OKSA KIRREKSE

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-05-20 08:39

Edo ESKERRIK ASKO, zuzen irakurrita.

 

Asteak daramatzat blogean idatzi gabe, bazter utzi behar izan baitut hainbat arrazoi direla medio; eta, berriro ere sartu naizenerako, 1.000 bisiten muga gainditua dudala ikusi dut. Poza hartu dut, poza eman baitidazue zuek, bisitariok, eta eskertzeko beharra sentitu dut berehala. Benetan, bihotz-bihotzez diotsuet atzera ere: MILA ESKER!

 

Kontua da, orain zortzi bat hilabete blog honi ekin nionean (blogari gehienoi gertatzen zaigun bezala, nik uste), ez nekiela oso ondo nondik joko nuen aurrerantzean. Sarean zertxobait idazteko gogoa nuen, besterik gabe, eta blog bat sortzea begitandu zitzaidan biderik zuzen eta errazena. Gerora, egunean-egunean, edo asterik aste, hau eta bestea idatzita, gorpuztuz joan da N@Z bloga, egunotan 1.000 bisita baino gehiago lortu arte.

 

Beharbada, blog honek ez du ildo jakin eta mugatu bat izango orain arte jorratu edo eman ditudan gai eta iritzietan; akaso, zorrotz samar jokatu dut batzuetan, edo azaleko eta hutsalegi beste hainbatetan. Baina, edonola ere, zerbaitek erakarrita, bisita egin duzue blogera, eta, berton esaten ditudanekin ados egonda edo gabe, garbi dago zerbait irakurri duzuela. Horrexegatik, bada, nago eskertuta.

 

Hala ere, egia ere bada gehiago eskertuko nizuela baldin eta, irakurtzeaz gain, iritzi edo kritika gehiago utzi izan bazenute nik idatzitako posten gainean. Baina, lagun batek dioen bezala, irakurle onak daudelako izaten dira idazleak ere, onak edo txarrak izanik berauek.

 

Dena dela, jakizue blog honen lehenengo, benetako eta sakoneko xedea sareko euskararen unibertsoan ekarpentxoa egitea baino ez dela izan. Hau da, euskaraz idatzi euskaraz irakurri nahi duenarentzat; eta, hori bai, euskara batu eta zuzenean, esan beharrik ere ez baitago euskaraz idazten den guztia ez dela irakurgarri.

 

Hortaz, zain dezagun euskara, euskaraz (euskara onean, ahal dela) eginez!

Hurrengora arte.

 

 


Utzi iruzkina: