Eboluzioaz (edo nire txitak)

No profile photo Hakkama tolestu ezinik | 2008-02-28 18:20

Artikulu labur honek batzuetan neuk ere —beste hainbatek legez— Espainiako telebistako 2. kateko dokumentalak ikusten ditudala frogatuko du; bueno, hain zuzen, bat gutxienez ikusi dudala. Eboluzioari eta ikasketa prozesuari buruzko ikerketa azaltzen zuen dokumental hark. Ikerlariek espezie kantari baten txitak bereizi eta isolatu zituzten, gurasoen eredu barik kantetan zelan ikasten zuten aztertzeko. Ez naiz akordetan zer espezie zen, baina bai ikerketak zer ondorio nagusi izan zuen: isolatutako txitek kantetan ikasten zuten. Ez zuten gurasoekin edo aske bizi zirenen erregistro zabala; euren kantuarekin alderatuta, ikerlariak ohartu ziren gatibu eta isolatuta zeuden txoriek, oinarri-oinarrian, kantu bera egiten zutela, baina oso sinplea eta eskasa zela. Jakina, ez zuten gurasoen eta espezieko beste ale batzuen eredurik jaso, eta isolatuta zeudenez, ez zuten besteekin komunikatu beharrik. Ikerketak frogatu zuen, besteak beste, zenbait ezagutza jaiotzetikoak direla. Ikerketa konplexuagoa zen, baina oraintxe, hori soilik dut gogoan. Aitzakia egokia da buruan aspaldi dabilkidan ideia bat azaltzeko: nire ikasleak txitak dira eta isolatuta daude, O’Senseik begi zorrotzez zaindutako dojo batean. Ikasle gehienek, habi bereko txitak balira legez, antzeko maila dute, bakan batzuk kenduta ia aldi berean hasi zirelako. Beraz, ez dago teknika maila handiagoko ikaslerik, ez dago eredutzat har daitekeen ikaslerik, ez dago dakienaren aholkuak eman ditzakeen ikaslerik… Isolatuta daude eta ez dute txori eskarmentudunen kanturik entzuten, eta ez dute erregistro aberatsagoak zertan erabili. Isolatuta daude eta ez dute 1. dana duen aikidoka batekin praktikatzen, ez dituzte maila handiko aikidokak lanean ikusten… Ez da hain larria, egia esan; izan ere, datorren hilabetean, 4. kyurako eta 5. kyurako azterketak egingo ditugu, eta beste leku batzuetako azterketak ikusita, esango nuke ez dutela maila txikiagoa. Teknika errepertorioaren kontua da: beste dojo batzuetan, hainbat teknika lantzen dira, eta ez lehen mailetakoak soilik. Hortaz, alde batetik, mugatuta daude, baina beste batetik, pixkanaka ikasten dute, teknika konplexuegirik egin gabe. Ez da ona, eta ez da txarra, desberdina baizik, eta denborak aurrera egin ahala, besteen mailarekin parekatuko dira. Azken batean, neu ere izan nintzen isolatutako txita, eta nire irakasleari esker, beste irakasle batzuen klaseetara eta ikastaroetara joatera animatu ninduelako, hemen nago, klaseak ematen eta ikasteko gero eta gogo gehiagorekin. Espero dut nire ikasleak ere etorkizunean ni bezala egotea. Neu ere isolatutako txita izan nintzelako!


Utzi iruzkina: