Erabateko bigilantziaren teknologiarantz?
Alfontso mtz. lizarduikoa
Ingeniaritzan doktorea eta Filosofoa
Nanoteknologia osagai atomikoen gain diseinaturiko materialen teknologia da. Beraz, mikromunduaren teknologia dugu. Bere garapenean Fisikak eragin handia izan du, baina azkeneko urteetan bioteknologiarekin batera elkartzen hasia dago, materia bizidunaren manipulazio atomikoa lortu arte. Aurreko ikerkuntza lerroak gehien jorratu dituztenak AEB, Japonia eta Europar Batasuna dira, eta azkenekoaren barnean Alemania eta Frantzia, batez ere. Nanoteknologiaren ikerkuntzari aurrekotasuna ematerakoan planetako hiru gune aberatsenak agertzea ez da kasualitatea, une honetan mundu-hegemonia lortzeko kapitalisten arteko borroka latzaren isla baino. Borroka horretan nagusitasun teknologikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da, eta irekitako fronte berri horri (nanoteknologiarenari) «elkarkidetzako zientzien garapen militar» izena ipini zaio, etiketa horren azpian ia-ia estatu terrorismoa diren ikerketarako lerroak garatzen ari direla.
Nanoteknologiaren eremu aurreratuenetako bat nanorrobotena (makineria mikroskopioarena) da. Nanorrobotak energiaren oso kontsumo txikia duten motorrez horniturik daude eta materiarekin elkarreraginean ibil litezke epe motzean. Eta epe ez oso luzean, nonbait, beren burua errepika lezakete, bizidunek egiten dugun moduan. Ikertzaileen eritziz, bi hamarkadatan, nanorrobot horiek giza gorputzaren organoekin elkarreraginean egon litezke jadanik, garuna barne.Izugarri boteretsu eta beldurgarria den teknologia horren apologistak aplikazio zibilen abantailez etengabe ari dira: robot adimentsu horiek, gure anatomian txertatu ondoren, bihotzekoa gertatu baino lehen abisua emango ziguten; gaixotasun bat hartzeko arriskuan egonik, egoera gainditzeko hartu beharko genituzkeen erabakiak aginduko lituzke; auto-ilara batean egonik nondik hartu bidea eta aparkatzeko erarik errazenaz berri emango ligukete... Baina, egunean, aplikazio eta garapen garrantzitsuenak eremu militarrean gertatzen ari direla inork ez du zalantzan jartzen. AEBeko Defentsarako Departamentuak bere aurrekontuaren zati handi bat nanoteknologia ikertzeko eman berri du.Helburua honako hau da: armamentu arinago eta tiro-gaitasun handiagokoa lortu; autozuzenduriko balak garatu eta etsaia ikusi hain bezain laster itua segurtatzeko gai diren mekanismoak garatu; espioigintzarako eta erailketa selektiboak nahiz masiboak eragiteko sistemak garatu.Ikerketa-lerro berberan, gizakiek arnas ditzaketen bionanorrobotak garatzen ari dira. Arnasketa gertatu ondoren, aurretik programaturiko nanorrobotek gizakiaren kode genetikoa bilatuko lukete eta, kodea ondatuz, hartzailearengan itzulezinezko kalteak eragingo lituzkete.Baina, arrazionalitate militarrak ez du atsedenik hartzen eta orain marka guztiak hautsi nahi ditu «hauts adimentsua» deritzon azkeneko asmaketa sortuz. Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek, Pentagonoaren finantzaketarekin, sentsore adimentsu bat sortu dute. Horrek milimetro kubiko bolumena du (ondar ale tamainakoa) eta bere barnean baditu energia baxuko hartzaile bat, transformadore bat, kontrolatzaile bat eta igorle bat, hori guztia eguzki-zelula talde batek zuzendurik. Militarren gogoa da urrutiko kontrolez eraginiko hegazkinak gerra-frontetik harantzago bidaltzea eta han sakabanatu nanorroboten hodeiak. Nanorrobot txiki horiek nonahi pausatuko lirateke eta handik edozein motatako informazioa bidaliko lukete (geografikoa, armategiena, tropa mugimenduena...). Eta asmaketa teknologiko ero horri beste bira eman diote eta, orain, nanorrobotei hegoak jarri nahi dizkiete ituak bere kabuz bila ditzaten, erlakume hegalariak bailiran.CIA eta Segurtasunerako Nazio Agentzia oso pozik omen daude egungo neoliberalismoak, fase historiko honetan, zientzian (eta bere aplikazio teknologiko zuzenetan) duen aliatu estrategikoarekin. Dirudienez, martxan omen dago estrategia berri bat herritar guztiak «hauts adimentsu» horrekin kutsatuak izateko. Hori lortuz gero, beren mugimendu guztiak kontrolatzeko aukera izango zuten, beren elkarrizketa guztiak grabatu eta «denbora errealean» beste pertsonekin izandako harremanak filmatu ere. Herritarrek antzematerik izango ez zuten «hauts adimemtsua» nonahi eta noiznahi egongo zen, ia dena «sentituz». Erabateko bigilantziarako teknologia lortua izango zuten orduan. Erabateko Anaia Handia.Gaur egun, demokraziaren defentsaren izenean eta Lehenengo Munduko guztiz alienaturiko populazio gehiengoaren onespen inplizitoarekin (eta ezker politikoa koma-egoeran dagoela), planetako aginte ekonomiko-militarra gizarte zibila menperatze-egoera (fisikoa nahiz intelektuala) sinitsezinera (Orwell eta Huxley pentsalariek inoiz amesterik izango ez zutenera) zuzentzen ari da. Zer egin, gurekin kontatu gabe hartutako erabaki teknologiko-militar hauen aurrean? Zerbait egin daiteke: irakurri, pentsatu, hedatu informazioa eta gero eztabaidak sortu. Antidemokratikoki eta era bortitzenean inposatu zaigun aurrerakuntza (kasu honetan nanorrobotika eta bere aplizaio militarrak) nahitaez debatitu behar dugu. Neokapitalismo globalaren gestio-medioek zeharo sartu diguten aurrerakuntzaren kontzeptua arrazionalizatu eta erlatibizatu behar dugu. Horrekin, nonbait, orain zientzia eta teknologiari buruz dugun kontzeptu instrumentalista (ontasun teknologikoaren mitoa), bizitza pentsatzeko eta gizartea eraikitzeko guztiz mugatzen gaituena, gainditzeko eta herriaren interesen arabera bideratzeko gai izango gara. Eztabaida hori (bere ondorio guztiekin) burutzen ez bada ontasun teknologikoaren mitoak gure planetako bizitza eta giza-askatasuna akatu ditzake. Teknologikoki berria den guztia ez du derrigorrez gehiengoaren askatasunarekin konpatiblea izan behar, eta ez digu derrigorrez bizi-kalitate hoberik emango.
-----------------------------------------------------------------------------------
Oraintxe irakurri berri dut artikulu hau, Borthuzairen blogetik ataratako beste batzuen artean. Irakurtzen nengoela hitzikara bat sartu zait, eta George Orwellen 1984 liburuko pertsonai baten antzera sentitu naiz... hain da beldurgarria! Guztiz ikaratuta eta penatuta utzi nau gaiak, benetan, sinestezina da...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: