Aintzina Baigorriren lehen bilkura (2008.05.09a)

aintzinabaigorri 1456130567407 Aintzina Baigorri | 2008-05-22 21:49

I. Hauteskundeen bilana 1. Emaitzak : Lamberten listak biltzen ditu oro har (hautetsi bakotxaren boz kopuruak gehitzen badira) 10 810 boz, %53,31a eginez. 2001ean, biltzen zuen 11 713 boz, %58,96a eginez. Lista huntako hautagaiek galtzen dute, oro har, 903 boz (gutti gora behera, 47 boz hautagai bakotx). Aintzina Baigorri listak biltzen ditu oro har (hautetsi bakotxaren boz kopuruak gehitzen badira) 9 443 boz, %46,57a eginez. 2001ean, Baigorrin Elgarrekinek biltzen zuen 8 114 boz, %40,85a eginez. Lista hunen emaitzari konparatuz, gure listak egiten du 1329 boz gehiago ! Hots, emaitza aski onak. 2. Listari buruzko oiartzunak, jarrerak : denetarik entzun dugu. Halere, jende ainitzek erran daukute preziatu zutela etxez etxeko kanpaina, bazela urteak eta urteak ez zela egina izan. Bigarren listatik hautetsi batzuen pasatzea historikoa da (37 urte ez zela gertatu !!). Bloke abertzalearen indarra handia da, ez da ahantxu boz bat ere faltatu alde hortarik. Halere, ohartzen gira, lista oso kopurua inportantago dela Lamberten listarendako (452/412). Ondorioz, lista “panaxatuak” gure alde dira gehienak. II. Aintzina Baigorriko hautetsien lekukotasuna 1. Hauteskundeaz geroztik, izan dira kontseiluko hiru bilkura : martxoaren 14a, mera eta axuanten bozkatzea, apirilaren 04a, delegazioen banatzea eta subventzioneen finkatzea, apirilaren 18a, buxetaren bozkatzea. Aldi oro, publikoan, izan da Aintzina Baigorriko kide bat bederen, bilkuraren segitzeko eta Marie Agnès eta Jean Michelen sostengatzeko... Mera eta axuantendako, xuri bozkatu dute Marie Agnèsek eta Jean Michelek, beren botoa esplikatuz. Jean Michel hautatua izan da Herri Elkargoko delegatu baten ordezkari gisa. 2. Gure bi hautetsiak sartu dira komisione batzuetan eta delegazio batzu hartu dituzte : Marie Agnès : CCASeko kide, Kultura eta Elkarteen komisionean da. Jean Michel : Urbanismo komisionean da, Kultura eta Elkarteenean, eta Bastimenduen komisionean. Euskal Kultur Erakundea finantziatzen duen sindikatan Baigorriko ordezkaria da ere. 3. Kontseiluko giroa : mementoan, ez dute harreman handirik bertze listako hautetsiekin. Halere, giroa ez da pizua mementoan. 4. Jean Michelek eta Marie Agnèsek galde egiten daukute laguntza, bereziki, bilkura bat aintzin, beren interbentzioak prestatzeko, edo gai batzuen lantzeko. III. Lanaren antolatzea 1. Bilkuran, azpimarratua izan da hauteskundeetatik landa, ez zela aldaketa handirik izan Lamberten partetik, bere egin moldean, eta ez zuela batere kondutan hartu Baigorriarrek igorri mezua, lehen bezala segituz. “Copinage”ak segitzen du, baita ere konzertaziorik gabeko hartu erabakiak eta batzutan, egiteko manera onartezina batzu. Subventzioetan, badira gauza bitxi batzu eta elkarte batzuek ez dute oraino laguntzarik... 2. Gauza guzi horiengatik, erabaki dugu, lana segitzea kontseiluaren ondoan, Jean Michel eta Marie Agnèsekin. Gai batzu lantzekoak dira, badira proposamen batzu egiteko kontseiluari, galdera batzu pausatzeko, egin molde batzu salatzeko ; hots, behar dugu gure boza entzun arazi. 3. Bestalde, ikusiz buxeta nola aurkeztua (ulertezina, iluna !!!) eta bozkatua izan den, pentsatzen dugu hurbiletik aztertua izan behar dela. Jende berezitu batzu prest dira gure laguntzeko lan hortan, zerbaiten ulertzeko eta kritika batzuen formulatzeko gai izan gitezen gerorako. IV. Elkartearen muntatzea 1. Lan guzi horren eremaiteko, erabaki dugu, Aintzina Baigorri elkarte bat bilakatuko zela. Estatutuak idazten ari gira. Kotisazioa 15 eurotan finkatu dugu, urte baten dako. Nahi duten guzieri idekia izanen da. 2. Erabaki dugu ere dokumentu idatzi baten agertaraztea noiztenka, Baigorriarrak gure lanaren eta Herriko Etxearen egiteko maneren jakinean izan ditezen. 3. Bilduko gira ere erregularki urtean zehar (urtean, 3-4 aldiz). 4. Blogaren bidez, informazioak pasa araziko ditugu ere.


Utzi iruzkina: