Del Horno ez da gure labekoa

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2007-09-20 10:08

Gallartakoak perla polita utzi digu oraingoan. Ez omen du euskaraz erantzun nahi izan lehengo eguneko prentsaurrekoan. Agerian utzi du euskarak ez duela ezelako baliorik beretzat, euskarak ez baitio dirurik ematen; balio sentimentalik ere ez, nonbait. Eta, antza denez, Ingalaterran, Valentzian edo Bilbon futbolari izateak berdin dio, trukean dirutza kobratuz gero, noski.

Del Horno Athletic por ti.

Badirudi ahaztu egin duela Athletici esker izan duela Euskal Herritik kanpo ere jokatzeko aukera, eta Athleticek atxikimendu berezia duela (edo beharko lukeela) Euskal Herriarekin oro har, eta Bizkaiarekin bereziki. Hau da, Athleticek euskararekiko ardura izan behar du, teorian behintzat, Athletic-zale asko eta asko euskaldunak baitira, eta, duen kirol-filosofiarekin, hemengo jokalariez baliatzen baita nagusiki. Baina Athleticek ez du, ez oraindik bederen, ezertxo ere esan afera honetaz. Beharbada Athleticentzat ere euskarak ez duelako ezertariko garrantzirik, jendaurreko irudikerietarako baino ez zaiolako interesatzen euskara, hainbat erakundek eta enpresak egiten duen bezala. Auskalo.

Dena dela, zerak harritzen nau gehien: zenbateraino leundu egin duten Del Hornoren ofentsa hau, inolako garrantzirik ez balu bezala. Euskara bazter utzi eta euskaldunoi iseka egitea, atzera ere, merke ateratzen da gurean. Euskaldunok, berriro ere, bigarren mailako herritarrak gara eta, oraingoan, gainera, “lehen mailako” jokalari batek esanda dakigu. Bada, jakin dezatela, jakin dezala munduak, ni neu (futboltzalea ez naizen arren) eta nilako beste hainbat euskaldun mindu egin gaituela zorioneko Asierrek bere erantzun zakar horrekin.

Del Horno por ti.

Pentsa dezagun, lipar batez bada ere, zer-nolakoak entzun beharko genituzkeen baldin eta alderantzizko kontua izan balitz. Hots, eliteko kirolari batek zera adieraziko balu: “Galderak erdaraz egin ditzakezue, nahi izanez gero, baina erantzunak euskaraz emango ditut”. Ez dut irudikatu ere egin nahi, Estatuko nahiz bertoko hedabideetan, zelako hautsak harrotuko liratekeen horren harira. Abertzale erradikala, xenofoboa, separatista eta ez dakit zer gehiago entzun beharko lukeen kirolari gizajoak halako atrebentzia izateagatik, eta, jakina, bere kirol-karrera  bukatutzat eman behar, hori ziur.

Bada, bizkaitarra naizelarik, eta futbola oso gogoko ez dudan arren, betidanik nolabaiteko errespetua eta atxikimendua izan diot Athletici, garai batean bertako jokalariekin soilik jokatzeagatik Realari ere baniona. Baina, zale euskaldunen alde agertu barik, isiltasun koldarrean ezkutatzen segitzen duen bitartean, errespetu hori higuin, eta atxikimendua mespretxu bilakatuko ez ote zaizkidan pentsatzen hasita nago. Asier Del Horno ez baita euskalduna; euskaldunak, euskaraz jakiteaz gain, berori maitatzen eta erabiltzen ere badakiela erakutsi behar du eta.


Utzi iruzkina: