Alteritatea

antropo..ze? 1507324355617 antropo...ze? | 2017-10-28 12:00

  

Kepa Fernandez de Larrinoaren "Alteritatea" irakurgaia oinarri hartuta, antropologian "besteen" inguruan egindako gogoeten eboluzioaren eta ikergaien bilakaera nabarmenaren lekuko gara, azter dezagun, bada.

Gizakiak, gizakia denetik izan du gizakiari buruz luze eta zabal hitz egiteko eta idazteko joera, hargatik, antropologia norberarekin zerikusirik ez duen gizarte eta kulturak ezagutzean datza, giza portaerari buruzko azalpen orokorrak formulatzen saiatuz (nahiz eta norbere kulturan sakontzeko tresna gisa ere gero eta gehiago erabili ohi den).

Gizakia inoiz ez da asetzen eta konformatzen dakien horrekin eta horrek inguruan duena aztertzera bultzatzen du, ez dakienari buruz galderak eginez edo gertakariei buruzko zergatiak ezagutu asmoz; ildo horretatik sortzen da subjektuaren (ikertzailea) eta objektuaren (ikertua) arteko harremana; nolabait, niaren eta bestearen arteko bereizketa.

XIX.en mende bukaera eta XX.en mendearen hasieratik, hau da, antropologia diziplinaren sorreratik, esparru geografiko eta kultural ez mendebaldarrak eta ez hiritarrak izan ditu ikergai antropologiak: kultura grekolatindarra, Erdi Aro hispano-musulmana eta Ameriketako Indien kolonizazioa, besteak beste. Hala ere, ez da inolaz ere ahaztu behar antropologiak ez duela bilakaera bera izan kontinente bakoitzean, esaterako: Erresuma Batuan gizarte primitiboen azterketan oinarritzen zen eta, aldiz, Amerikako Estatu Batuetan, hizkuntzaren eta gizarte psikologiaren azterketan. Beraz, “beste” hori ezagutzeko kokapenaren zehaztasuna ezinbestekoa da.

Gaur egun, ordea, bereizketa historiko horrekin behin betiko amaitu nahi da, hau da, gizarte antropologia britaniarraren eta kultur antropologia iparramerikarraren artekoarekin. Hargatik, kultura eta gizartea bi esparru ezberdin ez direla defendatzen dutenek azpimarratzen dute, kultura dela gizarte-harremanak sortu eta garatzeko bitartekoa, baita kulturak berak ahalbidetzen dituela gizarte-harremanak ere.

Beraz, gaur egungo antropologiak, gizartearen kontzeptua unibertsala ote den eztabaidatzeaz gain edo kulturaren kontzeptuak interpretazio partekatuko kode bat adierazten ote duen eztabaidatzeaz gain, gizarteen eta kulturen arteko harremanek zein neurritan sortzen, eraikitzen dituzten gizarte-harreman asimetrikoak edo zein neurritan eragiten dituzten herrialdeen eta sexuen arteko mendekotasunezko harremanak argitzea bilatzen du, besteak beste. Baina besteena alde batera utzi eta norberaren egunerokotasuneko gertakariak edo zalantzak ikertzeko geroz eta ohitura handiagoa dago azken urteetan.

Antropologoak zerbait ikertu nahi badu, behar-beharrezkoa du bertara egokitzeko gaitasuna eta ausardia, benetako funtzionamenduaren lekuko izan dadin. Beste kultura batean horrenbesteraino integratzeak, ordea, sarri deseroso sentitzea ekarri dezake.


Argazkiak:

https://www.google.es/search?q=alterity&rlz=1C1CHBD_esES763ES763&source=lnms&tbm=isch&sa=X&ved=0ahUKEwjqt6u82Y7XAhUKsBQKHR9lBy4Q_AUICigB&biw=1366&bih=637#imgrc=SEIynMtYNvOGdM:

https://static1.squarespace.com/static/5449167fe4b078c86b41f810/t/54981e0de4b07cc94e31ee06/1419255479758/


Utzi iruzkina: