...gaua, argia...
Mila argi gauaren bakardade iluna apurtzen: hiria, jendea, mugimendua.
Zuhaitzen gainetik orroka altxatzen diren mila argi.
Izarrez apaindutako zerua, malkoz zipriztindutako kartulina beltz baten gisan ikustea galerazten didaten argi bihotzgabeak.
Ilargiari barre egiten dioten argi krudelak, beren disdirarekin dena argitzen dutenak.
Gure satelite amultsuaren indar zuri hori, ezereza bailitzan uzten dutenak.
Eta ilargia, depresioan sartu da haien erruz.
Askotan lotsatu egiten da eta ez du hodeien artean aurkitutako ezkutalekutik gehiago irten nahi.
Batzuetan baina, adorez janzten da eta denon aurrean bere osotasunean agertu, zuri, borobil.
Orduan ere ez dira ixiltzen kaleko farola eta etxeetako lanparak, ez baitakite galtzen.
Hala ere, ongi aski dakigu zerura begiratzen dugun guztiok, zein diren gauaren lagunak, benetan ixiltasun bakarti horri xarma ematen diotenak... ilargia, izarrak...
Haiek dira, eta ez beste inor, gizakiak bere buruaren gainera begiratzen hasi zenetik bertan egon diren bakarrak.
Argi artifizial horiek ume gaiztoak baino ez dira, eta ez dakit zenbat botere biltzen duen gaueko unibertsoak.
Izarrek, hamaika lekutan egin diote uko argitxoekin lehiatzeari, ikusiak izateko borrokan jarraitzeari. Baina ilargiak, eguzkiaren laguntzaz, ez du etsitzen, ez.
Gaur, ordea, ez da inondik ageri. Triste ibiliko da ziur asko, gezurrezko argirik gabeko lurralderen batean galduta, Saharan, adibidez.
Izarrekin batera antolatutako jai baketsu batean, bertatik pasatzen diren nomada horien begiak laztantzen, haien gorputzei lasaitasuna igortzen. Maitatzen.
Bihar ilargia berriz ikusteko itxaropena dut. Begietara so egin diezaiokedala sentitzen dut, burua gorantz okertu eta hipnotizaturik gelditzen naiz, lokartu dadin abesten dioten haurra bezala...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: