ANTIGUAREKIN - Antion ingurunearekiko errespetuzko proiektu baten aldeko hiritarren taldea

antiguarekin 1456130909765 Antiguarekin | 2007-10-17 23:06

Azken urtetan, bai zumarragatarrentzat  bai guregana gerturatzen diren hainbat eta hainbat kanpotarrentzat, beharrezko diren eta gaur egun ez dauden zerbitzuak eskaini ahal izateko, Antioko baselizaren inguruan zerbait egin beharraz aritu da jendea gure herriko kaleetan.

Image Hosted by ImageShack.us

Gaiak, udal gobernuak Antiorentzako proposaturiko proiektuan, maketaren aurkezpen publikoarekin gaurkotasuna lortu du.

Udalaren proiektua ezagutu eta bertan proposatzen dena, ingurunearekin bat ez datorren zerbait dela garbi ikusi ondoren, Zumarragako hainbat hiritar “ANTION INGURUNEAREKIKO ERRESPETUZKO PROIEKTU BATEN ALDEKO HIRITARREN TALDEA” izeneko talde edo plataforman  elkartu gara.

Taldea, udaletxean irailaren 17an eginiko bileran eratu zen eta adin, zaletasun, lanbide eta sentsibilitate ideologiko desberdineko pertsonek eratzen dute,  zumarragatarrentzat hain garrantzitsua den lekuan desegokia eta gehiegizkoa den eraikuntza baten arriskuak batu gaituelarik.

Plataformako kideak baselizaren ingurunea, esanahi berezia duen lekua izateaz gain, zumarragatar askorentzat pasealeku eta zabalkunde edo lasaialdi gune nagusia ere badela garbi daukagu.

Une berean, Antio gaur egun eta etorkizunean are gehiago, Zumarragako elementu turistiko erakargarriena izango denaren ideiarekin bat gatoz, beraz, inguruneko eraikuntza berriek ez lukete inolaz ere bere lehentasuna zapuztu behar.

Guzti honek, bisitaria, interesgarriaz gain erosoa eta abegitsua den espazio batean sentiarazteko, ingurunea zerbitzu berri batzuez hornitu behar izatera garamatza.

Udalak proposaturiko proposaturiko proiektuaren arabera, eraikuntza berriak honako instalakuntza hauek izango lituzke: bi erakusketa gela, hitzaldi gela bat, bulego bat, denda bat, zaindarientzako etxebizitza bat eta kapazitate handiko jatetxe bat. Eraikuntza honek baseliza beraren altuera eta baita azalera ere gaindituko luke, gure iritziz inolaz ere beharrezkoa ez den eragin bisual kaltegarria sortuz.

Hortaz gainera, eraikuntzaren gune desberdinak definitzen diren atalak aztertzerakoan, udalak proposaturiko proiektuan honako hau irakur daiteke:

“Bi zatitan banatu ahal den jantoki zabala. Ezkontza bazkariak instalakuntzaren helburu nagusi bat dira(...)”

Antiorekin plataformako kideek, leku honetako elementu nagusia den baselizari lehentasuna kendu gabe, ingurunean  espazio eta zerbitzu berriak sortzea posible dela uste dugu. Ondorioz, gure proposamenak ingurunean integratua dagoen eraikuntza proposatzen du.

Honako zerbitzu hauek osatuko lukete:

  • 50-70 bazkari edo afari emateko lekua duen Taberna
  • Komunak.
  • 40 pertsonarentzako audiobisualen gela duen Interpretazio zentrua
  • Erakusketa gela.
  • Oroigarrien denda.

Inguruarekiko eragin erabat desberdina duten interpretazio zentruen artean  aukeratzeko unea iritsi da, gure iritzia emateko unea. Antioko baseliza errespetatzen duen proposamena edo eta honen lehentasuna zapaltzen duen kokapen desegoki eta neurriz kanpoko tamainako proiektua, ez dira gauza bera.


Utzi iruzkina: