2017ko irailaren 25a (Blogeko azken ekarpena)

aitziberjimenezdeaberasturi 1491039672789 Halkdhg | 2017-09-25 17:11

ALBISTEAK:

“Hablemos del escotazo de Nieves Álvarez” horrela izendatu zuten pasaden osteguneko berri hau Hola! Aldizkarian. Jarraian sentsual hitza erabili zuen kazetariak modeloaren irudia deskribatzeko. Ondo da, egin dezagun etenaldi bat. Gaur egun zergatik izan behar da mintzagai emakume baten eskotea? Zenbat eta azal gehiago erakutsi sentsualagoa al da emakume baten irudia? Berriaren inguruan gaizki esaka hasi baino lehen albistearekin amaituko dut, gainera, uste dut merezi duela hurrengo esaldi hauek aztertzea: “errua Stéphane Rolland diseinatzailearena da eta eskote harrigarria duen jantziarena”. Barkatu? Erruduntasun terminoa irakurri al dut? Noski, azken finean eskote “harrigarri” horrekin asko probokatzen du emakumeak. Beno, ez dut gainerako komentarioei buruz idazten jarraituko ez dudalako burusoil amaitu nahi. Izan ere, honekin nahikoa daukat. Nahikoa daukat, emakume naizen horretan, erasotua sentitzeko orain arte irakurri dudanarekin eta ezin dut saihestu hori nire egunerokora ekartzea. Askotan ikusi ditut kamiseta gabeko gizonak gaueko ordu txikitan tabernetan, hau ikusita nire lagun batek berdina egiten du; alabaina, berak beste era bateko onarpena izan ohi du. Izan ere, Nieves Álvarezek bezalaxe probokatzen du eta bera da horren errudun.

Bazterkeria eta diskriminazio huts honen aurrean EiTBren eta BERRIAren estilo liburuek argi azaltzen dute genero berdintasuna ardatz dutela eta tratu simetrikoa eskaini behar zaiela emakume zein gizonei. EiTBk adierazten du emakumearen itxurari ez diotela garrantzia emango eta hizkuntza zaindu behar dutela, gainera “emakumezkoen arrakasta ez da edertasunarekin edo sentsualitatearekin lotuko”. BERRIAko estilo liburuan azaltzen da “ez dela erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik”. Gainera, bi hedabideetan ikus daiteke emakume baten look-a edota itxura ez dela albiste.

Aurreko bi hedabideetako estilo liburuetan azaltzen da genero berdintasunari dagokionez, emakumeen eta gizonezkoen arteko presentziaren oreka mantentzen saiatuko direla. EiTBk ere gehitzen du emakumeak era guztietako edukietan egon behar direla ikusgai. Bestetik, BERRIAko estilo liburuak adierazten du “emakumeek, albisteko protagonista ez ezik, informazio iturri ere izan behar dutela”.

Beno, ba badirudi MARCAren estilo liburua oso desberdina izan behar dela eta genero berdintasunari buruzko beste iritzi bat duela. Gaur bertan emakumezko kirolari bati buruzko berri bakarra argitaratu dute haien webgunean. Alabaina, ez dute orrialdeko edozein zonaldetan aurkeztu, web orrialdeko margen batean azaldu dute albistea soberan egongo balitz bezala. Martina Piemonte, Sevillako jokalaria, da zorionekoa eta berdinketa lortu zuen gola sartu izanaren berri ematen du MARCAk. Emakume baten lorpena aurkeztea oso zaila denez gizonezko bat tarteko sartu gabe, albistean azaltzen da Zlatan Ibrahimovic izeneko tipo bat dela Piemonteren idoloa.

Azken gertaera horren inguruan EiTBk azaltzen du ez duela emakume baten arrakasta gizonezko baten irudiarekin erlazionatuko.

BAGAJEA, IÑIGO ARANBARRI:

Behatzea gomendatzen zidan amonak, edozer esan aurretik behatzea. Astakeriarik esan aurretik isildu behar nintzela gehitzen zuen. Azaldu zidan gehiegi hitzegiten duela jendeak, gehiegi hitzegiten du eta ez du entzuten. Hazi ahala konturatu nintzen arrazoi zuela: gizabanakoek zeozer erantzuteko besterik ez dutela entzuten. Ikusi dut zelan botatzen dituen jendeak halakoak horren inguruan lehenago ezer aztertu gabe. Iñigo Aranbarrik antzeko egoera bat aurkezten digu, kazetaritzaren arloan ematen dena etengabe. “Irla artean bezain galduta gabiltza gure ondarearen uretan” azaltzen du idazleak. Izan ere, orain kontrolatzen ez dituzten gaiei buruz informatu behar dutenean hanka-sartze handiak egiten dituzte kazetariek.

Aranbarrik azaltzen duen moduan hutsegite txiki bat onar daiteke, baina, bata bestearen atzetik baldin badator eta albisteetan, egia erakusteko momentuan, hanka-sartzeak egiten badira, interes falta azaleratzen da eta ikusten da albiste hori ganora gabe idatzi dela.

Argi dago edozer gauza argitaratu baino lehen informatu behar dugunari buruz hausnartu behar dugula. Amonak zion bezala: beharrezkoa da zeozer esan baino lehen behatzea.

 

IKASKETA EMAITZA:

Esan beharra dago oso gogorra izan dela astea, estres handiko astea izan da eta batzuetan nire buruari galdetu izan diot ea merezi izan duen egun guztiak presiopean pasatzea eta horren eraginez halako estresa edukitzea. Gainera, egia esan, gai batek nahikoa motibatzen ez zaituenean hori aurrera eramateko oraindik are ahalegin handiagoa egin behar da. Baina bueno aste hau gustatu edo ez gustatu izana beste gauza bat, kontua da beharrezkoak iruditzen zaizkidala egun hauetan geureak egin ditugun ezagutza hauek.

Amaitzeko aitortu nahi dut azken hau izan dela idatzi dudan eguneroko normalena, ta esan beharra dago burua behin baino gehiagotan apurtu dudala originala izateko, zulo sakon ilunetan sartu izan naiz eta egia da askotan ez dirudiela burutik sano nagoenik. Haatik, nahiz eta buruhauste bat izan den, aitortu behar dut gustura idatzi ditudala halakoak eta ezinbesteko ariketa izan dela uste dut autokritika lantzeko.