Gazteak Udalarekin batzartu dira etxeen arazoa aztertzeko
Etxebizitza tasatuek dituzten baldintzak berraztertzeko eskatu dio Udalari herriko Gazte Taldeak
ainara garcia
Gaur egun alkate lanetan diharduen Iñigo Valenciarekin batzartu zen joan den barikuan Ajangizko Gazte Taldea. Herrian eraikitzen dabiltzan tasatutako etxeen baldintzak egokiak ez direla eta baldintza horiek berraztertzeko eskaera luzatu zioten gazteek Valenciari.
Izan ere, Gazte Taldeko kide Beñat Onaindiaren esanetan, «tasatutako etxeen baldintzak ez dira batere egokiak herrikoentzat». Era berean, «herriko gainontzeko jendea ere gazteekin bat» datorrela gaineratu du Onaindiak.
Horrez gain, etxebizitzek dituzten baldintzak «bertakoen kalterako» direla adierazi du. «Udalak etxebizitzen gainean ezarritako araudia herrikoentzat onuragarria ez zela adierazi diogu Iñigo Valenciari. Gure eskaera batzordera eramango duela adierazi digu, baina ez du inolako konpromisorik hartu. Beste herri batzuetako udalek bere herritarrentzat onuragarriak diren baldintzak jartzen dituzte. Gure kasuan ez da horrelakorik gertatu».
Baldintzak
Herriko gazteek baldintzetako batzuk azpimarratu dituzte. Gutxieneko diru sarrera gordina oso altua dela salatzen dute, 15.500 eurokoa, hain zuzen ere. Bestalde, errolda data epe laburrekoa dela adierazi dute. Izan ere, nahikoa da 2004ko abenduaren 31tik Ajangizen erroldatuta egotea etxebizitzetako zozketan parte hartzeko. Azkenik, 24 etxebizitzetatik gutxienez 6 alokairurako izatea eskatu dute gazteek.
Dagoeneko 150 firma inguru batu dituzte baldintza horien aurka eta alegazio modura aurkeztuko dituzte. «Ajangizko gazteek eskualdeko herritar guztien baldintza berberak izatea eskatzen dugu. Diru sarrera gordina 9.000 eurokoa izatea eta gutxienez sei urtez erroldatua egotea», besteak beste.
BEÑAT EREZUMA » GAZTE taldeko partaidea
«Herritarrak dituzten beharrizanak kontutan hartu behar lituzkete»
Jaiotzez getxoztarra den arren (1981), ajangiztartzat du bere burua Beñat Erezumak. Izan ere, 23 urte daramatza bertan bizitzen.
Zer dela-eta sortu duzue Gazte Taldea Ajangizen?
Etxebizitzaren inguruko arazo bati aurre egiteko sortu dugu Gazte Taldea. Hala ere, herrian izan ditugun beste arazo batzuk konpontzeko asmoarekin ere sortu genuen. Herriko gazteek gure arteko harremana eta herriko problematikak aztertzeko beharrizana genuela somatu genuen, eta hortik aurrera hilean behin elkartzen gara zenbait gai eztabaidatzeko. Hala ere, azkenaldian Busturialdean sortzen ari den gazte mugimenduaren barnean sartuko nuke Ajangizko Gazte Taldea.
Zenbat gaztek parte hartzen duzue taldean?
Hogei gazte inguruk osatzen dugu taldea. Ajangizko biztanleria kopurua ikusirik, parte-hartze altua dela esango nuke.
Etxebizitzen arazoaren aurrean zer egingo duzue?
Etxebizitzekin agertzen den problematikari aurre egingo diogu. Azpimarratzekoa da baita ere, alegazio epea ireki baino lehen, herritarrekin hitz egin beharko zuela Udalak, gure beharrizanak kontutan izateko. Hala ere, gure esku dagoen guztia egingo dugu Ajangizko gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten baldintzak berraztertu ditzaten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: