Alkartea, edo dana dalakoa

No profile photo Hakkama tolestu ezinik | 2009-02-08 00:00

Historiaurretik, gizakiak ondo jakin dau besteakaz alkartuz gero indartsuagoa izango zala; hau da, mamutak-eta ehizetako aukera gehiago eukazala. Otsoek eta lehoiek taldetan ehizetan dabez harrapakinak. Eta jatorrizko sen horreek alde batera utzi eta hain primitiboa ez den adibideren baten bidez azaldu gura izanez gero, gure euskal mendi berdeei erreparatu beste beharrik ez dogu: gure mendietan, ohikoa zan herri lana, herriko biztanleen artean beharrezko lanak egitea; danek egiten eben beharra, danen onerako. Alegia, pertsona batek bakarrik ezin dauz zeregin guztiak bere gain hartu; noizbait, zerbaitek huts egingo dau, eta ezin izango dau behar dauen guztia lortu. Askoren artean, aldiz, askoren onura lortu daiteke.


Batzuetan, otso bakartia izan naz orein talde baten aurrean. Zein harrapatu erabagi ezinik, bati begiratzen deutso hasikeran, eta beste bati gero. Ez da bere lekutik mugidutera ausartuten, koitadua. Jana lortu ezean, gosez hilko da. Azkenean, etsipenaren etsipenez, orein baten atzetik urteten dau, ziztu bizian. Atzaparrak lurrean iltzaduten dira, eta otsoa gero eta azkarrago doa urrats bakoitzean. Abiaduraren ondorioz, haizeak txistu bizia jotzen dau otsoaren belarrietan, eta ilajea gorputzari itsasten jako, erresistentzia gitxiago egiteko. Bizirik irauteko senak bultzetan dau otsoa, baina baita oreina be. Bizirik atara gura dabe bi-biek borroka horretatik. Ni nintzan otsoa, eta taldeko orein igeskorrak, nire gain hartutako zereginak.


Otsoak ehizan arituteko legez, laguntza lortu behar neban, eta alkartea sortutea otu jatan; alde batetik, funtzioak banaduteko, eta beste batetik, Amagoia Aikido Klubagaz modu formalago batean lotuteko. Bilera bat egin neban Amagoiako Jose Luis eta Juantxogaz, gure asmoen barri emoteko; ondo iruditu jaken. Gero, ikasleakaz bildu nintzan, eta eurak nigaz ados egon zirean. Jokabide ezin hobea izan dabe beti, eta oraingo honetan be bai. Alkartea sortutea erabagi genduan, eta horren barruan, kirol agrupazinoa egitea. Izenagaz bueltaka gagoz orain, arazo burokratiko bategaz ataskatuta: Kirol Erakundeen Erregistroko funtzionario batek esan eustan Eusko Jaurlaritzako 29/1989 Dekretuaren arabera agrupazinoaren izenean ezin dala aikido berbea ipini, kirol nagusia judo dalako, eta judo berbea ipini behar dogula, gustatu ala ez. Zentzugabea. Dekretua irakurri dot, baina modalidad deportiva aipatuten da, eta ez da inon esaten kirol horrek federazioko kirol nagusia izan behar dauenik. Argitu beharra dekogu. Bitartean, zenbait jarduera prestaduten hasi behar dogu: erakustaldiak, hitzaldiak, kartelak… estrategia zehaztea, azken batean. Behin funtzioak banatuta, askoz errazagoa izango da dena, eta seguru nago etorkizunari begira eraginkortasun handiagoz jardungo dogula eta taldea handidutea lortuko dogula.

Hurrengo atalean: Zertan geratu gara?


Utzi iruzkina: