Antropologiaren historia

antropo..ze? 1507324355617 antropo...ze? | 2017-11-29 23:15

XIX. mendearen amaieran sortu zen antropologia diziplina akademiko gisa eta honetan denak bat etorri arren, ez dira ados jartzen zientzia honen aurrekariak zein edo noizkoak izan ziren. Irvin Hallowellek zioen eran: “antropologiaren historia arazo antropologikoa da”.

Bi hipotesi nagusitzen dira:

Batetik, XIX. mendea baino atzerago joatea ez dela komeni diotenak (antropologoak); hala, Jimenezek dio, historiako une jakin batean izan behar duela sorrera, haren helburua inplizitoki pertsona guztien pentsamenduan dauden kezkak direlako.

Bestetik, XIX. mendea baino lehen  jarrera antropologiko bat kokatzen dutenak (historialariak), San Martin esaterako. Honen arabera, jakintza inplizituan oinarrituta espazio epistemiko bat sortzen da, zientzia esplizitoari bide emanez. Hau da, espazio espistemikoak antropologia inplizitua dakar, antropologia esplizitua sortuz. Hargatik, teoria honen sorrera XVIII. mendean, XV eta XVI. mendeetan izandako zenbait mugimenduren ondorioa da.

 

Mercierren ustez, gizakiarenak adinako luzera du antropologiaren historiaurreak, baina antropologia zientifikoa ahalegin kontzienteak gizarte taldeei buruzko datuen bilketan eta hauei buruzko hausnarketan hasi zirenekoa dela dio. Eta bi alditan banatzen du:

Batetik, gune anitzen edo mundu ez osoen aroa, hau da, Antropologiaren Historiaurrea (XV. mendera bitarte). Txina, Mediterraneoaldea eta ingurune musulmandarrak aipatzen ditu pentsamendu gune nagusi. Garai hartakoak dira, hala nola, bidai liburu eta erreflexio abstraktuak eta orduko bi izen azpimarragarri: Heródoto greziar eta Tácito erromatarrarenak dira.

 

Bestetik, gune bakarreko aroa (XV. mendetik XVIII. era), hau da, Antropologia Inplizituaren Aroa, Berpizkundearen garaikoa. Teologia ahulduz joan ahala, gizakiaren duintasun eta ahalmen propioak onartuz joan ziren, baina faktore garrantzitsuena kolonialismoa izan zen. Honek, alteritatearen kontzeptua indartu zuen, mendebaldeko kulturaren unibertsaltasuna apurtzen baitzen eta hala, kultura ezberdinen inguruko interesa piztu eta hausnarketa eta ikerketak egiten hasi ziren.

Azterketa hauek lurraldeen arteko sailkapen/mailaketa bat ekarri zuten, lurraldearen teknifikazio maila, elkartasun mekanikoa edo organikoa, idazkera-sistema izatea edo ez izatea eta gizarte batek urteen joan etorrian aldaketaren bat jasan duen edo ez kontuan haruta. Hauxe izan zen zibilizazio aurrerakoi eta atzerakoien arteko bereizketaren muina. Eta jakina, eurak ez ziren haiek “basati”tzat hartu zituzten. 

 

Antropologia bihurtuko zenaren baldintza historiko, kultural eta epistemologikoak Argien mendeakoak (XVIII.a) dira: behaketa metodo berriak, jakintza baten sorkuntza eta metodo induktibo bat. Gizakiaren ezagutza positibo eta ez espekulatibo baten bidez, gizarte eta kultura antropologiaren lehen bozetua eraiki zen, hauen interpretazioak etnografia sortuz.

Rousseauren garaian hasi ziren gizakiaren ezagutzaz hitz egiten, garai guztietako gizakiak nolakoak diren jakin nahian. Eta berak etorkizuneko antropologiaren hiru adar aurreikusi zituen: antropologia biologiko eta sozio-kulturala eta gizakiari buruzko filosofia.

 

XIX. mendeaz gerokoa da Antropologia Esplizituaren Aroa; lehen aipatu bezala, ordukoa da antropologiaren sorrera akademikoa eta garai honetako aztergai ohikoenak erlijioa, ahaidetasuna eta munduko herri zahar edo arkaiko moduan ezagunak direnak (Australiako aborigenak, esaterako) dira. Garai berekoa da "basati"tik "primitibo"rako saltoa ere, azken hau gizaki zibilizatuaren (garapena tarteko) arbasotzat hartuz.

 

II. Mundu Gerraren ondorengo deskolonizazio prozesuaren ondorioz, zenbait antropologo etxera itzultzen hasi zirenean beste zenbait gaien inguruko interesa piztu zitzaien, hala nola, landa exodo eta industrializazio prozesuarena. Hala ere, antropologiaren atal bat beti izan da antropologia etxean; gizarte bateko natiboek euren gizarte eta kulturaren gain azterketa bat egin dutenean (ohiturak, harremanak...)

Baina posible ote da mundu globalizatu eta konektatu honetan gizarte bakar bateko kide izatea? Non daude bi gizarteren arteko mugak? eta nork ezarri ditu?

                                                                    
   

 

 

 

Bibliografia:

  • Marko, Iñaki (Antropologiaren historia/historiaurrea)
  • Aitzpea Leizaola (Antropologoa etxean)
  • Geraud, Marie-Odile (Gizarte tradizionalak)

Argazkia:

http://conceptodefinicion.de/wp-content/uploads/2014/12/globalizacion.jpg


Utzi iruzkina: