BuRbUiLa BaTeAn
Gaur, burbuila batean sentitzen naiz. Ez nuke ziurrenik inoiz sentsazio hau ondo azaltzen asmatuko, zaila da adieraztea. Egun batzuk independienteak balira bezala nabari ohi ditut, gainerakoekin inolako loturarik ez balute bezala. Gaur egun horietako bat da. Mundutik at banengo bezala, nire bizitza bakardadeak hartua izan bailitzan.
Ez dira sentipen bereziki txarrak, ezta onak ere... ez dakit, arraro sentitzen naiz eta ez dakit zergatik. Egia esan, bada atsegina, lasaitasuna gailentzen baita horrelako egunetan, oreka, uretan hildakoarena egiten duenaren sentsazio bera.
Gaur ez dut pentsatzen, soilik egon. Gaur ez dut hitz egiten, soilik entzun eta begiratu. Itxoiten, zerbait itxoiten nagoela dirudi, inoiz helduko ez den zerbait itxaoiten. Baina ez dut nabari espero behar izatearen ezinegona eta urduritasuna. Agian barneak hartu dit burua, arrazoia estali didate emozioek, eta gorputzari bihotzak nahi duena sentitzen utzi diot, nahi gabe. Sentimendu, kezka eta barne arazoen talka gertatzen ari delako susmoa dut, baina ez nago triste, ez bereziki.
Nire benetako nia ateratzen ari ote zait? Ez dakit, seguruenik biharko pasatuko zait, orain, lasai geldituko naiz, iragandako orduetan bezala, sentituz, pentsatu gabe, bare bare.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: