Funtzionalismoa eta kulturalismoa
Antropologiaren historian garrantzi handia izan duten bi ikerlariren inguruan jardungo dugu idazki honetan. Bi korronte ezberdin erabiliz bakoitzak bere bidea egin zuen, esanguratsuak bienak ere. Batetik Bronislaw Malinowski daukagu, antropologo europar honek funtzionalismoaren inguruan garatu zituen bere lan eta teoriak. Bestetik, Franz Boas antropologo estatu batuarra daukagu, kulturalismoaren inguruan gogor lan egin zuena.
Hasteko, Boasek garatutako ideietan murgilduko gara. Boasek ikuspegi aldaketa bat izan zuen. Inguruneak gizakiarengan daukan eragina behatu beharrean, gizakiak ingurunea nola hautematen duen ikertzeari ekin zion. Errealitatearen eta gizabanakoak hautematen duen horren artekoari kultura deritzo, gizabanakoak egiten du, beraz, kultura. Antropologo honek ikerketa esanguratsu bat egiteko, ikertzen gabiltzan eremuan eta bertako jendearekin (inor baztertu gabe) denbora ugari pasatu behar dugula azpimarratu zuen. Horrez gain, bertako hizkuntza ikasteak ere garrantzi ikaragarria duela ere aitortu zuen. Bestalde, bertako ohiturak eta ezaugarriak ezagutzeko, herriaren historia propioa ikertzea ezinbestekotzat jotzen du. Malinowskirekin bat dator azken ideia hauetan.
Jarraian eboluzionismotik urrundu zuten ideia batzuei helduko diegu. Amerikar antropologo honen hitzetan, gizatasunaren historia bakar bat proposatu beharrean, herri bakoitzak edukitako historia propioa lehenetsi behar da. Hortaz, herri bakoitzak etika ezberdin bat izango du arrazionalismo ezberdinarekin, jokaera ezberdinekin, hau da, garapen maila ezberdina izango du herri bakoitzak.
Laburbilduz, Boasek diona hauxe da, etnozentrismoa alde batera utziz erlatibismoan sakondu behar dugula. Hau da, soluzio edo erantzun bakarra bilatu beharrean, guztia herrien arteko ezberdintasunen araberakoa dela. Ez dagoela kultura atzeraturik edo okerrik, baizik eta, bakoitza bere ikuspuntu propiotik begiratu beharra dagoela.
Franz Boas alde batera utzita, Malinowski antropologo handiari helduko diogu. Funtzionalismoaren sortzailea izan zen, honen ideia nagusia gizartearen osagai eta instituzioek funtzio bat daukatela da, eta elkarren artean erlazionatuz sistema bat osatzen dutela.
Honez gain, ikertzen ari zen lekura joateko “etxetik” irten zen lehen antropologo gisara ezagutzen da. Honela, aurretik garatutako ideiak eta hipotesiak proban jartzeko aukera izan zuen. Lekuan lekuko lana zen bere ardatz nagusia. Errealitatearen aurrean jarri behar zela zion, bertakoa ulertu eta azaldu ahal izateko. Bertako jendearekin harreman zuzena mantendu eta beren ohitura eta jardueretan parte hartzea garrantzitsua zela zion.
Malinowski ez zen norbanakoan zentratzen, gizartean baizik. Guztiok behar batzuk asetzeko beharra daukagu, garrantzia handiagoko edo txikiagoko beharrak. Hauek asetzeko gizarte instituzioak sortzen ditugu, hau da, talde bat helburu bera ardatz dutelarik jardungo da. Beraz, esan bezala, norbanakoak gizartea behar du bere beharrak asebetetzeko eta gizartea garatzen joango da behar ezberdinak ase ditzan. Hortaz, guztia daukan funtzioaren baitan aztertzen du. Amaitzeko, kultura ase beharreko beharrek sortzen dutela dio, eta gizakiak funtsean behar berberak ditugunez kultura orok baduela lotura bat.
Honetan datza bi antropologo hauen bereizketak, batak (Boas) guztia erlatiboa dela dio, ez dagoela inongo loturarik kultura ezberdinen artean. Besteak, aldiz, kontrakoa dio. Kultura orok badutela nolabaiteko lotura bat, hots, gizakiaren beharretan oinarriturikoa.
Bibliografia:
- http://liceus.com/cgi-bin/aco/ant/malinowski.asp
- https://es.wikipedia.org/wiki/Bronis%C5%82aw_Malinowski
- https://es.wikipedia.org/wiki/Franz_Boas
- https://prezi.com/dupv-h0tsxxv/clase-4-boas-y-malinowski-los-padres-de-la-etnografia-moderna/
Argazkia:
https://d-pt.ppstatic.pl/k/r/1/fb/b7/53bed922cc20b_p.jpg?1420940394
Iruzkinak
Utzi iruzkina: