Botabil

aintzinabaigorri 1456130567407 Aintzina Baigorri | 2010-10-09 11:10

Enpresa berri baten sortzearen kontrako xedeak Baigorrin

 

Botabil elkartea, Bastimendu eta Obra Publikoetan ari diren 10 kideek osatzen dute (Gassuan Arrangoiztarra, Etcheverria Donibane Lohizundarra, Dabatrans Hiriburutarra, Etchemendy Lekuindarra, etab..) Sare horrek, BTP-ren aktibitateetako hondarrak berreskuratzen eta balorisatzen ditu. Proposatzen du betoina, harria, zura, sablea eta lurraren errekuperatzea, heien berextea eta balorisatzea, ondotik komertzioan berriz sartzeko gisan. Berziklatze aktibitate bat behar handietan den lan sektore bat laguntzen ahal lukeena, hondarkin trabagarri asko sortzen dituelakotz, eta beren “etorkizuna” ez baita beti segurtatua. 2008 urteaz geroz, Sylvain Sahores-ek horrelako lantegi bat instalatu nahi du Baigorrin. Bainan, baimen idatzi bat eman ondotik, Lambert jaunak ukatzen dako azken siñadura, proiektu guzia, baita ere haren enpresa lanjerrean ezarriz. Huna esplikapen guziak.

 

2008an, Thonier jauna, Botabileko presidentea, eta Sylvain Sahores, Baigorriko elkartekideak elgarretaratzen dira Baigorri-Garaziko Herri Elkargoko presidentea den Galant jaunarekin xedea baitute transit eta berexte zentro baten sortzea Baigorri-Garazi eskualdean. Lur bat bilatzen dute bainan ez dute atxemaiten behar luketen eremua. Herri Elkargoak eta Indart Développement-eko Carricart jaunak proposatzen dituzten Makozaineko (Baionako bidean) aktibitate gunea ala Ainiza Monjoloseko zelaia ez dira egokiak, eremua ttipiegi delakotz edo egoera ez nahikoa.

Sahores jaunak proposatzen du orduan harek duen lur baten erabiltzea, Leizparzen kokatzen dena, D 948 errege bidearen ondoan. Lur harek, terrazamendu eta lubeta lanak behar ditu, erabilia izan aintzin. Denak ados dira proposamenarekin. Lubeta aintzin-deklarapen bat pausatua da 2008ko abenduaren 5an Baigorriko Herriko etxean, legeak galdegiten duen bezala, baita ere akordio galdera idatzi bat Donapaleuko DDEko egoitzan, abenduaren 16an. 2009ko urtarrilaren 6an, DDE-k bere akordioa emaiten dako Sahores jaunari. Prozeduraren bururatzeko, herriko jaun merak behar du aintzin deklarapen huni buruzko ez-oposizioko zertifikatu bat izenpetu. Sahores jauna joaiten da orduan berriz ere Baigorriko Herriko etxerat, 2009ko martxoaren 27an, Lambert jaunari esplikatzeko lubeta hunen helburua zer den eta terreno hunen gainean egiteko duen asmoa. Auzapez jauna, interesatua agertzen da eta galde egiten dako bere enpresa berri hunek onartuko ote duen lurra, zeren eta Baigorrin, pentsatzen du zinezko behar bat badela maila hortan. Sylvain Sahores-ek baikorki erantzuten dako : behin eta proiektua gauzatuta, berreskuratzen ahalko dute lurra, harria, sablea eta betoina.

Jaun merak izenpetzen du egun hartan berean (martxoaren 27an) ez-oposiziko zertifikatua, jakinean delarik zer egina izanen den lur hunen gainean. Erran behar da ere, jaun merak ez dakola sekulan aipatzen, egun hartan, Sylvain Sahores-eri, arramoldatua izanen den lur peza horren inguruan pausatzen ahal den problema (“zone agricole” delako batetan kokatzen da, eta orduan, teorian, gune ezin eraiki batetan). Zertifikatuan, Lambert jaunak gehitzen du baldintza bat : Sahores jaunak beharko ditu garbitu herriko erretenak, uholde problemarik ez dadila izan auzoen lur eta pentzeetan (normalki, lan hori, munizipalitatearen ardura bat da, bainan badu urteak eta urteak Baigorriko herriak horren egiteak errefuxatzen duela).

Obrak hasten dira orduan, biharamunean, 2009ko martxoaren 28an. Hilabete zonbaitzu irauten dute, ekaina artio. Behin terrenoa prestatu eta, Sahores jauna Herriko etxerat doa berriz jakiteko zer egin beharko duen « Algeco » baten pausatzeko (desmontatzen ahal den eraikuntza bat, xantierretan erabiltazen dena bulego ala lokala tekniko bezala), Botabilek xedea baitu ahal bezain fite bere aktibitatearen hasteko. Lambert jaunaren ikusterat doa, bigarren aldikotz. Jaun mera DDEko ordezkari batekin da. Azken harek atxemaiten du proiektua biziki interesgarria dela eta esplikatzen dako egin behar duela berriz ere eraikuntza horren aintzin-instalatze deklarapen bat. Gehitzen du kontsideratzen ahal duela jadanik erantzun baikor bat ukanen duela. Bainan uztailaren 17an, meraren oposizio posibilitatearen bururapenaren bezperan, Lambert jaunak deitzen du Sylvain Sahores esplikatzeko « Algeco » delako hunen instalatzearen kontra dela, argudiatuz Paueko Chambre d’Agriculture delakoak « eza » emana duela, DDASS eta DDE delakoak bezala. Sahores jauna harrapatua da eta berehala, Laborarien Etxeko presidenta deitzen du ; azken hura, hastapen batean, ez da batere proiektuaren kontra agertzen. DDASSak erantzuten dako Sahores jaunari afera huntan ez duela fitsik ikustekorik, ez baita osagarri mailako problemarik pausatzen. DDEko ordezkariek aldiz, aldeko eta kontrako eleak dituzte, arrapostu argirik eman gabe.

Sahores jaunak dituen zailtasunen berri duelarik, Herri Elkargoko presidenteak protagonista guziak konbokatzen ditu “argitze bilkura” batetarat, ulertzeko funtsean nun den problema. 2009ko buruilaren 2an, hor dira orduan Laborarien Etxea eta haren presidentea, DDA eta DDEko ordezkariak, Lambert jauna eta bere axuantak, Galant jauna, Sahores jauna eta Thonier jauna. Chambre d’Agriculture delakoaren presidenta argi eta garbi kontra agertzen da orain, esplikatuz, antolatua izan den terrenoa “zone agricole” klasatua dela eta proiektu horrek kalteak ekarriko dituela inguruko pentze guzieri. Lambert jaunak argumentu bera baliatzen du eta « Algeco » delako horren instalatzearen kontra agertzen da berriz ere. Gehitzen du ere Sahores jauna gezurka ari izana dela lubetaren goratasunari buruz : « errana zuen 2 metro, igo da 4 metrotaraino ». Sahores-ek akusazio hori zalantzan emaiten du berehala, esplikatuz 2 metro horiek direla “hauteur moyenne” delakoa eta ez goratasun maximala. (eta, edozoin gisaz, hau da eztabada faltsu bat zeren eta legeak ez du debekatzerik emaiten goratasunari buruz... 2 metra ala 4 metra, ez du fitsik ikustekorik egun hartan konpondu behar duten problemarekin !)

 DDEko ordezkariak oroitarazten du, Urbanismoaren Kodaren arabera, ez dela posible gisa hartako aktibitaterik egitea laborantxako lur baten gainean. Bainan gehitzen du ere, ikusiz proiektuaren kalitatea, Grenelle de l’Environnement delako engaiamenduetan osoki sartzen dena, jadanik erabiliak izan diren materialen berziklatuz, ez duela oposiziorik emango, auzapez jaunak emaiten badu bere adosmena. Lambert jaunaren eskuetan da dena. Bainan azken harek, berriz ere errefuxatzen du akordioaren emaitea Sylvain Sahores-eri. Errefuxatzen du ere POS delakoan aldaketa xinple baten egitea, aktibitate hori permitituko lukeena, denbora falta gatik (2010eko urtarrilaren 1a aintzin). Alta, lur hori, lubeta aintzin, urgainditua izaiten ahal zen eta ez zen erabiltzen ahal lanborantxa mailako aktibitate baten egiteko. Lambert jaunak gehitzen du herriko mera bezala baduela lubeta guziaren kentzeko manuaren emaiteko ahala (3 hilabeteko lan baten ondotik !). Horrek ez du Chambre d'Agriculture delakoaren presidentea xokatzen : Sahores jaunari erraiten dako aski duela lubeta bertze toki batean erabiltzea eta pentze bat antolatzea bere terrenoan. Hortan da bururatzen bilkura, Galant jaunaren desgustoa piztuz. Haren ustez Baigorriko munizipalitatearen borontate politikoaren eskas handiaren gatik enpleguak sortuko lituzken eta ofizialeentzat soluzio bat ekariko lukeen enpresa batek bertze norapait joan beharko du.

Orduan dako Galant jaunak Lambert jaunari galdera bat pausatzen : ez ote dea enpresa hori instalatzen ahal lehengo harrobiaren lurretan ? Bainan horrek ere POS delakoaren aldaketa bat beharko du. Ondoko egunentan, letra bat igorria da Lambert jaunari, eta kopia bat Galant jaunari, galdera hori ofizialki plaza arazten duena. Jaun merak ez dako, geroztik, gutun huni sekulan erantzun.

2009ko urriaren 15ean, POS delakoa ordezkatuko duen “Plan Local d’Urbanisme” (PLU) delakoaren finkatzearen bilkura batetarat gomitatua da Galant jauna, Baigorriko herriko etxerat, eta parte hartzen du lehengo harrobiaren bisitan. Desadostasunak argi eta garbi agertzen dira beti. Halere, iduri luke sartzen ahalko dela parte bat PLU delakoan.

2009ko azaroaren 9an, Botabil elkarteak, zoinen proiektuak aintzina segitzen duten bertze herrietan (Saint Martin de Seignanx-eko zentroa prest da, Senperekoak ukan du auzapezaren baimena eta Akamarren izanen den “unité stratégique centrale” delakoak badu hango hautetsien bermea…) presentatzen du Akamarren bere proiektu orokorra, 78 enplegu ekarriko dituenak, Jean Jacques Lasserre, Kontseilu Nagusiko president-ordearen aintzinean, baita ere Malou jauna, Bidaxuneko Herri Elkargoko presidentea eta ere kantoinamenduko auzapez desberdin batzuen aintzinean. Lambert jauna gomitatua da egun hartan, bainan ez da agertuko. Azaroaz geroz, proiektua ez da gehiago aintzinatzen.

            Gertakari gogor hunek ekarri dituen arazo guzien gainetik, galdera batzu daude zintzilik : hastapenetik, Lambert jaunak bazakien « zone agricole » delakoan klasatua zela Sylvain Sahores-en lurra. Lehen dokumentua izenpetu aintzin, bazakien ere zer zen proiektua ; zergatik orduan utzi du bere lurraren lubetatzen asteak eta asteak, deus ere erran gabe,  gero erraiteko ez zuela utziko erabiltzerat hastapenetik pensatua zen bezala ? Zergatik errefuxatu du ondotik POS delakoaren aldaketa xinplifikatu baten egitea, hastia zuelarik oraino ? Eta, ikusiz nola DDEko arduradunek ez duten oposiziorik erakusten, zergatik ukatzen du aintzin deklarapenaren akordioaren siñatzea ? Nork dazko problemak pausatuko ?

Zendako ez da Baigorriko jaun mera borrokatzen enpresa berri baten instalatzearen laguntzeko bere herrian, azken hunek enplegu batzu sortuko dituelarik eta tokiko ofizialeak lagunduko dituelarik, memento berean, Herri Elkargoak egiten dituelarik bere zazpi ahalak ? Baigorriko interesen kontra joaiten zen proiektu hori ? Zergatik ez kontseilatu, lagundu eta segitu enpresalari gazte bat, 4 enplegu proposatzen zituenak lehen etapa batean, eta ondotik, bertze berri batzu, proiektua bururaino joan bazen ? Nola ateratzen ahal da kalterik gabe Sahores jaunaren aktibitatea historio horretatik, ikusiz zenbat lan, energia eta denbora debaldetan emanak izan diren ? Zergatik ez eman arrapostu garbi bat bigarren aterabideari, lehengo harrobiarena ? Helburua dea Botabil elkarteak, aseturik, bertze norapait joan dadila ?

Gaurko egunean, ez da duda izpirik jaun merak ahal guziak bazituela Sylvain Sahores-en enpresaren instalatzearen laguntzeko eta ez duela egin. Mementoan, afera hunen emaitza bakarra da ardietsi duela enpresa baten ahultzea, eta hori biziki damugarria da, gainerat krisi larri memento batean.


Utzi iruzkina: