Betiko izenak

No profile photo antzinakeriak | 2014-02-20 10:58

Autobusean gertatua. Erdaraz, noski. "Zorionak, aitona izan zarela enteratu naiz. Nola du izena?". Eta besteak "Eskerrik asko. Cecilia da", irribarrez esaten du. Lehenak, berriro, entusiasmo askorik gabe "Oso polita. Gaurkoan ez dira horrelako izenik asko entzuten". Eta aitonak "Lehengo egun baten lehiatilara (funtzionario bat, akaso) etorri zitzaidan neska bat eta ez dakit zer izen esan zidan. Orain jartzen diren horrelako euskal izen arraro bat. Esan nion klasean behintzat ez nahasteko balio izango lukeela, eta berak ezetz, lau direla klasean bere izena dutela". Eta segidan " Ez nago euskal izenen kontra, Begoña edo Aranzazu oso politak dira, eta betikoak".
    Lehen ere entzun dut honelako izenei buruzko argudiorik. Batzuk "nombres de siempre" eta besteak "inventados" dira jende askorentzat. Eta nire barruko erraiak "kar-kar" hasten dira. Gogoratzen naiz nola Gaztela aldeko herri batean geundela, mudejar estiloko eraikin bati begira. Herritar bat urreratu zitzaigun eta hizketan hasi. Haren "jakinduria" ikusita, gutako batek zera esan zion, katxondeoz, baina serio-serio : "Esto será de tiempo de los moros, por lo menos, no? " Eta erantzuna "Fácil, mi abuelo murió muy viejo y ya lo conoció de niño".
    Horrelako zerbait gertatzen zaie izenei, edo jendeari, hobe esanda. Lehen aldiz 1819 urtean ipini zen Begoña izena (bitxia, besterik ez da aurkitzen urte haietan) eta 1897 urtean izen bakarraren moduan neska bati.

1819-12-20     Javino Nemesio Maria de Begoña, Arana, Altuna         VITORIA-GASTEIZ
1897-05-04     María de Begoña, Endaya, Odriozola                     Bilbao    

    Gutxi gora behera, Aranzazu izenari gauza bera gertatzen zaio. Aurkitu dudan lehen biak:
 
1890-05-02     Francisca Ygnacia Aranzazu, Lizarazu, Garayalde         HERNANI    
1894-05-28     Maria Aranzazu, Garmendia, Leunda             LAZKAO

    "Betiko izenak" gure aitonen izenak dira, ez gehiago.

    Gehien gustatzen zaidan bitxia, Otxandion eta XVIII mendean topatu nuen. Hau ez da "betiko", "orduko" baizik, baina polita benetan :       1715-11-10     Nympha, Garay Gordobil, Usaola


Utzi iruzkina: