ARIKETA ETNOGRAFIKOA- ARDITURRIKO BIDEGORRIA- MATTIN KAZABON COUSILLAS

antropo..ze? 1507324355617 antropo...ze? | 2017-12-29 02:13
2

ARDITURRIKO BIDEGORRIAREN ERABILERA

(1.argazkia)

 

GAIAREN AURKEZPENA:

Oiartzun Gipuzkuako ekialdean, Aiako Harriaren magalean kokatzen den herri eder bat da. 10.000 biztanle inguru dauzka zortzi auzotan banaturik. Historia handiko herri honek naturaren edertasuna begi bistan uzten duen sekulako paisaiak ditu bere barnean.

K.O. lehenengo mendean erromatarren eskuetan egon ziren lurralde askotariko bat da herrixka hau. Arditurriko meategietan sekulako ustiapenak egin zituzten urte luzeetan zehar. Ustiapen hauek direla eta daukagu gaur egungo bidegorri zoragarri hau. Arditurri Oiartzungo barnealdeko mendi inguruan dago eta mineralak Pasaiako portura eraman ahal izateko erromatarrek sortutako bidea da. Beranduago mineralak garraiatzen zituen tren batek egingo zuen bide berbera.

Bideak 12 kilometroko luzeera dauka osora, bizikleta eta oinezkoentzako errailekin. Arditurriko meategietatik Oiartzun ibaiarekin paraleloan, Oiartzungo hainbat auzo igaro ostean Errenteriara iristen da. Bertan, bi edo hiru kilometroko ibilbideak Pasaiako portura darama zuzenean. Pasaian, Donostiatik datorren bidegorriak bat egiten du honekin. Hortaz, paisaia desberdin ugari ikusteko aukera ematen digu, besteak beste, mendi eta basoak, ibaiak, itsasoa, hiriguneak, industria-guneak, hondartzak...

 

GAIA AUKERATZEKO ARRAZOIAK:

Gure ikerketaren gaia kirola zela jakin eta berehala gaur egun kirolak hartu duen indarra etorri zitzaidan burura. Indar hitza erabiltzean zera esan nahi dut, jendeak urte batzuk lehenago baino kirol gehiago egiten duela, hau da, jada kirola egiten zutenek orain ordu gehiago ematen dituztela kirolean eta inoiz kirolik egin ez dutenak lortu ezin diren helburuekin itsutzen direla. Argi eta garbi dago kirola osasuntsua dela gizakiontzat, baina, bizitza honetan gauza guztiekin gertatzen den moduan, neurritasuna ezinbestekoa da.

Galdera ugari bururatzen zaizkit. Esaterako, osasuntsua al da 5 ordu besterik lo egitea goizean goiz esnatu eta bi orduko korrika saioa egiteko? Egokia al da hiru haur eta lanpostu gogor bat dauzkan 50 urteko pertsona bat maratoi bat prestatzen hastea? Nire aburuz, sarritan egokitasunaren muga gainditzen dugu itsu itsuan, gauzak bi aldiz pentsatu gabe, geure buruari presio handiegia ezarriz. Bizitza lasai eta entretenigarri baten ordez, sufrimendu eta sakrifizio handi baten ostean emaitza txikiko bizitza jasan ezina daramagu gutako askok. Antsietate eta depresio kasuak gero eta ugariago dira.

(2. argazkia)

Gaia aukeratzearen arrazoietara itzuliz, Oiartzuarra naizelarik, esan dezaket bidegorriaren erabilpena oso handia dela. Beraz, kirolak gaur egun daukan indar berri horri buruz ditudan zalantza eta ezinegonak asetzeko kokaleku paregabea iruditu zait Arditurriko bidegorria.

METODOLOGIA:

Behaketak:

Nire lan hau aurrera eramateko lau behaketa egin ditut guztira. Behaketak egitea oso interesgarria izan da, gauza asko argitu baitizkidate gaiari begira. Egonaldi hauek egun ezberdinetan, eguneko momentu ezberdinetan eta bidegorriko puntu ezberdinetan izan dira.

Lehen behaketa,  Abenduaren 14, Osteguna, goizeko 9etan egin nuen. Altzibar izeneko auzo batean, herrialdetik urruti xamar dagoen auzo bat dela esan daiteke. Bertan, hamabost minutu igaro ondoren, datu hauek bildu nituen. Guztira 21 pertsona pasatu ziren. Hamahiru gizon eta lau emakume oinez, bakarrik zein taldetxoetan. Honez gain, hiru gizon eta emakume bat korrika. Gehienak, 50 urtetik gorakoak ziren korrikalariak ez, hauek gazteagoak ziren.

Bigarren behaketa egun bereko arratsaldeko 18.30etan izan zen, leku berberean. Oraingo honetan eguraldi oso txarra egokitu zitzaidan, euri ugarikoa. Berriz ere hamabost minutu igaro ostean, 21 pertsona zenbatu nituen. 8 gizonezko eta 9 emakumezko oinez, taldeka naiz bakarrik. Gainera, 3 gizon eta emakume bat korrika. Kirolarien adina zertxobait jaitsi zen, bataz besteko adina 30 urtetan kokatuko nuke.

Hirugarren behaketa Abenduaren 16, Larunbata goizeko 11etan egin nuen, herri erdialdean. Beraz, kokalekuak eta egunak lagundurik jende kantitatea asko igo zen. Hamabost minutu begira egon ostean honako datuak eskuratu nituen. Guztira 70 pertsona inguru pasatu ziren. 14 emakume eta 33 gizonezko oinez bakarrik. 6 emakume talde eta 4 gizonezko talde, oinez hauek ere. Gizon eta emakumez osaturiko 8 bikote oinez. Oinezkoez gain, bi txirrindulari pasatu ziren emakumezkoa bata eta gizonezkoa bestea. Korrika gizonezko bat besterik ez. Adinaren bataz bestekoa orokorrean 50 urteren inguruan ibili zen.

Azkenik, laugarren behaketa leku berberean, egun berberean arratsaldeko 16:00tan izan zen. Oinez, 28 gizonezko eta 12 emakumezko igaro ziren. Taldeka oinez 3 emakume taldetxo eta gizonezko bat. 4 bikotekide ere oinez. Honez gain, emakumezko txirrindulari bat eta 3 gizonezko. Korrikalariak gutxi, bi emakumezko soilik. Oro har 60 pertsona inguru igaro ziren eta adierazgarria da adinaren bataz bestekoa nabarmen jaitsi zela, gazte ugari ikusi nituen.

 

Elkarrizketak:

Bi elkarrizketa egiteko abagunea izan dut. Behaketak bukatu ostean biak ere. Lana aurrera zihoan heinean interesak aldatzen joan ziren eta noski honekin batera galderak.

Lehena Larunbat goizean egin nuen 60 urte inguruko oinez zihoan gizonezko batekin, ikusitako gizon kantitateak bultzaturik. Bere ibilaldien maiztasuna egunerokoa zela erantzun zidan. Beti bakarrik zebilela esan zidan eta emazteaz galde egitean, etxean zegoela erantzun zidan. Ondoren zergatik hautatzen zuen bidegorria galdetu nion eta polita eta ibiltzen erraza zela erantzun zidan. Ariketa fisiko horrek sufrimendurik suposatzen zion galdetu eta ezezkoa jaso nuen.

Bigarren elkarrizketa egun bereko arratsaldeko behaketaren ondoren egin nuen. Korrika zebilen emakumezko gazte bati. Bere korrika saioak astean hirutan egiten omen zituen gutxi gora behera. Goizeko gizona bezalaxe bakarrik egiten omen zituen saioak beti. Bidegorria gustuko zuela ere esan zidan, etxetik gertu zeukalako eta oso egokia zelako erantzun zidan. Ariketa fisiko horrek sufrimendurik suposatzen zion galdetzean ezetz erantzun zidan. Haur bat zeukala ere esan zidan, bere mutil lagunarekin zegoena une hartan. Beretzat kirol saio haiek lasaitzeko modu bat zirela esan zidan, oso gustura egiten zituela.

ONDORIOAK:

Lan honen ondorioak ateratzea ez da erraza izan. Lehenik eta behin hasierako interesak aldatzen joan zirelako. Beraz, bi ondorio mota atera ditut. Batzuk hasieran lana egitera bultzatu zidaten arrazoiekin lotuak, hau da, kirolak pertsonongan hartu duen indarraren alde txarrekin lotuak. Beste ondorioak, aldiz, lana aurrera zihoala sortutako kezken ingurukoak izan dira, hots, emakumezko eta gizonezko kopuruaren arteko desberdintasuna.

Arestian aipatu bezala, gaur egun kirola osasuntsu izatetik, kasu batzuetan kaltegarri izatera igaro izanaren hipotesia zebilen ene buruan. Ikerketa amaitu ostean, esan dezaket ez dudala lortu neukan kezkari erantzunik ematea, edo agian erantzunik ez emate horrek nik planteatutako kezka deuseztatzen du. Nire hipotesiaren arabera, pertsona batzuek kirola egitea gauza askoren gainetik ipintzen zuten, askotan kalte egitera iritsi arte, baina, ikusitakoarekin ezin dut hau baieztatu. Harrigarria iruditu zait oinezkoen nagusitasuna. Korrikalari eta txirrindulari oso gutxi ikusi ditut eta guztiak patxada handian. Gainera, galdeketa egindako pertsonen kasua ere ez da izan nik planteatutakoa.

Baliteke hasieran aurkeztutako arazo egoera hori existitzea baina argi dago ez dela Arditurriko bidegorriaren erabiltzaileen kasua. Beharbada gimnasio edo kiroldegi batean burutu beharko nuke ikerketa hau kezka horri erantzunak emateko. Bestalde, ikerketa Oiartzun bezalako herri lasai batean egin beharrean, hiri handiago batean burutzea egokiago izan liteke, bertan estresa eta autoexigentzia handiago baita.

Hala eta guztiz ere, nahi nituen erantzunak jaso ez izanak ez du esan nahi ikerketak ezertarako balio izan ez duenik, ez horixe. Gaur egun pil-pilean dabilen gai batean murgildu naiz. Emakume eta gizon kopuru arteko diferentzia oso esanguratsua izan da. Hortaz, gogoeta egin ostean bi eratako erantzunak aurkitu dizkiot arazo honi. Lehena, matxismo egoerarena izan da, hau da, emakumeak etxean geratzeko joera handiago daukala bertako lanez arduratuz, gizonari denbora libre gehiago egotziz. Bigarrena, aurrekoarekin kontrajarriz, gizonak denbora librean emakumeak baino kirola praktikatzeko joera handiagoa daukala izan da. Irakurlearen eskuetan utziko dut auzi hau.

Amaitzeko, bidegorriaren erabilerari erreparatuz, erabilera oso handia dela egiaztatu dut. Bidea oso egokia eta polita delako, besteak beste. Erabiltzaile gehienak oro har adin handikoak dira, arratsaldetan adinaren bataz bestekoa nabarmen jaisten delarik. Honez gain, ia denek oinez jarduten dutela eta asteburuetan asko betetzen dela ikusteak ere nire atentzioa piztu du. Honenbestez, erabilera handikoa den arren; maila eta exigentzia handiko kirolak praktikatu ordez, aisialdirako gehiago erabiltzen den esparru bat dela ondorioztatu dut.

 

BIBLIOGRAFIA:

http://www.oarsoaldeaturismoa.eus/es/conoce-oarsoaldea/naturaleza/via-verde-de-arditurri.html

Argazkien link-ak:

1. https://www.bing.com/images/search?view=detailV2&ccid=%2bap4R5ET&id=E0080371D1277ECDDFDAD086BED8649916BC17E1&thid=OIP.-ap4R5ETXdds3r0f-nmV_gEyDM&q=arditurri+bidegorria&simid=607993875912394670&selectedIndex=2&ajaxhist=0

2. https://www.bing.com/images/search?view=detailV2&ccid=newjra%2bO&id=10732CE04E519B30448ACA45C780D59FF976B7DE&thid=OIP.newjra-OcVukDkvihnH7SAD6D9&q=deporte+cansancio&simid=607987330408450835&selectedIndex=26&ajaxhist=0

                                                                                               

                                                                                                  Mattin Kazabon Cousillas

                                                                                                  2017ko Abenduaren 28an.

 

 


Utzi iruzkina: