Heldu euskarari neuronetatik!!!

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-03-29 23:09

Hurbil dago AEK euskaltegiak antolatzen duen korrikaren amaiera, hurbil dago Iruñea, pare bat egun gehiago korrika egin eta listo, jaia! Polita da korrika, hunkigarria da testigua eramaten duen ume, agure edo kirolaria bere erritmoan ikustea, hunkigarria nola jarraitzen duten atzekoek erritmo hori. Polita da ere ibilaldia, euskararen nazioarteko eguna, araba euskaraz, herri urrats... politak dira bai. Bertara goaz, sagardo botila pare bat edan eta pozik, gure beharra bete dugulakoan, soilik bertan azaltzeagatik. Nola ez gara agertuko kriston giroa baldin badago?

Gaur, irakasle batek erraztuta, Pako Aristik eukarari buruz azaroan idatzitako artikulu bat irakurri dut. Expresio polita erabili zuen: "Euskarari «maite zaitut!» esaten gabiltza hamarkada askoan, baina eskua sartu ere egin beharko diogu ba! Larrua ere jo beharko diogu ba!" Arrazoi osoa! Euskalduna naiz eta harro nago, euskaraz eta kitto, euskaraz bizi... gure ahotan esaldi hutsak bihurtzen dira, izan ere, bukatutakoan erdarara jo ohi dugu.

Nire hizkuntza, momentu honetan eta tristea bada ere, gaztelania da. Nire txipa erdalduna da eta euskalduntzea lortzen dudan arte ni ere halakoa izango naiz. Buruan dago dena. Lehen aipatutako jaialdiak, primeran daude, jendea joatera animatu egiten da, kontzientzia pixkat behintzat piztua dago, eta ezin zaio meritua kendu beti euskararen alde lanean eta borrokan dabilen jendeari. Baina zenbat urte daramatzagu gai honekin! Ez gara konturatzen, herri eta hiri askotan euskara desagertua dagoela jada. Bai, administrazioan, eskolan, lanean, idatzizko adierazpenetan... oraindik agertzen da, baina gure buruan ez dago, are gutxiago gure ahoan.

Ez dakit zein den konponbidea. Kontzientzia euskalduna dugun guztiok, euskararen egoeraz jabetzen garenok, gure ohiturak aldatu beharko ditugu. Berdin du zenbat jai eta ekitalditara joan garen, han ere gazteleraz mintzatu bagara. Berdin da noraino heldu garen aurten korrikan, euskaraz ehun metro ibiltzeko gai ez bagara. Esnatu behar dugu aspaldi lo dagoen neurona euskaltzalea, eskatu behar diogu bera izan dadin garaile erdaldunaren gainetik. Egin dezagun esfortzua, ja esfortzua dela esatea ere tristea egiten zait eta...


Utzi iruzkina: