LARRABETZUN BERTAN

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-01-03 11:27

Maiz komentatu izan dut nik Euskal Herria gainbeheran datorrela. Hots, euskaraz bizi den herria (EH) pitinka-pitinka desagertuz doala, nolabait esatearren. Pentsaketa hori, dena den, Bizkaitik eta Bizkaian bizi naizen honek egina dela gogorarazi nahi dizuet, ez baita gauza bera gertatuko, edo inpresio bera jasoko, segur aski, Gipuzkoatik eta Gipuzkoan bizi den baten aldetik.

 

Baina, kontu gehientsuenetan bezalaxe, bada araua egiaztatzen duen salbuespena. Beti egon ohi da oztopoen aurrean itxurari behintzat eusten ahalegintzen den norbait. Bada, kasu honetan, eta herriez ari naizenez, ez pertsonez, esan beharra daukat Larrabetzu herriak ezartzen duela diferentzia lehengo gogoeta horretan; hau da, EH Bizkaian barrena ezabatuz doan bitartean, Larrabetzuk eutsi egiten dio EH izateari, nabarmen eutsi ere.

 

Horrelaxe frogatu ahal izan dut urte bukaera honetan. Pare bat egunetan bertan izan naiz, Larrabetzun, eta, Bilbotik hain hurbil egonda ere, EHn bertan egon naizela nabaritu ahal izan dut denbora guztian; giro euskalduna, bertso-saioak, jai solidarioak... Herri bizia da Larrabetzu, non herritarrek parte aktiboa hartzen duten ekimenetan. Eta sormen horretan, noski, zeresan handia du HORI BAI gaztetxeak, urte osoan zehar jarduerak antolatuz.

 Hori bai por ti.

 

Horrela, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteari amaiera emateko eta, kanpokooi ere eskaintza zabala eginez, jai-giro ezin hobea disfrutatu ahal izan dugu 2008ko azken egunetan. Eskerrik asko, beraz, larrabetzuar guztioi, inguruetakooi ere eskaintzen diguzuen Euskal Herri ttipi horrengatik. Bejondeizuela eta 2009an ere horrela jarrai dezazuela.

 

Berton diodana egiaztatu nahi duzuenok klik egin honako esteka honetan: http://www.larrabetzularrabetzutik.org


Utzi iruzkina: