AD + HERRIA = ABERRIA

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-04-12 12:38

Gaur ari dira ospatzen euskal abertzaleak euren aberri eguna. Bistan da “abertzale” hitzak berak zer esan nahi duen; hots, abertzaleek aberria izan eta maitatu egiten dutela, eta haren aldarrikapena egiten dutela lau haizeetara. Abertzale horietako batzuek, ordea, beharbada ez dute jakingo “aberri” hitza neologismo hutsa dela, “hizperria” alegia, bere garaian Sabino Arana Goiri jaunak asmatutakoa, beste asko bezala.

 

Latinezko AD aurrizkiari HERRI euskal hitza erantsita sortu zuen Sabinok euskarak ez zeukan kontzeptu hau. Erdarazko PATRIA hitza litzateke horren parekoa eta, beraz, “patriotak” lirateke abertzaletzat euren burua dutenak. Hau da, gaur egun “nazionalista” esateko “abertzale” terminoa erabiltzen dute askok eta askok, baina, apika, ez dakite azpian, etimologia ezkutuan, patria bezalako kontzeptu nahasi eta militarra ari direla aldarrikatzen. Berdin gertatzen da, jakina, jeltzaleekin: JEL (Jaungoikoa eta Lege zaharra) + ZALE. Ez dut uste jainkotasunak naziotasunik emango digunik, ez niri behintzat.

 

Neu ere izan nintzen abertzale (ez jeltzale) eta, noiz edo noiz, halako ospakizunen batean ere izan naiz; aspaldi batean baina (artean euskararik ez nekiela). Gerora, konturatu nintzen nazioa eta aberria kontzeptu ezberdin bi direla eta, maiz, ez dela komeni nahastea. Estatua eta nazioa ezberdinak diren neurri berean, edo handiagoan, dira ezberdinak nazioa eta aberria ere. Eta, zer esanik ez, ez dut ezelako loturarik ikusten jainkotasunaren eta lege zaharren artean. Eta, gauzak horrela, koherentziaz jokatzea komeni da, naziozale izatekotan.

 

Horrexegatik “sortu” nuen nik NAZIOZALE kontzeptua, inongo hiztegitan agertzen ez dena (arruntenetan ez, behintzat). “Nazionalista” hitza, ordea, bai jasotzen dute hiztegiek, baina agerian da “nacionalista vasco” esateko abertzale hitza erabiltzen dela gehienbat; zentzu mespretxagarri batez erabili ere, espainolistek behintzat. Eta, egia esanda, uxagarria ez, baina usatu samarra bai da termino hori; erabiliegia, alegia.

nazioz@leok por ti.

Egun, edonor izan daiteke abertzale, inkoherentziarik handienetik abiatuta ere. Abertzale askok eta askok, adibidez, ez dakite euskararik, eta ez dute ezertxo ere egin (ezta egingo ere) ikasteko; beste batzuek zertxobait edo askotxo ikasi bai, baina ez euskaraz bizitzekotan; eta beste batzuek, euskaraz ederto jakin arren, ez dute normalean erabiltzen eguneroko bizimoduan, ez eta aberri-egun, ibilaldi, herri-urrats eta halakoetan ere. Jakina, bestalde, badaude abertzale erabat koherenteak direnak, Euskal Herri euskaldun eta independente bat egunean-egunean sortzen ari direnak. Nik horiei, ordea, ez diet abertzale esaten, naziozale baizik.

 

Gaur egun, urruntasunetik bizitzen dut nik aberri eguna. Ez naiz motibatuta sentitzen ezelako ospakizunetan esku hartzeko, eta, neure Euskal Herri ttipi honetatik, naziotasuna sortzen segitzen dut, egunean-egunean, oraintxe blog honetatik ari naizen bezalaxe. Izan ere, ondo dago euskal estatua eraiki nahi izatea, neuk ere nahi dut burujabetasun politikoa, baina, gerora, estatu horrek zutabe sendoak izan eta betiko iraun dezan, benetako abiapuntua behar du: euskal nazioa. Naziotasunetik eraiki behar dugu Euskal Herria, tipi-tapa, egunero eta koherentziaz eta, egunen batean, akaso, EUSKAL NAZIO EGUNA ospatuko dugu denok batera, naziozale guztiok.


Utzi iruzkina: