Antiguari bai; makroproiektuari ez

antiguarekin 1456130909765 Antiguarekin | 2007-10-05 18:21

Antiguarekin izeneko plataforma, jatorri desberdinetako lagunek osatutako kolektiboa da, eta bere helburua honako hauxe da: Zumarragako Gobernu Taldeak gure Antigua ermita ezagunaren ondoan eraiki nahi den makroeraikinaren proiektua berriz aztertu eta berau orain diseinatuta dagoen araberako proiektua baztertu dezan, proiektua bera gure Antigua enblematiko eta maitearen ondoan erabat desegokia eta neurriz gainekoa delako uste dugulako, eta bertan eraiki nahi denak ermitaren ingurua eta esanahia errespetatu ditzan lortu.

Gobernu taldeak aurreikusitako proiektuaren araberako eraikinak, estetika kontuetan sartu gabe,  ermita bera baino handiago litzatekeen neurria izango luke, eta ermita bera bigarren edo hirugarren planoan utziko luke eraikia izanez gero. Gobernu taldeak aurreikusitako eraikinaren altxatzea Antiguaren inguruan egindako inbasio nabaria da eta Antiguako zelaian protagonista hutsa bihurtzeko joera du. Antiguako ermitarekin lehiatzen den eraikina da, ez du ermita bera osatzen. Udalak lehenago idatzitako proiektuaren idatzi batean espresuki zera adierazten zen: “Ezkontzekin lotutako banketeak eraikinaren helburu nagusietako bat dira”. Hauxe al da Antiguarako nahi duguna? Ezkontza banketeen otorduak emango lituzkeen makroeraikin bat, Belokiko hegia eta zelaia erabat hankaz gora jarriko lituzkeena?

Zumarragako Udalak bultzatu nahi duen proiektuaren beste zenbait ezaugarri ere arriskutsuak direlakoan gaude: eraikinak 1.685,97 m2-ko azalera izango duela aurreikusten da, arau subsidiarioen arabera, eraikitako azalera osoa 1.500 m2-tik goragokoa ezin denean izan. Hauxe bera (1500 m2) gehiegikeria dela iruditzen bazaigu, Zumarragako Udalaren proiektuak arauak bete ez eta eraikin handiagoa altxatu nahi duenean.  Proiektuak berak arau subsidiarioak beste zenbait ezaugarritan ere hausten ditu. Izan ere arau subsidiarioek gainera, zera diote, eraikiko dena ez dela: "kuantitatiboki garrantzitsu den zerbitzua izango, baizik eta kalitate handikoa, ingurune monumentalean eta paisaian BETE-BETEAN integratuko dena”.  Nabaria da hauxe ez dela inolaz ere betetzen proiektu honetan. Udalak aurrera eraman nahi duen proiektuan, eraiki nahi duen makro-eraikin berriaren Antigua ermitarekiko integrazioari buruzko erreferentziak garrantzi gabekoak dira. Proiektuaren indarra jatetxea eta ostalaritza-zerbitzuak nola erabiliko diren azalpenak eta xehetasunak ematean datza, baita erabilera horietarako beharrezko diren eraikuntzak ere nola erabiliko direnetan.

Eraikinak  beheko solairua, tarteko solairua, erdiko solairua, terraza eta gorago eraikitako solairu bat izango lituzkeela azpimarratu beharra dago. Goien kokaturiko solairua izango litzateke ingurumenean kalte handiegirik sortuko lukeena, bertan doazelako ostalaritzari dagozkion zerbitzuak. Gainera erabiliko liratekeen materialak, Udalak idatzitako txostena jarraituz, noski, “agerian utzitako hormigoia, txapa metalikoa -seguruenik zinkez egina- beira eta zinkez metalizatutako altzairua, edo beltzez margotua" izango lirateke. Hauxe al da Antiguak behar duena? 20 metro baino gehiagoko altuera, eta 1700 m2-ko azalera estaltzen duen hormigoiez eta txapa metalikoz egindako eraikin handia, jatetxea, kafetegia, erakusgela iraunkorra, zaindarien etxebizitza, makinaria-gelak… dituena? Guk plataforman, halako eraikina ez dela beharrezko uste dugu, eta herriaren iritzi orokorra halako proiektuaren kontrakoa delakoan gaude, halaxe frogatzen baitute orain arte jaso izan ditugun ehunka sinadura horiek eta dendetan, tabernetan eta kalean entzuten diren etengabeko esamesek ere.

Plataforma honetatik, Zumarragako Udalak bere makro-proiektua berriz aztertu eta berau ez eraikitzeko erabakia hartu dezan lan egingo dugu, eta arrazoizko proiektu bat prestatu dezan eskatu, hori BAI, herri honetako biztanle gehienen beharrei erantzuna emango duena eta Antigua eta bere ingurua errespetatuko dituena, zumarragar guztiok Antiguako ingurua gogo-gogokoa dugulako. Ekintzetan parte hartzeko momentua iritsi da eta Antiguarako prestatu diren bi ereduen artean aukeratu behar da, bata guk proposatzen duguna, Antigua eta bere ingurua egoki errespetatzen dituena. Bigarrena ordea, zoritxarrez Antigua betiko desitxuratuko duen proiektua duena.

Denon artean dugu emateko hitza.


Utzi iruzkina: