Amari

twitter: aintzanemug gora beherak | 2016-02-27 16:07
5 11

aintzanemug 1456586725399

Ama errepublika garaiko Simon eta Judas santuen egun batez jaio zen geroago etorniken jarioaz asko haziko zen Gipuzkoako herri txiki batean.

Simona deitzea zen bere patua, amapontekoak izen hori bera izaki, aitonak hala deitzea erabaki zuelako. Baina izeba jator hura medio, izen arruntago eta hura bezain kristaua zen beste bat jarri zioten.

Gerran aita galdu zuen 6 urte betetzear zituenean, hura Bilboko setioan laguntzera joan zenean. Gorde zuen aitaren azken oroitzapena, erderaz hitzegiteagatik hark eman zion zaplaztekoa zen. Familia euskaldun eta abertzalekoa izanik, garaileen aberrira traidorea izan zen aita baten alaba izanik, irain asko jasan izan behar izan zituen umetan. Bere aita Artxanda mendian dago, hor nonbait lurperatua. Derion badu bere hilobia, baina barruan hezurrik ez dagoela diote; amonaren egoera legeztatzeko trikimailu bat izan zela.

Ama inolako federik gabeko katekista bat izan zen. Nork daki zenbat izango ziren horrelakoak.

Ikasketak burutu nahi zituen, baina emakumea zen; ez zuen bere anaien moduan ezer ikasteko aukera izan.

Ama 30 urte zituela ezkondu zen, neska zahar gelditzera zihoala zirudienean.

Garaian ohikoa zen baino askoz gehiago itxoin zuen gizon egokia aukeratzeko, baina ardoa gehiegi maite zuen gizon bat aukeratu zuen. Arazoak eta alabak besterik emango ez zizkion gizona..

Ama saiatu zen banatzen, inor banatzen ez zen garaian.

Ama saiatu zen metodo antikontzeptiboak erabiltzen, debekatuak zeudenean.

Ama etxetik kanpo lanera atera zen bere senarrak baimentzen ez zion arren, emakumeak etxean gelditzen ziren garaian.

Amak ez zuen dirua eman zuen auzoko ikastola sortu zedin.

Amak lau alaba izan zituen eta erabaki sendo bat hartu zuen bizitzan: bere alabek ez zuten berak jasandakoa jasango.

Bera alabak euskaldunak izango ziren, ikasiak, abertzaleak, zuzenak, bera bezain indartsuak, eta askeak.

50 urte zituenean alargun geratu zen. Askapena zirudien hura edozeinen begietara, baina nork daki zergatik, ilea zuritu egin zitzaion bat-batean horren ondoren.

18 eta 9 urte bitarteko lau alabekin, aurrera jo zuen. Lan asko eginda eta gauetan ikasiz, jubilaziora gerturatzen zen abiadura beraz bere lan egoera eta familiaren ekonomia hobetuz.

Alabak hazi ginen, ikasi genuen, etxetik joaten hasi ginen, eta amaren bizitzako helburua bete genuen.

Bilobak jaiotzen hasi ziren. Denak maite zituen baina bere arbasoen aurpegi irribartsu eta gorpuzkera sendo bera eta autismoa duen batek kezkatzen zuen gehien.

Duela bost urte motor batek harrapatu zuen hura zaintzeaz etxerako bueltan zihoanean.

Harrezkero zahar-egoitza batean bizi da ondo zaindua eta egunero bisitatxo bat jasoz, gurpil-aulki batera lotuta.

Ahaztu ditu arbasoak eta ondorengoak.

Ahaztu du zein den eta zer maite duen.

Ahaztu du bere izenaren jatorria eta aitaren zaplaztekoa, Derioko hilobia eta Artxanda mendia.

Ahaztu du zenbat maite dituen euskara eta aberria.

Ahaztu ditu feminismoa eta beti izan duen jakituria gogoa.

Ahaztu ditu kezkak eta pozak.

Lasai eta indarrik gabeko irribarre finko batekin bizi da.

Nik bai, gogoratzen dut zein den eta zer maite duen.

Gogoratzen dut nor naizen eta zeinek irakatsi zidan ni izaten.

Eskerrik asko Arantxa Mendarte, ama.

twitter: joxearanzabal

2016-02-27 18:29 #1

Gorazarrea zure amari, bai horixe!

mentxu

mentxu 2016-02-27 21:49 #2

Oso ederra! Zein unkigarria den ezagutzen duzun istorio bat modu honetan, idatzizko formato eder batean adierazita irakurtzea.

twitter: aintzanemug

2016-12-10 22:31 #3

Gaur joan zaigu ama, bakean eta alabez inguratuta, gustuko zuen vals-a entzuten zuen bitartean. Laster itzuliko da maite zuen lurrera. Bere ereduan eta Enekoren aurpegian bizirik dirau.
Agur AMA, eta ohore.

ana morales

ana morales 2016-12-10 23:20 #4

Brava zure ama eta brava zu. Aintzane, ze harro egon behar zaren berataz, eta ze harro egongo zen bera zutaz testu eder hau irakurrita. Biba zuek.

Jozulin

Jozulin 2016-12-10 23:44 #5

Besarkada handi handi handia.

Leire Narbaiza

Leire Narbaiza 2016-12-11 00:08 #6

Besarkada bat, Aintzane! Maitasunez inguratuta joan da, denok nahiko genuke hala agertzea maite ditugunak! Musu bat

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren 2016-12-11 09:56 #7

Hartz besarkada bat, Aintzane.

Beñat Irasuegi

Beñat Irasuegi 2016-12-11 10:54 #8

Besarkada handi bat Aintzane, zuri eta familia guztiari. Gogoratzen ditugun bitartean izango dira, gogoratu behar ditugu bizitza hauek.

twitter: aintzanemug

2016-12-11 21:08 #9

Eskerrik asko Ana, Josu, Leire, Edu eta Beñat, bene-benetan.

Maggie Quintane

Maggie Quintane 2016-12-12 11:36 #10

I'm really sorry dear Aintzane. I'm so sorry for you loss.

I feel you. Big hugs and kisses.

<3

twitter: aintzanemug

2016-12-12 11:44 #11

Thank you so much, dear.


Utzi iruzkina: