Sapir, Whorf eta erlatiboa.
Sagrario Aleman euskaltzain berriaren Berdetik horira sarrera-hitzaldia eskuratu dut erabili.com-etik. Azken urte hauetan euskaltegietan ibili diren ikasleei etengabeko keinuak egiten dizkiela iruditu zait: ondo merezitako keinuak, bide batez esanda.
Tartean honako aipamen hau egiten du:
Altxorraren bila jostaketan aritzeko askoz ere errazagoa delakoz euskararen ordena zuzena, erdararen aldrebesa baino. Hurrengo pista, beheitiko pisuko sukaldeko ezkerreko armairuko eskuinaldeko bigarren kutxan dago. Eta erdaraz hor hasiko zara, en el segundo cajon del armario... Hara, erdaraz hori irakurri orduko, euskarazkoa irakurri duen ikaslea lehenengo pisuan da.
Bitxia egin zait aipamena. Asisko Urmenetari ere antzeko zerbait entzun nion orain dela gutxi. Euskarak eta gaztelaniak ezberdintasun askotxo dute elkarren artean, ezberdintasun horiek dira -hain zuzen- euskaltegietako ikasleei horrenbeste buruhauste ematen dietenak (erlatiboa, ergatiboa, nori-nori-nork,...).
Erlatiboaren erabileran dauden ezberdintasunak ikusentzunezko hizkuntzara eramanez gero, oso metafora biziak sor daitezke: planoak, kolpeak, planoen aldaketa azkarrak, travellingak,...
Gaztelaniak lehen plano erakusten dizu ezer baino lehen... hortik abiatuta kamara (edo zooma) urrunduz doa, gero eta plano zabalagoak erakutsiz: plano ertaina, plano amerikarra, plano orokorra, plano orokor nagusia,...
Euskarak kontrara egiten du: plano orokor nagusia erakusten du lehen-lehenik, gero hurbildu,..., plano orokorra erakutsi, berriro ere hurbildu,..., plano ertaina, hurbildu,..., plano amerikarra, hurbildu,..., lehen planoa,...
Sapir eta Whorf antropologoek Sapir-Whorf izena daraman hipotesi ezaguna formulatu zuten 1940ko hamarkadan. Hipotesi horren arabera, bada harremanik hizkuntzaren kategoria gramatikalen eta hiztunen mundu-ikuskeraren artean.
Hipotesiak bi bertsio ditu: gogorra eta biguna. Bertsio bigunak erabateko determinismo linguistikoa baztertzen du baina hala ere hizkuntzak errealitatea kontzeptualizatzeko eta memorizatzeko moduan eragina duela aldarrikatzen du.
Hipotesi hori ikusita eta erlatibozko esaldiak eraikitzeko moduak horren ezberdinak direnez,... baliteke euskaldunok hasiera-hasieratik osotasunaren ikuspegi hobea eta gertaerak bere kontestuan ikusteko gaitasun handiagoa izatea...
Egia balitz... polita litzateke, ezta?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: