Ardoaren garrantzia
"Egun berria jaio da eta eguzkiak igorritako izpiek esnatzera behartzen naute, kaka zaharra. Ez dut nahi, lotan jarraitu nahi dut betiko, ametsetan, horixe da eguneko unerik zoriontsuena.
Kostata, pixkanaka, gogoz kontra ia, begi bat ireki dut, ingurua ikusi eta segituan itxi dut berriro... nazkagarria! Leku nazkagarria, bizitza nazkagarria... eta ni, denetan nazkagarriena! Zertarako esnatu? Zertarako begiratu hau guztia eta zertarako ohartu? Zergatik jarraitu aurrera? Egia esan ez dakit, baina egunero egiten dudana da, eta beraz, gaur ere berdin.
Kolpe batez jesarri naiz. A ze zorabioa... paisaia gorrotagarri honek bueltak ematea erabaki du beste behin, atzo bezala, bihar bezala. Agian neure burua da bueltaka dabilena, bah, ze axola du horrek. Ondoan daukadan ardo kartoia eutsi dut bi eskuekin eta astindu egin dut zerbait geldituko zen itxaropenez... zahar gaixoa, zuk edan zenuen atzo oso-osorik, zer geldituko zen baina? Puaj, nazkagarria!
Zutunik jarrita ezin dut oreka mantendu, uste dut odolaren ordez alkohola daukadala zainetan, nirekin maitemindu bailitzan... ala ni berarekin? Batek daki. Hara! Badirudi gaur gauean pena eman diodala norbaiti, metalezko diru sobrak bota dizkidate. Guztira euro bat eta hogeita hiru zentimo zenbatu ditut. Gorroto dut kontzientzia garbitzeko bere txatarra eskaleei botatzen dien jendea; gorroto ditut limosnak, eta konpasioa; gorroto dut pertsona oro nitaz urrikaltzea lurrean lo egiteagatik, mozkortzeagatik... gorroto ditut txanpon zikin hauek ere. Zoritxarrez hauek gabe ezingo nuke ardorik erosi. Printzipioak aspaldi usteldu ziren, nirekin batera...
Txoko kirasdun honetatik alde egitea hobe nuke, arratoiren batek nire okela gustura jango lukeela erabaki aurretik. Gorroto ditut arratoiak ere, beraiek bezalakoa naiz ni... Beharbada hango taberna horretara hurbiltzen banaiz sabela betetzeko zerbait emango didate, kafe bat eta bokadillo bat agian, espero baietz.
Denek begiratzen didate nahigabez, eta batez ere beldurrez. Ez naute ezagutzen, eta hala ere, ezin dute nire presentzia jasan. Ixilik gelditzen dira tabernariak eman didana arineketan irensten dudan bitartean, niri begira haietako bakoitza, mila begi gainean, ni jagoten, erotuko naizen momentuaren zain. Nekatu naiz, banoa hemendik, baboak!
Ardoa erosiko dut 'oparitutako' diruarekin, eman zidanak pentsatuko du eguneko ekintza ona egin zuela, komentzitua egongo da bere etxeko saloian jesarrita, telebista ikusten eta irribarre ergela aurpegian marraztua, JA! Hobe zukeen hil banindu, astakirten horrek... goragalea ematen dit horretan pentsatze hutsak. Egitan, guztiak ematen dit goragalea, nire lagun minena da, beti ondoan daukadan sentsazioa. Inoiz ez nau bakarrik uzten. Ardoak soilik bare dezake goragalea, eta gorrotoa, eta nazka... hiltzeko gogoa eta heriotzari diodan beldurra... mozkortuta nagoenean baino ez dut lortzen hauek guztiak pixka batean uxatu eta ahaztea.
Hasi naiz jada alkoholaren efektuak nabaritzen, logalea sentitzen. begiak ixten ditut, gehiago ez irekitzeko itxaropenarekin. Ziurrenik baina, bihar berriro esnatuko naiz goragalearekin, nazka, gorroto eta zorabioak gorputza hartuta."
Iruzkinak
Utzi iruzkina: