Gogamena-garuna auzia
Posible al da semantika sintaxitik eratortzea?
Lan honen xedea ez da ondorio argi eta zehatz batera heltzea, baizik eta, gogamena-garuna auzia deritzona ahalik eta era sinpleenean jorratzea, eta era horretan agertzen joango diren auzi berriei heltzea. Horretarako sinpletasunaren paradigma erabiliko dut, hots, Occamen labanaren metodoa, zeinaren arabera, baldintza berberetan, azalpenik sinpleena izan ohi den probableena.
Ildo honi jarraiki, hel diezaiogun funtsezko arazoari, gogamenaren eta garunaren arteko banaketari hain zuzen. Berau ez da tradizio metafisiko handi baten aztarna baizik. Ezjakintasunetik ihes egin nahian, azalpenak fisikatik haratago bilatzeko joeraren ondorioa. Baina, “plurality should not be assumed without necessity” (Ordinatio I, d. 30, q. 2 in Opera Theologica iv, 322) maximari jarraituz, ez dago inolako arrazoirik pentsatzeko, psike, arima nahiz gogamen deitu dugun hori badagoenik. Oso zabaldua egon da, eta oraindik dago maila baxuagoan bada ere, egun prozesu mental deritzogunak bihotzean gertatzen zirelako ustea. Ordea, jada aski ezaguna da zientziarentzat bihotzak gorputzean betetzen duen funtzioa, eta ez du ematen posible denik arimari esleitzen genizkion ezaugarriak bertan ematea. Litekeena da, beraz, prozesu mentalak garunean gertatzea.
Badago baina, baieztapen honekin batera planteatzen zaigun beste arazo bat. Ez litzateke arraroa izango pentsatzea garunak norbanako baten moduan jarduten duela, hau da, kanpotik datorkion informazioa zein barruan gordeta dagoena ulertuz, baloratuz, eta egokiak diren erantzun posibleen artean bat aukeratuz. Azken finean, hori da, a priori, guk egiten duguna. Baina geure ingurura begiratzen badugu, eboluzioaren emaitzak aztertzen baditugu, konturatuko gara Searlek motore semantiko gisa proposatzen duen garuna ez dela batere probablea, ez baitago hori pentsatzera garamatzan ebidentziarik. Badirudi Searleren ustez garunaren izaera biologikoa nahikoa dela berau motore semantiko gisa hartzeko (Searle, 1984: 2. kapitulua, "¿Pueden los computadores pensar?"). Ordea, ez dirudi karbonoak esanahia izan dadin silizioak baino oinarri hobeak finkatzen dituenik. Badaude, aitzitik, naturan, kontrakoa pentsatzera garamatzaten arrazoiak.
Adibide garbia da Sphex liztorraren jokabidea. Intsektu honek, arraultzak erruteko garaian tumulua eraikitzen du horretarako, kilkerren baten bila irteten da eta eztenkada batez geldiarazi egiten du berau bizirik mantenduz. Kilkerra tumuluaren sarreran uzten du, barrura sartzen da dena ondo dagoela frogatzeko, eta orduan soilik sartu egiten du kilkerra tumulu barruan. Baina sarreran utzitako kilkerra norbaitek zentimetro batzuk mugitzen badu, liztorrak berriro ere prozedura berdina jarraituko du etengabe (Dennett, 1984: 23-24 orr.). Adibide honen bidez ondoriozta daiteke hasiera batean inteligentziarekin identifikatu ohi den jokabide bat soilik programatua gerta daitekeela, inolako esanahirik gabea. Biologiak ez dauka, beraz, antza denez, semantikarekin lotura beharrezkorik. Eta ondorioz, ez dago arrazoirik pentsatzeko, garunak, etengabe prozesatzen ari den informazioa ulertzen duenik. Berriro ere, azalpenik sinpleena eta, beraz, probableena, garuna motore konputazional gisa agertzen duena da. Esan dezagun garunaren funtzionamendua ordenagailu baten modukoa dela, baina askoz konplexuagoa.
Zalantzarik gabe hipotesi honek jarraitzen du puzzlea guztiz osatu gabe, galdera berriak plazaratzen. Alegia, garunak gaitasun semantikorik ez badu, nolatan uler ditzakegu guk gauzak? Edo, hain urrun joan beharrik gabe ere, garunak gaitasun semantikorik ez badu nola egiten du zentzuen bidez jasotzen ditugun estimuluen itzulpena? Zer gertatzen da garunean informazioaren kodifikatze prozesu horretan?
Searleren arabera, “sintaxia, bera bakarrik, ez da semantikarako nahikoa” (Searle, 1984: 40. orr.), baina badago semantika guk ezagut dezakeguna baino konplexuagoa den sintaxi hutsa izatea. Kaosa deitzen dugun hori, ez da, zehazki, kaosa, baizik eta geuk -baita konputagailuek ere- maneiatzen ditugun algoritmoen bidez asma ezineko ordenean antolatzen den gertakizun multzoa. Era berean ez al litzateke posible sintaxi oso konplexu batek, zeinak geure ulermen ahalmenetatik ihes egiten duen, esanahia sortzeko gaitasuna izatea?
2007. urtean, Adrian Thompsonek, siliziozko hastapenetako salda batetik abiatuta eta eboluzio genetikoaren algoritmoak aplikatuz, bakarrik eboluzionatu duen eta nola dabilen ere ez dakien sistema garatzea lortu zuen. Sistema honek “Go” eta “Stop” hitzen artean ezberdintzen eta erreakzionatzen ikasi du, hau da, horretarako pogramatua izan gabe esanahidun hitzen aurrean erantzun egokia ematea lortu du bere eboluzioaren ondorioz (New Scientist, vol.156, no.2.108: 30-35. orr.). Onartzen badugu silizioz osatutako konputagailuak sistema formalak baino ez direla, aipaturiko sistemaren gaitasun semantikoa sitaxitik eeratorria izan behar du nahita nahi ez. Ondorioz esan genezake, garunera heltzen zaigun informazio badagoela kodifikatuta, hots, forma sitaktikoan iristen dela geure garunera, eta honek, prozesatu baino ez duela egiten.
Bibliografia
- BAKER, A., 2004: “Simplicity” Stanford Encyclopedia of Philosophy, Edward N. Zalta (ed.) [http://plato.stanford.edu/entries/simplicity/]
- BROWER, J., 2005: “Medieval Theories of Relations” Stanford Encyclopedia of Philosophy, Edward N. Zalta (ed.) [http://plato.stanford.edu/entries/relations-medieval/]
- DAVIDSON, C., 1997: “Creatures from primordial silicon”, New Scientist, vol.156, no.2.108, (15 de noviembre de 1997) [http://www.newscientist.com/article/mg15621085.000-creatures-from-primordial-silicon--let-darwinism-loose-in-an-electronics-lab-and-just-watch-what-it-creates-a-lean-mean-machine-that-nobody-understands-clive-davidson-reports.html]
- DENNETT, D., 1984: La libertad de acción, Barcelona, Editorial Gedisa, S.A., 2000.
- SEARLE, J., 1984: Mentes, cerebros y ciencia, Madrid, Ediciones Cátedra, 1985.
- THOMPSON, A.: [http://www.cogs.susx.ac.uk/users/adrianth/ade.html]
Iruzkinak
Utzi iruzkina: