Alderdi Komunistaren Manifestua - Laburpena
Sarrera
Mamu bat dabil Europan zehar: komunismoaren mamua. Europa zaharreko botere guztiak gurutzada santuan elkartu dira mamu honen aurka.
Zein alderdi ez da komunistatzat izendatuz gaitzetsia izan agintaritzan dauden bere etsaien eskutik? Zein oposizioko alderdik ez die, era berean, bai oposizioko ordezkari aurreratuenei, edota bai etsai erreakzionarioenei ere, komunistaren epiteto iraingarria ipini?
Gertakari honetatik irakaspen bikoitza dator:
I.Europako potentzia guztiek komunismoa indar bat bezala onartzen dutela..
II.Komunistek mundu guztiari euren ideiak, helburuak eta tendentziak azaltzeko ordua dela.
Helburu honekin erredaktatzen da honako manifestu hau.
I. Burgesak eta Proletarioak
Orain arteko gizarte guztien historia klase borrokaren historia da, gizon aske eta esklaboak, patrizioak eta plebeioak, jaunak eta morroiak, maisuak eta ofizialak, hitz batean: zapaltzaile eta zapalduek aurrez aurre elkarren aurka egin zuten beti.
Gizarte burges modernoak, gizarte feudalaren hondakinetatik atera denak, ez ditu klase kontraesanak abolitu. Klase zaharrak, zapalketa baldintza zaharrak, borroka modu zaharrak berriago batzuengatik ordezkatu ditu soilik. Gure garaia klaseko kontraesanak sinplifikatu izanagatik bereizten da. Gizarte osoa bereizten ari da, are eta gehiago, bi alde etsaietan, bi klase handitan, zuzenki elkarri aurre egiten diotelarik: burgesia eta proletalgoa.
Burgesiak paper erabat iraultzailea jokatu du historikoki. Boterea konkistatu duen toki orotan, burgesiak erlazio feudalak, patriarkalak, idilikoak suntsitu ditu; gupidarik gabe urratu ditu gizakia bere “gaineko kide naturalekin” lotzen zuten lotura feudalak, interes hotzaz gain gizakien arteko beste loturarik bizirauten ez uzteko. “eskurako ordainketa” krudela; duintasun pertsonala truke balio bilakatu du; eskrituraturiko eta eskuratutako askatasun anitzak merkataritzaren askatasun bakar eta arima gabekoarengatik ordezkatu ditu. Oro har, ilusio erlijiosoek eta politikoek estalitako esplotazioaren lekuan, esplotazio ireki, lotsagabe, zuzen eta ankerra ezarri du.
Ezin daiteke existitu ekoizpen instrumentuak etengabe irauli gabe, eta ondorioz, ekoizpen erlazioak, eta honekin erlazio sozial guztiak irauli gabe. Era berean, bere produktuei geroz eta irteera handiagoa emateko beharrak bultzatuta burgesiak mundu osoa igarotzen du, leku guztietan ezarri eta loturak sortu behar ditu.
Duela hainbat hamarkadetatik, industriaren eta merkataritzaren historia ez da ekoizpen baliabide modernoek oraingo ekoizpen erlazioen aurka eginiko erreboltaren historia baino, burgesiaren existentzia eta bere dominazioa baldintzatzen duten jabetza-erlazioen aurkako errebolta baino. Euren aldizkako itzulerekin, geroz eta modu mehatxagarriagoan, gizarte burges osoaren existentziaren auzia planteatzen duten merkatal krisiak aipatzearekin aski da. Merkatal krisian zehar ez da soilik landutako produktuen zati esanguratsu bat suntsitze, baizik eta sorturik dauden ekoizpen baliabideen beraien zati esanguratsu bat ere bai. Krisi hauetan, aurreko edozein garaitan absurdutzat hartuko zen izurri sozial bat gizarte osora hedatzen da: gainprodukzioaren krisia.
Makinen erabilpenaren ugaritzeak eta lan banaketak berezko izaera guztia kentzen diote langilearen lanari, eta langilearenganako erakarpen osoa galdarazten diote. Hau makinaren apendize soil bat bihurtzen da, eta soilik operazio sinple, monotono eta ikasterrazenak exijitzen zaizkio.
Burgesen arteko lehia hazkorraren eta honek eragiten dituen merkatal krisien emaitza gisa, , soldatak geroz eta gorabeheratsuagoak dira; makineriaren hobekuntza etengabeak eta azkarrak langilea egoera are prekarioagoan ipintzen du. Langile indibidualaren eta burges indibidualaren arteko kolisioek bi klaseren arteko kolisioen izaera hartzen dute gero eta gehiago. Langileak koalizioak eratzen hasten dira burgesen aurka eta euren soldaten defentsarako batera jokatzen dute. Elkarte iraunkorrak sortzeraino iristen dira beharrezko baliabideak segurtatzeko, noizbehinkako talka hauen aurrean neurriak hartuz. Hemen eta han borrokak altxamendu bezala egiten du eztanda. Batzuetan langileek garaitzen dute; baina garaipen iragankor bat da. Beraien borroken benetako emaitza ez da berehalako arrakasta, geroz eta zabalagoa den langileen arteko batasuna baizik.
Klase borroka bere amaierara iristen ari den momentutan, klase agintariaren desintegrazio prozesuak, gizarte zahar osoarenak, hain izaera biolento eta zorrotza hartzen du ezen klase horren zati txiki batek berataz arnegatzen duela eta klase iraultzailera gehitzen dela, etorkizuna bere eskuetan duen klasera. Eta lehen nobleziaren zati bat burgesiara igaro zen bezala, gure egunetan burgesiaren zati bat proletalgora igarotzen da, bereziki mugimendu historikoaren osotasunaren ulerkuntza teorikora iritsi diren burges ideologoen sektorea. Gaur burgesiarekin aurrez aurre dauden klase guztietatik proletalgoa da egiazki klase iraultzailea dena. Beste klaseak degeneratuz doaz eta desagertu egiten dira industria handiaren garapenarekin; proletalgoa, ordea, bere produktu apartekoena da.
Iraganean agintari bilakatzea lortu zuten klase guztiak lortu berri zuten egoera finkatzen saiatu ziren gizarte osoa euren jabekuntza moduaren baldintzetara azpiratuz. Proletarioek ezin dituzte ekoizpen baliabide sozialak deuseztatu indarrean dagoen jabetze modua deuseztatzen ez badute, eta beraz, gaur egun arteko jabetze modu guztiak abolitu gabe. Ez dute ezer babesteko; jabetza pribatu existentea orain arte bermatu eta segurtatu duen guztia suntsitu behar dute.
Orain arteko mugimendu guztiak gutxiengoek eginak edo gutxiengoen mesedean eginak izan dira. Mugimendu proletarioa gehiengo handiaren mugimendu propioa da gehiengo handiaren mesedetan. Proletalgoa, oraingo gizartearen kapa beherengoena, ezin da altxa, ezin da zutik ipini gizarte ofizialeko kapek eratutako superestruktura guztia erauzi gabe.
Bere formagatik, eta ez bere edukiagatik, burgesiaren aurkako proletalgoaren borroka hasieran borroka nazionala da. Naturala da herrialde bakoitzeko proletalgoak lehen lekuan bere burgesia propioarekin amaitu behar izatea.
Klase burgesaren existentzia eta agintearen oinarrizko baldintzak aberastasuna esku partikularretan pilatzea, kapitalaren sorkuntza eta hazkuntza dira. Kapitalaren existentziaren baldintza soldatapeko lana da. Soldatapeko lana langileen arteko konpetentziaren gainean sostengatzen da soilik. Industriaren garapenak konpetentziatik datorren langileen isolamendua ordezkatzen du elkarketa bidezko batasun iraultzailea sortuz, burgesia prozesu honi aurre egin ezin dion agente inboluntarioa delarik. Honela, industria handiaren garapenak burgesiaren oinpean aurkitzen diren ekoizte eta ekoitzitakoaren jabetze oinarriak zulatu ditu. Bere hondorapena eta proletalgoaren garaipena ekidin ezinak dira.
II. Proletarioak eta Komunistak
Zein erlazio dute komunistek proletarioekin orokorrean?
Komunistek ez dute alderdi berezitu bat osatzen, beste langile alderdiei kontrajarria. Ez dute proletalgoaren interes orokorretatik bereizten den interes propiorik. Ez dute langileen mugimendua beraiek nahi luketen printzipio berezi batzuetara modelatzeko printzipiorik aldarrikatzen. Komunistak langile klasearen beste alderdietatik bereizten dituena zera da, batetik, proletarioen borroka nazional ezberdinetan, behin eta berriz lehen lekuan proletalgo osoaren interes komunak jartzen dituztela, beraien nazionalitatea edozein dela ere; eta bestetik, proletalgoaren eta burgesiaren arteko borrokak igaro behar dituen garapen fase ezberdinetan, beti eta edonon mugimenduak osotasunean dituen interesak ordezkatzen dituztela. Ekintzaren unean, beraz, komunistak herrialde guztietako langile alderdietako sektorerik ausartena dira, beste guztiak aurrera bultzatzen dituen sektorea da; aspektu teorikoan, mugimendu proletarioaren baldintzen, ibilbidearen eta emaitza orokorren ikuspegi argia izatearen abantaila dute gainerako proletalgoaren gainean.
Komunisten berehalako helburua gainerako langile alderdi guztiek duten bera da: proletarioak klase gisa eratzea, aginte burgesa eraistea, proletalgoak botere politikoa konkistatzea.
Aurretik existitzen diren jabetza erlazioen abolizioa ez da komunismoaren ezaugarri propio bat. Jabetza erlazio guztiek aldaketa historiko etengabeak jasan dituzte, itxuraldaketa historiko jarraiak. Jabego pribatu burges modernoa klase antagonismoan oinarrituriko ekoizpen eta ekoitzitakoaren jabetzeko moduen azken espresioa da. Zentzu horretan komunisten euren teoria formula honetan labur dezakete: jabego pribatuaren abolizioa.
Komunistoi pertsonalki eskuratutako jabegoa abolitu nahi izatea aurpegiratu zaigu, lan propiotik datorren fruitu hori, gizabanakoaren askatasun, aktibitate eta independentzia osoaren oinarria osatzen duen jabetza hori!
Eskuratutako jabetza, lanaren fruitua, esfortzu pertsonalarena! Burges txikiaren, nekazari txikiaren jabegoari buruz ari al zarete beharbada, jabego burgesaren aurrekoa izan den jabego mota horretaz? Ez dugu abolitu beharrik: industriaren garapenak abolitu du eta abolitzen ari da egunero.
Soldatapeko lanaren bataz besteko prezioa soldataren minimoa da, hau da, langileak bere bizitza langile bezala kontserbatzeko behar dituen biziraupen baliabideen batuketa. Horregatik, soldatapeko langileak bere aktibitatetik bereganatzen duena justu-justu bere bizitzaren erreprodukziorako behar duena da. Ez dugu inolaz ere lanaren emaitza den jabetze pertsonal hau abolitu nahi. Ezabatu nahi duguna jabetze horren izaera miserablea da, langilea kapitala handitzeko ez besterik bizi dadin egiten duena, eta soilik klase agintariaren interesek langilea bizi dadila exijitzen duten neurrian.
Iraultza komunista jabetza erlazio tradizionalekiko hausturarik erradikalena da. Proletalgoa bere aginte politikoaz baliatuko da burgesiari gradualki kapital guztia erauzteko, ekoizpen instrumentu guztiak Estatuaren, hau da, klase agintari bezala antolatutako proletalgoaren eskuetan zentralizatzeko, eta ekoizpen indarren kopurua ahal bezain azkar handitzeko.
Hau, noski, hasiera batean ezingo da jabetza eskubide eta erlazio burgesen bortxaketa despotikorik gabe burutu, hau da, ekonomiaren ikuspuntutik urriegiak eta sostengaezinak emango duten neurriak onartu gabe, zeinak mugimenduaren ibilbidean euren burua gaindituko duten eta ezinbestekoak izango diren ekoizpen modu osoa erradikalki eraldatzeko baliabide gisa. Neurri hauek, jakina ezberdinak izango dira herrialde bakoitzean, hala ere, herrialde aurreratuenetan ondorengo neurri hauek ia leku guztietan ipin daitezke praktikan:
1.Lur jabegoaren desjabetzea eta lur errentaren erabilera Estatuaren gastuetarako.
2.Zerga progresibo indartsua.
3.Herentzia eskubidearen abolizioa.
4.Emigratu eta matxinatu guztien jabetzen konfiskazioa.
5.Kredituaren zentralizazioa Estatuaren eskuetan Estatuaren kapitala eta monopolio erregimena dituen Banku nazional baten bitartez.
6.Garraiobide guztien zentralizazioa Estatuaren eskuetan.
7.Estatuaren jabetzako fabrika-enpresen, eta ekoizpen instrumentuen biderketa, lur landugabeen goldatzea eta lurren hobetzea, plan orokor baten arabera.
8.Lana egiteko denen betebeharra; ejertzito industrialen antolaketa, batez ere nekazaritzarako.
9.Nekazaritzaren eta industriaren konbinazioa; gradualki hiriaren eta landaren arteko diferentziak desagertzera eramango dituzten neurriak.
10.Haur guztien hezkuntza publiko eta doako bat; lantegietako umeen lanaren abolizioa egun ezagutzen dugun bezala; ekoizpen materialarekin konbinaturiko hezkuntza erregimena, etab.
Behin garapenaren ibilbidean klase desberdintasunak desagertzen direnean eta ekoizpen guztia gizabanako erkidetuen eskuetan kontzentratzen denean, botere publikoak bere izaera politikoa galduko du. Botere politikoa, zehazki hitz egiten, biolentzia antolatu bat da klase batek bestea zapaltzeko. Burgesiaren aurkako borrokan proletalgoa garaitua izan gabe klase moduan osatzen bada, iraultzaren bidez klase agintari bilakatzen bada, eta klase agintari bezala, indarrez ekoizpen erlazio zaharrak ezerezten baditu, ekoizpen erlazio hauekin batera aldi berean klase antagonismoaren eta orokorrean klaseen existentziarako baldintzak ezabatzen ditu, eta beraz, baita bere klaseko agintea ere.
Gizarte burges zaharra, bere klaseekin eta klase antagonismoekin, ordezkatuz norbanakoaren garapen askea guztien garapen askearen baldintza izango duen elkarte bat sortuko da.
III. Literatura Sozialista eta Komunista
[Kapitulu honetan Marx eta Engelsek beste “sozialismo” mota batzuk azaldu egiten dituzte berorien itxurakeria edota idealismoa agerian jarriz: sozialismo erreakzionarioak (feudala, burges txikia eta “egiazko” sozialismo alemaniarra), sozialismo kontserbadore edo burgesa eta sozialismo eta komunismo kritiko-utopikoak). Hala, autoreek “benetako” komunismoaren gorentasuna aldarrikatzen dute. Dena den, kapitulu hau garrantzien gutxien duena dela kontsideratzen da.]
IV. Oposizioko alderdi ezberdinekiko komunistek duten jarrera (bukaera)
Laburbilduz, komunistek egungo erregimen sozial eta politikoaren aurkako mugimendu iraultzaile guztiak babesten dituzte.
Mugimendu hauetan guztietan, lehen lekuan, oinarrizko aspektu bezala, jabegoaren auzia jartzen dute, honek duen forma gutxi-asko garatua edozein dela ere.
Azken batean, komunistek batasunaren alde egiten dute lan alde guztietan eta alderdi demokratikoen arteko akordioaren alde herrialde guztietan.
Komunistek duingabea kontsideratzen dute euren ideiak eta asmoak ezkutatzea. Modu irekian aldarrikatzen dute euren helburuak egungo ordena sozial osoa biolentziaz garaituz soilik lor daitezkeela. Klase agintariek iraultza komunista baten aurrean kikildu daitezela. Proletarioek ez dute ezer galtzeko euren kateak salbu. Bestalde, mundu bat dute irabazteko.
HERRIALDE GUZTIETAKO PROLETARIOAK, ELKAR ZAITEZTE!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: