BESTEREN LOTSA

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-08-10 14:19

Oraintsu irakurri dut Kantabriako Noja herrian Bizkaiko udatiarrekin (ez guztiekin, noski) gertatzen ari dena. Bada, bizkaitarra naizen aldetik, lotsa sentitu dut, besteren lotsa edo “vergüenza ajena” delakoa.

        Nojatik Laredoraino por ti.

Agidanez, udatiar horiek haserre dabiltza udalak zergak igoko dizkielako. Nojan duten etxerako ura eta zaborren bilketa zerbitzua garestiago ordaindu beharko dute aurrerantzean, dezente garestiago, eta ez daude konforme igoerarekin. Hori dela eta, ostiral gauean, antza, protesta bat antolatu zuten eta bertako uda-inauteriaren desfilea bertan behera utzi behar izan zuten protestagatik. Nojatarrek, beren aldetik, bat-bateko erantzuna eman nahi izan zieten, eta ez zieten euskal udatiarrei herritik ateratzen utzi Bizkairako buelta-bidaian, asteburua amaitutakoan.

          Noja por ti.

Ez dakit sakoneko zer beste kontu egon daitekeen afera honetan guztian, baina, horrela, prentsan irakurrita, ez zait ongi iruditzen udatiar bizkaitar horiek egin dutena. Kontua baita, orain dela ez dakit zenbat denbora eta orduko etxe-espekulazioa probestuz, hainbat bizkaitarrek bigarren (edo hirugarren eta laugarren) etxe bat erosi zutela Nojan, asteburuak eta oporrak bertan emateko, edota inbertsio moduan. Horrek suspertu egin zuen etxegintza hango inguruetan eta, prezioak hain merke eta onargarri izaki, orain, gainezka egin du egoerak, ez bakarrik espekulazioari dagokionez, baita bizimoduari eta udal-zerbitzuei dagokienez ere. Eta, jakina, hainbeste zerbitzu edukitzeak (etxeko ura, igeritokiak…) zerbitzua bera garestitzea ekarri du, normala denez. Gainera, hainbeste urtean hain zerbitzu merkea izanik, dezenteko igoera ezarri behar izan dute egoera normaltzekotan.

           Nojako_protesta por ti.

Bizkaitarrek, ordea, ez dute horrela ikusi nahi, eta munduko jaun eta jabe direlakoan, protestaka hasi dira. Ez dute onartu nahi beren orain arteko aprobetxategi-jokaera zenbaterainokoa izan den eta, horrela jokatuta, ohi bezala, sekulako ospe txarra jartzen digute euskal herritar guztioi. Beharbada lehenago pentsatu beharko zuten nora eta zertara zihoazen, zergatik Kantabriara eta zein jarrerarekin, ezin baita bizitzan zehar inbasore eta prepotente aritu inguruko herri xehe eta umilekin. Herri orok, txikik zein handik, ba ei du bere izaera propioa, eta errespetua merezi du ezinbestean, bestela, lehenago edo geroago ordaindu egiten baitira errespetu-falta eta prepotentzia hori (gogora dezagun, esaterako, Orgoños inguruan ere zer gertatzen ari den).

 

Bejondeiela, beraz, benetako nojatarrei, erreakzionatzen jakin dutelako. Nire elkartasunik zintzoena agertu nahi diet hemendik, Euskal Herritik, kolonoak ez baitira sekula ongi etorriak izaten, ez Nojan, ez hemen, ez eta inon ere.


Utzi iruzkina: