Cristobal Cobo:
Teknologia berriak eta egungo hezkuntzaren joeren inguruko gogoeta interesgarria egiten du Cristobal Cobok irakurgai honetan. Teknologia berrien inguruan hezkuntzaren esparruan egun dauden usteak, balorazioak eta joerak azaldu eta zentzu batean kritika egiten die monografiko honetan. Artikulu interesgarria iruditu zait, informazioaren gizartean murgildu gara, baina fenomeno horren inguruan gehiegi hausnartu gabe, eta garai horiek etorri direlako ezinbestean horietara egokitzen joan izan gara. Baina zuzen betetzen ari ote gara egokitze fase hori? Sakon hausnartu al dugu teknologia berrietara egin dugun jauzia? Ala, besterik gabe, baliabide teknologiko berriak erabiltzen hasi gara hezkuntzan, eskolaren funtzio sozialak eta betierekoetan gehiegi erreparatu gabe?
Coboren arabera, teknologia berriek sortzen dituzten eraginak ez dira esperotakoak: “Euskarri digitalek, balio dute, baina ez espero zenerako”. Izan ere, autoreak dioenez, apustu sendoa egin da hezkuntzan teknologia berriak indartsu sartzeko, eta garrantzia berezia eman zaio gai zehatz baten inguruan jakintza zehatza, arrazionala eta efizientea duten pertsonei. Beste hainbat faktoreri, aldiz, sormena, arte edota diziplina desberdinetara egokitzeko garaian gabezia handiak daude. Zentzu horretan, kontuan hartu beharreko lehendabiziko aspektua da teknologia berriak erabiltzeak bere horretan ez dituela ekarriko subjektu sortzaileagoak, ingelesa hobeto ikasiko dutenak etab. Bere ustez, jakintzak transmititzeko, modu berriei heldu beharko genieke, diziplina desberdinak konbinatzeko modu berriei, eta zubi berriak eraiki beharko genituzke, hezkuntzatik eta hezkuntzarako. Eta era berean, eguneroko bizitzari lotuago egongo zen informatika batetara jauzi egin behingoz.
Egoera horren aurrean alternatibak proposatzen ditu autoreak. Alde batetik, ordenadoreak ikasgelatik kanpora ateratzeko gomendioa luzatu die irakasleei. Era berean, euskarri digital desberdinak erabiltzea proposatzen du; horrekin, espazio eta egoera desberdinetara egokitzen ikasi ahalko dute ikasleek. Bestaldetik, ekintzailetasuna bultzatzea garrantzitsua da Coborentzat; “ez soilik enpresa txiki edo ertain bat zuzentzeko, baita gizarte eragile talde bat, edota berrikuntzarako proiektu bat zuzentzeko ere”.
Autore honen ustez, atentzio berezia jarri behar dugu “hezkuntza ikusezin” horretan. Alegia, oso garrantzitsua izango da jakintza teorikoak, balore eta eguneroko bizitzan gertatzen zaizkigun testuinguruko konpetentziekin konbinatzea. Garrantzitsua izango da ikaslearentzat ikasgelatik ateratzea, esperientzia profesional bat izatea, eta ulertzen ez dituen kanonen aurrean agertzea. Eta ez dadila ebaluatu datuak errepikatzeko duen gaitasunarengatik, egoera berrietara egokitzeko duen gaitasunarengatik baizik.
Egungo hezkuntza sistemari egiten dion beste kritika bat aplikatzen diren mekanismo hertsian oinarritzen du Cristobal Cobok. Praktikaren eta ariketa-akats mekanismoen behaketak eta jarraipenak garrantzia berezia dute autore honentzat: “Guztiok ikasi dugu akatsak egitea funtsezkoa dela ikasi ahal izateko, egin ahal izateko eta zerbait deskubritzeko”.
Laburbilduz, teknologiak zerbait magikoa balira bezala ikusteari utzi behar diogu eta neurri batean bazterrean utzi ditugun hainbat faktore kontuan hartzen hasi behar dugu autore honen arabera. Faktore horien artean aipatzen ditu gizartearen eta informazioaren berrikuntza, besteak beste. Hori lortzen dugunean aterako gara kiribil honetatik, Cristobal Coboren arabera.
Artikulu interesgarria egin zait Coborena. Egungo jendartearen gabeziak azaldu dizkigu eta neuri ere zentzu batean beharrezkoak ditugun norabide berriak aurkitu ezinda aurkitzen garela iruditzen zait. Monografiko honetan erantzun guztiak ematen ez badizkigu ere, autore honek kritika sakon eta erreala egiten dio nire ustez egungo teknologia berriak eta hezkuntzaren munduari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: