2017ko irailaren 19a

aitziberjimenezdeaberasturi 1491039672789 Halkdhg | 2017-09-20 20:17

Azken aste honetan Guardia Ziblia Kataluniako hainbat hedabideen sedeetan sartu da bertako kazetariak identifikatzeko. Poliziak egindako hainbat ekintza grabatzen saiatu dira kazetari batzuk; alabaina, agenteek haien esku dagoena egin dute irudi horiek hedabideetan ez zabaltzeko. Bide batez, komunikabideetako materiala aztertzeari ekin diote erreferendumari buruzko publizitatea ezabatzeko.

Demokrazia batean bizi ginela esan ziguten, herritarrok gure etorkizuna aukeratu ahal genuen herrialde batean bizi ginela esan ziguten, adierazpen-askatasuna ardatz zuen gizarte baten parte ginela esan ziguten. Orain, erabakitzeko eskubidea ukatu digute, ezin dugu gure eskubideengatik borrokatu eta informaziorako eskubidea ere ukatu nahi digute. Orduan nik galdetzen diot nire buruari ea non dagoen agindu ziguten demokrazia.

Gezurra badirudi ere, demokrazia terminoa pil-pilean dago egun hauetan, baita gobernuaren esanetan ere. Baina ondo dakigu gobernuak teknika asko dituela errealitatea den moduan ikustea eragozteko. Era askotan saldu digute herritarroi Kataluniako etorkizunari buruzko erabakitze-prozesua. Era askotan saldu digute herrialde musulmanetako jendearenganako gorrotoa. Gaur egun, adibidez, saldu digutenaren arabera, badirudi musulman orok daukala lehergailu bat besapean. Argi dago asko sinplifikatzen direla gauzak, betiere norbaiten onerako; izan ere, oso erreza da herrialde oso bati edota erlijio oso bati munduan gertatzen ari denaren errua botatzea.

Ondo dakigu, bai, kazetari ororen gainetik zuzenbideko legeak edota kode deontologikoa daudela; haatik, ez dezagun ahaztu zer dagoen arau horien gainetik. Ez dezagun ahaztu arau horiek goikoen interesen arabera moldatu daitezkeela. Batzuetan oso zaharkituak geratzen dira 78ko legeak; aldiz, beste batzuetan, Kataluniako erabakitze-prozesurako, adibidez, oso onuragarriak izan daitezke lege horiek.