Etnozentrismoa eta erlatibismo kulturala

antropo..ze? 1507324355617 antropo...ze? | 2017-12-11 22:48

Ezertan sakontzen hasi aurretik Levi Straussen aurkezpen txiki batekin emango diogu hasiera testu honi. Levi Strauss 1908an Bruselan jaio zen antropologo, filosofo eta etnialaria izan zen, XX. mendeko garrantzitsuenetarikoa. Antropologia estrukturalaren sortzaile gisa ezagutzen da. Hark zioen, guztia estrukturez osatua dagoela eta estruktura horiek ikertu eta argitaratu daitezkeela.

                                                      

Antropologiaren bitartez mundu guztian zehar bidaiatu zuen 30 urtetan zehar, Europar kulturaren ustezko gailentasuna zalantzan jarriz. Saussurreren hizkuntzalaritza estrukturalean oinarritu zen berea garatzeko. Hitzen esanahiez gain, badaudela hizkuntza guztiek komunean dauzkaten estruktura sakonago batzuk eta kulturekin gauza bera gertatzen zela zion Straussek. Giza gogamenak dikotomiak sortzen ditu uneoro, besteak beste, ona eta txarra, kanpoan eta barruan, gu eta zuek… guzti hauek logikaren baitan bereizten dira. Hortaz, zientziak, mitoak, sinismenak... hauen baitan logikoki osatzen dira eta, beraz, estruktura bera du kultura orok, soilik gauza ezberdinei aplikatuta.

Jauzi txiki bat emanez, Levi Straussek idatzitako “Arraza eta kondaira” liburuko zati batean murgilduko gara. Bertan, etnozentrismoa eta erlatibismoa bezalako gaiak jorratzen baititu.

Etnozentrismoa kultura ikusmolde bat da, non norberaren gizataldea den guztiaren erdigunea eta eredua, beste gizatalde guztiak neurtzeko eta sailkatzeko. Beste modu batera esanda, etnozentrismoa talde bakoitzak duen ohitura bat da, uste izateko bere kultura hobea dela besteena baino. Etnozentrismoak norbere kultura bihurtzen du eredu eta horrekin neurtzen dira beste kultura guztiak eta on edo txartzat kalifikatzen dira; aurrerakoi edo atzerakoi, itxurazko edo itxuragabe dira, norberaren antzekoak edo desberdinak diren heinean. Gure gaur egungo gizartea da etnozentrismoaren adibide garbienetakoa, asko zabaldu baita munduan zehar globalizazioari bide emanez. Nahiz eta etnozentrismoaren fenomenoa kultura guztietan gertatu, geurea iruditzen zaigu esanguratsuena.

Kolonialismoaren garaietatik hasita, europarrok, geure kultura eredu gisa hartuta munduko txoko guztietara zabaldu nahi izan dugu inposaketen bidez. Eta zoritxarrez, esan beharra dago europarren nahia bete dela hein handi batean. Amerikako kontinente osoak, Australiak, Afrikako leku gehientsuenak eta Asiako leku askok Europaren eragin nabarmena pairatzen dute. Hau da, gizarte europarrek beren kultura piramidearen puntan jarri eta egokiena dela erabakitzeaz gain, beste kulturak errespetatu gabe berea ezartzea lortu baitu urte askoan zehar, sekulako triskantzak eginez. Honek, gizaki “zibilizatuaren” harropuzkeria eta maltzurkeria begi bistan jartzen du. Etnozentrismoaren emaitza da globalizazioa.         

            

Jarraian, erlatibismoari helduko diougu. Erlatibismoak hitzak dioen bezalaxe, guztia modu erlatiboan begiratzera bultzatzen du. Hots, inolako kulturaren gailentasuna onartu gabe, guztia lekuaren, ezaugarrien araberakoa izanez. Litekeena da Straussek esaten zuen legez, kultura orok bere izaeraren sakontasunean nolabaiteko lotura bat izatea beren artean, baina horrek ez du bideratzen kulturaren egokitasunean edo garapenean oinarrituta sailkapen bat egitea. Argi dago industrian, ekonomian eta teknologian europarrak izan direla gehienetan aurreratuenak, baina hau ez zen posible izango beste kontinenteetan egindako zapalkuntzarik gabe.

Honez gain, kulturaren egokitasuna ezin da konparatu beste kulturekin bakoitza modu ezberdinean garatzen baita, bakoitzak helburu desberdinak baititu. Esaterako, testuan ekialdearen jakinduria goraipatzen du giza gorputzaren alorrean; txinatarren arnas-teknikak, indiarren yoga, antzinako maorien errai gimnasia… Alor hauen bidez sailkatuko bagenitu kulturak, ekialdekoa izango litzake nagusi. Europarren zortea zera izan da, beraien garapen bideek, bertuteek mundu guztian zehar bidaiatzea eta nagusitzea ahalbidetu diela, beste kulturei ez bezala. Argi dago beraz kulturen sailkapena ezin dela egin modu orokor batean, hau da, ezin da esan X kultura dela onena edo txarrena, esan litekena zera da, X kultura onena dela esparru edo gai hauetan.                                   

Amaitzeko, azpimarratu nahiko genuke erlatibismoari garrantzi handiagoa eman beharko geniokeela etnozentrismoa baztertuz. Etnozentrismoak sortzen duen lehiaren ondorioz gure mundua dibertsitatea galduz, globalizazioan erortzen ari baita.

 

 

 

Bibliografia:


Argazkiak:

http://www.agenciasinc.es/var/ezwebin_site/storage/images/multimedia/imagenes/claude-levi-strauss-cumple-100-anos/claude-levi-strauss-muere-a-los-100-anos/237590-1-esl-MX/Claude-Levi-Strauss-muere-a-los-100-anos_image640_.jpg 

http://blogak.goiena.eus/guraso/wp-content/uploads/sites/116/2016/12/dt.common.streams.StreamServer.cls_-670x300.jpg 


Utzi iruzkina: