Ama hil da

twitter: aintzanemug gora beherak | 2016-12-27 16:01
1 1

aintzanemug 1482851213624

Jende asko maitatu izan dut bizitzan. Lagunak: batzuk denbora laburrez eta pasioz maite izan ditut. Batzuen izenak ez ditut gogoratzen ere, agian.  Edo aspaldiko lagunak,  40 urte baino luzeagoz nire lagunak izan diren horiek, familiakoak direnak jada. Aukeratutako familia. Eta ahizpak, ilobak, amoranteak, nobiotxoak, senitartekoak, ikaskideak, lankideak, urteetan nirekin bizitza partekatu duten bikotekide bakanak… ehundaka pertsona dira.

Erraz maitatzen dut jendea. Hain erraz, zein maiz pentsatzen dut ez dudala egiaz inor maite. Errazegi esaten diodala nire buruari edonor maite dudala eta horrek nire maitatzeko gaitasunaren arinkeria azaltzen duela.

Baina guzti horien gainetik bi pertsona daude. Zalantzarik gabe ni bezain beste maite izan ditudan bi pertsona bakarrak. Bata ama, bestea semea. Erraza da, bizitza eman zidana, bizitza eman diodana. Azken finean, nire burua are gehiago maitatzea besterik ez da hori.

Eneko jaio zen arte, ama zen, bera, nire bizitzako zutabea, muina, erroa, babesa, eredua. Bera bezalakoa naiz, edo hori da nire ustea behintzat. Hori da agian pentsatu nahi dudana.

Berak zaintzen ninduen, babesten ninduen, ulertzen ninduen, beste inork ez bezala maite ninduen. Ez zen gure arteko harremana beti erraza izan; izan genituen gure arteko ika-mikak; izan nuen nik ere gaztaroan errebeldia puntu bat. Baina orokorrean, oso loturik egon gara beti. Ez dut horrekin esan nahi berak lotzen ninduenik. Ez. Utzi ninduen, nire ahizpei bezala, hazten, heltzen, erabakiak hartzen. Baina nire bizitzako joerak beti egon dira ados bere ikuspuntuekin. Balore berdinak izan ditugu beti, pentsamolde bera, sentimendu antzekoak. Bere isladari begira hazi eta hezi naiz.

Horregatik, ikaragarrizko beldurra nion bere heriotzari. Beldur nintzen erotuko ez ote nintzen. Ohean hilabete luzez sartuko ez ote nintzen, inorekin hitz egiteko adorerik gabe. Bizitza ukatu, bera gabeko bizitza ukatu. Hainbeste maite nuen. Nere burua maite dudan bezain beste.

Eneko jaio zenetik badago bizitzari zentzua ematen dion beste zutabe sendo bat. Eta azken urtetan, bizitzan laguntzen nauen gizon zintzo bat ere badago.

Baina orain ama hil da.  Jada ez da existitzen bere gorputza. Ezin ditut bere eskuak sendo heldu beldurra urruntzeko. Ez da existitzen bere arima. Alaine Agirrek esango lukeen moduan, A hil da. Baina oraingoan ez da ipuin bat. Bera, emakume ederrena, goxoena, kementsuena, langileena, sendoena, nire bizitzako zutabea. Arantxa Mendarte Casares (berak Arantza idatziko luke), ez dago jada gure artean. Hilobi batean daude bere errautsak, beste arbasoekin batera; aitarekin batera, amonarekin batera. San Markosko gotorlekura begira, Koldo Mitxelenaren ondoan.

Eta ez naiz erotu. Harrigarria den arren, munduak bere martxa jarraitzen du, etengabe, eta ni berarekin batera, bizirik jarraitzen dut.

Lehenengo egunetan bai, beilak iraun zuen bitartean, jende andanaz inguraturik, berarekin nengoen bakarrik. Kafetegira atera, bata eta bestearekin hitz egin, baina ni bakarrik nengoen berarekin, bere gorpuari begira, Ana Malagonen “Ederrena” ipuina etengabe buruan, bakean ikusten nuen gorpu horri begira. Han ez zegoen ama, ez zegoen duela zazpi urte izan zuen istripuaren aurreko emakume indartsu eta borrokalari hura, eta ez zegoen ondorengo amona lasai eta baketsu hura ere. Baina bere gorputza zegoen, hainbestetan babesa eta beroa eman zidan gorputz hura zegoen. Eta ni berarekin nengoen, beste inorekin ez. Ez nuen bere gorputza desagertzerik nahi. Absurdoa da, baina hala da. Gero erraustu genuen, bere aginduak betez. Eta orain ez dago ezer.

Ez dut federik, ezin diot orain paradisuaren sinesmenari eutsi. Bizitzaren zikloa da. Jaiotzen gara, hiltzen gara, eta gero lurrera bueltatzen gara. Gure lekua den lurrera. Nik inoiz egingo dudan bezala. Hainbestek eta hainbestek mendez mende egin duten bezala. Ez dago beste ezer sinisterik.

Baina hori jasangaitza izan beharko luke niretzat orain. Eta ez da. Eta ez dut ulertzen zergatik ez den.

Lehenengo egunetan uhinen bultzadaz aurrera egiten nuen. Egin beharreko gauzak, jendearen doluminak eta elkartasuna onartu eta eskertu…

Hori bukatu zen, eta une batez, kotxea gidatzen nindoalarik, semaforo gorri baten aurrean geldi, mundua ikusi nuen, eta martxan jarraitzen zuela konturatu nintzen. Eta harritu egin nintzen. Mundua ez da amaitu. Amarik gabeko mundu bat da orain. Erabat arrotza zaidan mundu bat. Eta ni munduan nago. Eta negar gutxi egin dut. Eta ez dut negar egiteko gogorik. Egia da egun batzuetan zutik irauteko indarrik ez nuela sentitzen nuela, ezingo nuela lanera itzuli. Baina itzuli naiz, eta ez naiz erori, eta uste dut ez naizela erotu.

Gabon gaua eta Eguberria negar egin gabe pasa ditut. Eta mundua maitasunezko geruza batekin estalita dagoela iruditzen zait etengabe. Amaren maitasunak burbuila bat sortu duela nire inguruan eta martxan jarraitzera bultzatzen nauela. Eta nigan bizirik dagoela ama. Ni behin, bederatzi hilabetez, beragan bizirik egon nintzen moduan.

Semea eta bikotekidea, eta ahizpak, eta lagunak, eta lankideak, eta Mauritaniatik laguntza eske etortzen zaizkidan errefuxiatuak hemen daude. Beraiekin nahikoa nuke aurrera jotzeko. Baina ez da hori aurrera bultzatzen nauena oraintxe, laguntzen nauen arren. Ama da aurrera bultzatzen nauena.

Arraro sentitzen naizela esan diot oraintxe ezagun bati, eta arrarotasunari ihes ez egiteko esan dit. Ez ditut ukatzen normalean nire bitxikeriak. Arrunta izanda ere, atsegin dut ezberdina naizela pentsatzea. Baina orain, nire buruarekiko arrotz sentitzen naiz, ezagutzen ez dudan mundu arrotz batean. Ume txiki zahar bat bezala, babes eske dabilen ume txikia eta indartsua den emakumea, dena aldi berean.

Ez da izango erotu naizela? Ez, bizitzen jarraitu ahal izateko sortu dudan irudipen bat da. Doluaren fase bat besterik ez. Hau ere pasako da, eta ohituko naiz mundu berri honetan bizitzera.

Nekane

Nekane 2016-12-28 23:28 #1

Besarkada haundi bat zuri ta sendi guztiari Aintzane!


Utzi iruzkina: