara), Argentinarako bidea hartu zuen. Lazaro eta Felipe Santiago famatuak ziren oso, Buenos Airesen orduko denboretan. Hango historialariek osaba-iloba zirela estan duten arren, argi dago Felipe Santiagoren osaba propioa ez zela Lazaro, aitaren lehengusua baizik. Hala ere nahiko gertu egon ziren, antza.
Felipe Santiagok elizaren lanetako bidea hartu zuen, eta apaizgai denboretan bere ohean hartu zuen Anastasia Diaz ("la negra Anastasia" eta "la Barragana de Elortondo" ezizenak eraman zuena), esklabu moduan Argentinara ailegatutako emakume beltza. Apaiztu ondoren ez zuen kastitate botoari kasu handirik jarri, eta lehen "la negra" eta gero Josefa Gomez Ferrin " la canonesa" izan zituen ohekide bizitzan zehar. Felipe Santiagori ez zion sotanak traba handirik egiten.
Horrelako lanetan ibiltzen denean gerta daiteke, eta orduan ere gertatu zen. Elortondotxo berri bat jaio zen. Gure apaiza ez zela artean nahiko famatua, eta ez dira oso argiak umearen jaiotzearen buruzko detaileak. Ofizialki, semetzat hartu zuen Lazarok, ordutik eta gutxira Mercedes Poroly Elizalderekin ezkondu zenean, berea eta emaztearena zela esanez, ezkondu baino lehen izana. Iñork ez zuen orduan sinetsi, baina horrela geratu da paperetan. Umea, Federico Elortondo Poroly (1828-11-20, Buenos Aires), gizon inportantea zen XIX gn. mendeko azken herenaren zehar, trenetako negozioetan aritu zelako batez ere. Berak eta emazteak eskainitako lurretan hiri berri bat, Elortondo izena zeramala, egin zen. Gaur 6000 biztanle dira han.
Baina gatozen berriro ume honen (benetako) aitaren historioarekin. Batzuk esaten zuten Anastasiarena zela umea (zaila, ama beltza izanez gero, normalean nabaritzen da hori) . Beste batzuk Mercedes ikusten zuten benetako ama. Felipe Santiago apaiztuta zegoen une horretan, eta gehiegi izango litzateke barragana ofizialetik kanpo, beste ortuak landatzen zituela ametitzea. Teoria honen arabera, Lazarok konpondu zuen arazoa, umea eta ama beretzat hartzen.
Karrera ederra egiten zuen Felipe Santiagok, bai elizan eta bai politikan ere. Kalonjea izan zen Buenos Aireseko katedralean, eta "deán" (kalonjeen burua) gero. Liburutegi Nazionalaren zuzendaritza izan zuen. Argentinako Senatuan diputatu egon zen, eta Rosas diktadorearen kontseilaria (eta elizako arazoetan eskua sartzeko bidea) ere izan zen. Urte horietan zehar Josefarekin (la canonesa) ohea betetzen jarraitu zuen. Kontatzen dutenez, nortasun sendoko andrea zen Josefa. Alargundu ondoren, Felipe Santiagorekin arrimatu zen, eta alaba bat izan zuen, Juana Josefa. Difuntuaren enkargua zela esaten zuen berak, baina Etxahunen kantan modura " hamar hilabete buruan, hi jin haren haurra, hirur hortzekila". Honek ere ahoa hortzez betea ekarri behar zuen.
Argentinako historialariek esaten dutenez, nahiko ondo ezagutzen zen Elortondoren etxeko gorabeherak Buenos Aireseko kaleetan. Hale ere, askok ematen zioten bere konfiantza. Hil zenean, "los arcones del sacerdote contenían decenas de escrituras,propias y ajenas, pagarés, documentos de donaciones, libretas de ahorro, cesiones de deuda y otros". Auzoko jande askoren hil-osteko administratzaile zen, legalki zein ezkutuan, denetarik. Hamazortzi urtez administratu zuen Katedraleko dorreak eraikitzeko biltzen zen dirua. Hemen ere, etekinak beretzat.
Orain 30 urte filme bat egin zen, "Camila", non Imanol Ariasek jesuita baten papera betetzen zuen. Jesuita honek ( Felipe Santiagoren etxean egon zen, Buenos Airesera karrera politiko-eklesiastiko hasteko intentzioarekin joan zenean) familia oneko neska baten maitalea da, eta ihes egiten dute biek, eskandalu ederra sortzen. Harrapatu eta gero, Rosas diktadoreak berak, inolako epaiketarik gabe, legez kanpoko edo legez kontrako hiltzeko mandatu bat sinatu zuen. Eskarmentu moduan, zeren une honetan "moraltasungabeko egoera publikoa" egozten diote Rosasi bere arerio politikoek. Afaire honetan Pontzio Pilatoren papera jokatu zuen Elortondok.
Filmeko gaia guztiz historikoa da. Horrela gertatu zen eta batzuk esaten dutenez, Rosasek, bide batez, zeharkako abisu bat bidali zion hain gertuko zuen Felipe Santiagori "Ba dakit zer egiten duzun eta horrelako ebazpenak nire eskuan daude" Potroetatik helduta, kalonjeak ez zion Rosasen aldekoa izateari inoiz utzi... Urquizak Rosas menderatu arte. Orduan bai, agintari berriari agurtzeko joandakoen artean, Elortondo zen lehenetarikoa. Duinago jokatu zuen "la canonesa"k, eta kontatzen ziren arabera, "Buenos Aireseko azken rosista" zen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: