2017ko irailaren 18a

aitziberjimenezdeaberasturi 1491039672789 Halkdhg | 2017-09-19 21:20

Gaueko teleberrian izan da, lehenengo albistearen amaieran 20 segundoko atal bat ireki dutenean lehendakariaren urtebetetzearen berri emateko. Herritarroi erakutsi digute ze lehendakari arduratsua daukagun; izan ere, bere urtebetetzea lanean ospatu behar izan du bere alderdiko adiskideekin. Gaur 56 urte bete ditu Urkulluk eta bere taldeak zorionak zuri kantatu dio Lehendakari izena erabilita. Hori bai dela berri interesgarria eta ezinbestekoa euskal herritar batentzat, bihar denok edukiko dugu mintzagai Iñigo Urkulluren alaitasuna bere urtebetetzean. Hurrengo berria ETAk Gara egunkariari bidali zion gutuna izan da. 15 segundo gehiago besterik ez zaizkio eskaini albiste honi eta ez zuen ezer berririk kontatzen; hau da, Berriako eta El Diario Vascoko azaletan zegoena gainetik aipatzen hasi dira. Baina, noski, ezin diogu ETAri protagonismoa eman lehendakariaren urtebetetzea den bitartean. Gainera, badaezpada ez dezagun informazio gehiago eman gutunari buruz, ez dezagun hori irakurtzeko morboa piztu.

Iñigo Aranbarriren Odol hotzetan testuak morboaren kontu hori du mintzagai; izan ere, albiste “odoltsu” bat esate baterako, ez dute berdin kontatzen hedabide guztiek. GARA eta EL CORREO adibidez, detaileetan sartzen dira eta era honetan irakurleek zur eta lur jarraitzen dute albistea irakurtzen nobela bat izango balitz bezala, istorioan harrapatuta. Nightcrawler pelikula morboan oinarritzen da era exageratuago batean. Izan ere, badirudi odolik eta biolentziarik ez badago ez dagoela albiste dezenterik. Gertaera baten berri ahal den hoberen edo zehatzen emateko momentuak irudietan harrapatu eta erakusten dira batzuetan. Betidanik esan digute irudi batek milaka hitzek baino gehiago balio duela, baina, irudia ere manipulatuta baldin badago?

Zulo ilun eta amaigabe batean sar gaitezke honen inguruko galderak planteatzen hasten garenean. Baina… beharbada jada bagaude zulo beltz horretan, hain zulo sakona izan daiteke non jendeak arriskuan dagoen pertsona lagundu beharrean hori grabatzeari ekiten dion. Errazagoa da biktima lagundu beharrean hatzamarra kameraren botoia sakatzeko mugitzea. Egoera hori planteatzean serie bateko pasarte bat datorkit burura: emakume bat ihes egiten ari da; izan ere, atzetik gizon batek jarraitzen du pistola batekin seinalatuz. Jazarpenak kale erditik segitzen du eta haien inguruan ehunka pertsona biltzen dira haien mugikorrekin momentua grabatzeko. Haatik, egia esan, ez gara fikzio batean zentratu behar horrelako egoera batekin topo egiteko, Bartzelonako atentatuan antzeko gertaera bat izan zen. Ondo da, nahiago ditut zulo ilun eta sakon horretako galderak errealitate ez hain urrunak baino.