EUSKARA ABERATSA, EUSKARA POBREA
Hona hemen Pako Aristik ERABILI.com webgunean orain hilabete batzuk maisuki idatzitako hitzak. Ohi bezala, artikulu honetan ere egia handiak idatzi ditu. Euskaldunok "gure" euskararen gaineko konplexuak astindu beharrean gaude benetan Euskararen Herria, Euskal Herria, maite baldin badugu. Izan ere, euskara bakarra dago: egiten den euskara, norberarena. Lander Landa | |
2007-03-13 / 07:00 / Pako Aristi Urtuzaga |
|
Epaile bezala ibiltzen naizen literatur sari apurretan azkenerako beti agertzen den esaldia hori da: «Euskara aberatsa darabil». Une honetan, bide batez, poza agertu behar dut Euskadi sarietan epaile izateari uko egin nion uneagatik. Aurrenera itzuliz, euskarazko liburuei egiten zaizkien kritika gehienetan agertzen den esaldia da hori; edo bere ifrentzua: «Euskara pobrea darabil». Edo kaskarra. Edo nagia. Edo ezer ez du aportatzen. Izan ere, euskara aberatsa aipatzen dugunean, zeharka euskara pobrea ere badagoela onartzen ari gara; alegia, euskara pobrean idatzi eta argitaratu diren liburuak badaudela. Ez ote genuke esan behar, euskara pobrearekin ez, baizik eta ideia pobreekin, planteamendu topikoekin edo konpromisoz idatzitako liburuak direla? Iruditzen zait euskarari jartzen diogun arretak estali egiten dituela liburuaren beste dohain batzuk, dohain literarioagoak, nahi baduzue. Hemen, badirudi idazle izateko filologo ere izan behar duzula, euskaltzain oso, birgeria sintaktikoetan maisu eta, ahal bada, Iparraldeko hiztegiaren jabe. Duela gutxi norbaiti irakurri diot hiru idazle miresten dituela: Koldo Izagirre darabilen euskaragatik, Anjel Lertxundi ukitzen dituen gaiengatik, eta Harkaitz Cano gauza originalak egiteko trebeziagatik. Azken esaldia lore bat iruditzen zait; aurreko biak erredukzionismo gaixo bat, hemen bakarrik ematen dena. Nork esango luke bere emaztearengandik begiak gustatzen zaizkiola, lagun onenarengandik umorea eta bere aitarengandik isiltasuna? Niri hirurak gustatzen zaizkit, Izagirre, Lertxundi eta Cano, haien literatura barrura iristen zaidalako. Maitasuna osotasunean ematen da; osorik maite dugu maite duguna; eta literatura ere, osorik maitatzen da, literatura delako, ez hizkuntza baten eredu edo gabezia batzuen ordezkari. Hau gazteleraz ez da gertatzen. Gaztelerazko liburuen kritiketan ez duzu irakurriko Borgesen gaztelania aberatsa denik, edo Vila Matasek ez dakit zer gaztelania klase erabiltzen duen, edota Vazquez Montalbanen gaztelera egokia zela hiriko giro beltzak islatzeko. Euskarari buruz hainbeste hitz egiten dugu, ez dugulako kalean, errealitatean ia inor euskaraz hitz egiten ikusten. Beti euskara maila nabarmentzen ari gara, ez dugulako gizartean kokatua eta txertatua ikusten. Egoera sozio-kulturala nolakoa den zehatz-mehatz jakitea beharrezkoa da, zure lanaren mugak eta lehertze-neurriak jakiten laguntzen dizu, baina egoera hori zein motel aldatzen den jakinda, ez ote genuke kulturgileok pauso bat eman behar aurrera, eta inertzia antzuak gainditzen hasi behingoz? Nire testu bat aberatsa izango da ez euskaragatik; nire adimena aberatsa bada, edo nire sentiberatasuna, edo nire sena, bizitza interpretatzeko modu nobedosoak badakartzat izango da aberatsa. Literaturarik aberatsena hitzen atzean gordetzen den mundua deblauki agertzeko ahalmena eta dohaina daukana da, eta urrunago joanda: hitzen bitartez, aurrean dakusagun mundua beste era batera itxuratzen eta egituratzen asmatzen duena, hori da gerta dakigukeen miraririk sakonena, liluragarriena. Oraindik egin gabe legokeen fetotzat daukagu euskara, eta hizkuntzaz hainbeste kezkatzeak oso estilo antiliterarioa sortzen du sarritan. Estilo artifiziala, gozatu gabea, irakurle zahar asko galtzera (edo ez eskuratzera) eraman gaituena, eta gazte asko uxatzera. Literatura onak berekin ditu osagarri batzuk, emozioa, intentsitatea, ikuspegien iraulketa... Horiek dastatzeko buru-belarri sartua egon behar duzu testuan, hizkuntzaz ohartu ere egin gabe. Paradoxa hori bizi behar da bete-betean: testuak eraman zaitu, baina testuaz ahazten ez bazara ez duzu leku eder hori dastatuko. Eta idazleok, irakurleari bidaia hori eskaintzeko gauza ez bagara, ez dugu idazle izenik mereziko. Lan egin behar dugu hizkuntzarekin, azkenik hizkuntza hori irakurlearentzat desagertzera iristeraino. Literatura hutsa gera dadila irakurketaren ondoren, pasio hutsa, bizitza, azken batean. Euskaldunok «Liburu ederra da!» esaten dugunean, «hizkuntza aberatsa darabil» esan ordez, euskara salbatua egongo da. Eta literatura ere bai. (PAKO ARISTI URTUZAGA kazetaria eta idazlea da) |
Iruzkinak
Utzi iruzkina: