Emakume raketistak

antropo..ze? 1507324355617 antropo...ze? | 2017-12-14 22:50

 

1917an hasi ziren emakume raketistak lehen partiduak jokatzen. Lehendik ere baziren beste zenbait modalitate: zesta, pala, esku huska eta erremontea esaterako. Baina ezerk ez zuen kanpotik ekarritako raketisten modalitate hark adinako arrakastarik izan. Ordura arte emakumeak inguruan aukerarik izanez gero behintzat, aritzen ziren pilotan eta asko ziren gizonen parekoak (edo hobeak), baina ez zuten inongo sonik eta 1923tik aurrera hasi ziren lehen ezizenak argitara ateratzen (zenbait gizonezkoren negoziorako, noski).

Oztopoak besterik ez zituzten inguruan, eta hemen gaizki ikusiak zirenez (emakumeak plaza, pilota mundu eta apustuetatik urruti egon behar baitzuen, etxean) kanpora joatea beste aukerarik ez zuten izan, hartarako zortea izan zutenek; baina Madrilen, Bartzelonan, Kuban, Mexikon... egundoko arrakasta izan zuten. Jakina, kontratuen bidez joaten ziren batera eta bestera, eta hargatik historiako lehen emakume profesionalak bihurtu ziren. Kontratu hauek hamabost bat urtetik gorakoei egiten zitzaizkien. Kontratatzaile guztiak, nola ez, gizonezkoak ziren baita entrenatzaileak eta frontoira apustuak egitera joaten ziren (ia) denak ere; eta ez da ahaztu behar garai hartan ez zela apustuak egiteko (ia) beste eremurik. 

Emakume hauek euren soldatatik bizitzeko aukera zuten (gehienak familia bat aurrera ateraz gainera), hargatik, kanpoan eta beste inoren beharrik gabe bizitzeko gai izateak nolabaiteko askatasuna ematen zien (euren adinerako). Soldatak, ordea, bakoitzaren mailaren araberakoak zirenez (Ameriketan altuagoak), nahiko lan izaten zuen zenbaitek hil bukaerara iristeko, euren ardura baitzen familiari zati bat bidaltzea edo arropak eta raketak edo haien sokak erostea, maiz hausten baitziren (larruzko pilotak erabiltzearen ondorioz, ikuskizuna bermatuta egon zedin) edo frontoiak alokatzea entrenamentuetarako, besteak beste.

Garairik oparoenean zazpiehundik gora ziren emakume raketistak, gizonezkoen modalitate guztiak elkartuta ere ez ziren haiek hainbeste. Gona motzekin jokatzen zuten eta joku bizi eta arriskutsua izanagatik ere, ikuslearen (gizonen) gozamenerako eta jokua itsusitu ez zedin, ez zuten inongo kasko edo betaurrekorik erabiltzen; eta gizarte segurantzarik gabe ibiltzen ziren gainera.

Gerra garaiak debeku ugari ekarri zituen. Horien artean frontoi gehiago ez eraikitzekoa eta fitxa gehiago ez egitekoa, hauen poderioz lehen zebiltzanak uzten joan ahala (asko ezkondu ondoren etxe-zulora kondenatuta zeudelako), ondorengorik gabe geratu zen modalitatea, hala, 1980an jokatu ziren azken partiduak. Hala ere, emakume haiek gerora ere eutsi zioten elkarren arteko harremanei, urtero Itziarren mahai baten inguruan elkartuz, orain dela gutxi arte.

 

Gaur egun, zer esan, egoerak onera baino okerrera ez ote duen egin... Egia da, jada emakumea eta pilotaria zarela esatea ez dela mesprezuz begiratzeko arrazoi bat, edo segurtasunari begiratzen zaiola lehenbizi (betaurreko bereziak jantziz, baita kaskoak ere zenbait modalitatetan). Baina gizonezkoen pilotak (esku huskak noski) gora egin ahala, emakumeen modalitate guztiek behera egin dute. Ez pentsatu hala ere, gizonezkoen zesta edo pala esaterako, pilotaren egoera berean daudenik. 

Jada ez dago emakume raketistarik; dabiltzan haietako gehienak palistak dira eta urtean bi aldiz egiten diren txapelketetarako, berriz, pilotari bihurtzen dira. Txikitatik pilotan hasten den neska horrentzat ez dago aurkaririk, eta hala, mutilen aurka jokatzea beste aukerarik ez duenez, hark ere palan jarraitzen du. Hamabost bat urtetik gorakoak ez ditu inork kontratatzen (mutiletan ere larri) baina handik gorakoak ere ez. Eta ezinezkoa da kirol honetatik biziko zarela burutik pasatzea ere, urtebete bada ere.

Pilota eskolak sortu zirenetik gastuak txikitu dira, ez baitago pala, pilota, kamixeta, gerriko...rik erosi beharrik. Baina beti betikoen aurka jokatuko duzu, eta ez bazara ikaragarri nabarmentzen ez zara sekula aterako Euskal Herritik. Ezin da aipatu gabe utzi halaber, herri askotan emakume pilotari zein palisten alde apustu egin denez, talde bat baino gehiago sortu direla. Orain horiei eutsi (borondatezko lana egingo duenik bada) eta berriak sortzea besterik ez dago. Emakume pilotariak izan badira, zabaltzea falta da.

 

Raketistena itzuliz: frontoitik desagertu ziren haiek, ez ditzagun memoriatik ere desagerrarazi.

 

 

 

 

Bibliografia:

 Argazkiak:

https://egoibarra.eus/eu/albisteak/eibarko-raketistak-eta-pilotariak-201cemakumea-eta-euskal-pilota201d-gernikako-euskal-herria-museoaren-erakusketan/image_preview

http://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/224/193/news_landscape/1010_pd12_02_repor.jpg?1444429213 

http://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/224/366/original/1010_pd12_04_repor.jpg?1444381592 

http://herribizia.errenteria.eus/wp-content/uploads/sites/2/2015/07/0831-agustina_pilota.jpg 


Utzi iruzkina: