Babeseko etxeen politika salatzeko batuko dira

ajangiztarrok 1456130609821 Ajangiztarrok | 2007-02-10 00:00

204 herritarrek alegazioa aurkeztu arren, Udalak ez du ezer aldatu

z. enbeita

Ajangizko Gazte Taldeak elkarretaratzea deitu du bihar 12:00etarako udaletxe aurrean. Babes Ofizialeko Etxebizitzen inguruan Udalak duen politika salatu gura dute.

Gazteen arabera, «proiektu honetan herritarrek ezin izan badute parte hartu eta ajangiztarren gehiengoak aurkeztutako alegazioei ez badiete kasurik egiten, norentzako gura ditu etxebizitza hauek gure udalbatzak?».

Ajangizen eraikitzen hasi diren babes ofizialeko etxebizitzen zozketan sartzeko baldintzak ikusita, Ajangizko Gazte Taldea alkateordeagaz batu zen bere garaian. Gutxienezko diru sarrera gehiegizkoa iruditzen zitzaien gazteei eta erroldan egon beharreko urte kopurua, ostera, laburregia. Gernika-Lumoko zein Ibarrangeluko udalek eskatzen zituzten baldintza berberak eskatzen zituzten.

Herriari bizkarra

Alegazioak aurkezteko gonbidapena egin zien orduan alkateordeak eta sinadurak batzen hasi ziren herrian. «204 herritarrek aurkeztu zituzten alegazioak udaletxean», euren esanetan. Gazteen eskariagaz bat eginez.

Hala ere, urtarrilaren 19ko osoko bilkuran, «herritarren nahiaren aurka, PNVko gobernuak bizkarra eman dio ajangiztarren gehiengoak aurkeztutako alegazioari».


Utzi iruzkina: