Ajangiztarren beharrizanak lehenengo

ajangiztarrok 1456130609821 Ajangiztarrok | 2006-11-01 00:00

Aitor Albizu(ajangiztarrok plataforma)

ajangizen eraikitzen hasiak diren etxebizitzak direla eta, Ajangiztarrok herri plataformak zera adierazi gura du:

Orain dela urte eta erdi hasi ginen plenoetan esaten, etxebizitzak egin baino lehen argi eduki behar zirela zeintzuk ziren ajangiztarren beharrizanak. Eta horretarako beharrezkoa zen inkesta edo ikerketa serio bat egitea:

Alde batetik, zenbat etxebizitza egitea komeni zen, kontutan izanda lur publikoan egingo direla eta gaurko zein biharko ajangiztarren eskubideak bermatuta geratu behar zirela. Horregatik, Ajangiztarrok herri plataformatik, etxebizitzak fase bitan egitea proposatzen genuen. Ajangizko alkatetzak kontutan ere ez zuen izan aukera hau.

Bestetik, zer behar da? Babes Ofizialeko Etxebizitzak, sozialak, kontzertatuak eta zergatik ez hauen artean batzuk alokairu sozialeko etxebizitzak izatea? PNVko Alkatetzak bere kabuz erabaki zuen etxe kontzertatuen tratua Bizkailurrekin egitea, beste aukerak kontutan izan barik. Zergatik jartzen du PNVko alkatetzak urteko 15.500 euroko diru-sarrera muga hori etxebizitza eskuratu ahal izateko? Ajangiztarrok herri plataformatik, aipatu muga 9.000 eurotara jaistea eskatzen dugu.

Zergatik dituzte ajangiztarren eskubide berdinak 2004ko abendutik hona herrian erroldatutako pertsonek? Ajangiztarrok herri plataformatik, etxebizitza eskuratzeko 1999. urtetik errol-datuta egotea eskatzen dugu. Zergatik ez alokairu sozialeko etxebizitza batzuk? Ajangiztarrok herri plataformatik etxebizitza kopuruaren %25a alokairuan eskaintzea eskatzen dugu.

Egoera honen aurrean esan behar Ajangiztarrok herri plataformak bat egiten duela Ajangizko Gazte Taldearen eskakizunekin eta benetan espero dugula gure eta beraien eskakizunak kontutan izatea Ajangizko Alkatetzaren partetik.


Utzi iruzkina: