204 alegazio etxeetako baldintzak salatzeko
Gutunak bidaliko ditu Ajangiztarrok herri plataformak, herritarrak informatzeko
a. garcia
Ajangiztarrok herri plataformak etxebizitzetako baldintzen aurka aurkeztu diren alegazioak zenbatu ditu. Gazte Taldeak zein platormak berak batutako alegazioak guztira 204 izan direla adierazi dute. Orain, emaitzak herritarren eskura jarri asmoz, gutunak bidaliko dituzte etxeetara.
Azaroaren 25ean bukatu zen Ajangizen eraikiko dituzten etxebizitzetako baldintzen inguruan alegazioak aurkezteko epea. Baldintza horien aurkako erantzuna «izugarria eta zoriontzekoa» izan dela adierazi dute Ajangiztarrok herri plataformako kideek.
Dituzten datuen arabera, 372 herritar dira hamazortzi urtetik gorakoak, eta, hain zuzen ere, horietatik 88 izan dira Ajangiztarrok-ek proposatutako alegazioekin bat egin dutenak eta Gazte Taldeak batutako sinadurak, ostera, 116.
Beraz, plataformakoen esanetan, «372 biztanletik, 204 biztanle dira PNVk proposatutako baldintzen aurka daudenak eta PNVri argi eta garbi eskatzen diotenak aurkeztutako alegazioetan proposatzen dena kontuan izan dezala».
Bost pauso
Alegazioak jaso ostean Udalak eman beharreko pausoez ere hitz egin dute. Lehendabizi, zinegotziak komisiora deitu behar dituztela diote. «Gogoratu komisio horretan egongo diren hiru zinegotzi ez dituela inork aukeratu, Ajangizko herriak ez behintzat». Eman beharreko beste pausoetako bat komisio horretan alegazioen inguruan eztabaidatzea izango zela adierazi dute, baita alegazioen inguruko erabakia hartzea ere.
Laugarrenen pausoa alegazioak aurkeztu dituzten guztiei erantzun bat ematea izango litzateke, eta bosgarrena eta azkena, ostera, aldaketarik izatekotan, osoko bilkuran beraien aurkezpen bat egitea.
Eskatzen dutena, «azken finean herritarren %55ak eskatutakoa kontuan izatea» dela diote herri plataformako kideek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: