Epaileek Alleriko pasealekua behin behinean gelditzeko agindu dute

No profile photo ALLERI zainddu! | 2011-02-04 12:01
2

Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Zaldupe-Alleri pasealekuko obrak behin behinean gelditzeko eskatu du, epaiketa egin arte.

Obra hau Allerin egin nahi zituzten etxeetara hornidurak eramateko (ura, elektrizitatea...) aurreikusi zuen udal gestorak, nahiz eta gero pasealeku bezala aurkeztu zuen. Alleri Zainddu! Plataformak proiektu horren kontrako salaketa ipini zuen, Alleriko 500 etxebizitzen proiektuaren luzapen bat zela argi zegoelako.

Alleriko etxeen proiektua epaitegiek geldituta bazuten ere, udalak aurrera jarraitu zuen pasealekuko obrekin, eta lur azpiko hornidurak sartzen hasi zen. Herri mugimenduak gelditu behar izan zuen asmo hori, obretara joanda,

Alleri zainddu! plataformak argi esan zuen pasealekuko obra horiek egiteak arazo legalak ekar zitzakeela. Alleriko etxeen plana geldituta zegoen, babestutako padura batean eraiki nahi zelako, eta plana zahartutako arau subsidiarioetan oinarrituta zegoelako. Pasealekua ere babestutako gunean eta zahartutako arau subsidiarioen gainean ari dira egiten. Obra bat geldituta bazegoen, aurreikustekoa zen bigarrena ere geldi zitekeela. Gainera, proiektuak Zaldu ibaia berreskuratzea ere ez zuen aurreikusten, nahiz eta Kostasek behin eta berriro eskatu duen.

Udalak, burugogor, aurrera jarraitu zuen. Eta azkenean hornidurarik gabeko pasealeku bat egitea erabaki zuen (euren asmoa obra bat egitea zen, edozein baldintzatan). Alleri zainddu! plataformak aurkeztutako alegazioei ez zieten kasurik ere egin. Herritarren kontzentrazio eta protestei ere ez.

Baina epaitegietako salaketak bere bidea egin du. Eta orain epaileek obra gelditzeko eskatu dute, aurreikusi genuen bezala. Udalekoak “temerarioak” direla ere gaineratu dute, hainbeste zalantza egonda proiektu honekin aurrera jarraitzearren.

Baina obra hasita dago. Bideragarria eta legala izango den ala ez zalantzan dagoen obra batetan dirutza publikoa gastatu du Udalak, 800.000 euro hain zuzen ere, eraikuntza enpresen interes pribatuak asetzeko. Udalekoei berdin zaie, euren asmoa diru hori edozelan eta edozein baldintzatan gastatzea baitzen.

Lotsagarria iruditzen zaigu herrian dagoen beharrizan piloarekin udala halako obretan dirua gastatzen ibiltzea, arauak hausten eta herritarren berbari kasurik egin barik.

Honen aurrean, ozen eskatzen dugu Alleriko pasealekuko obrak gelditzeko, eta udalean proiektu hau aurrera eraman dutenen izen abizenak eta ardurak argitu eta zehazteko.

Hemendik aurrera, Allerik eta bere inguruek daukaten balioa kontuan hartzeko eskatzen dugu, eta horren araberako ekintzak burutzeko bertan. Obrak egitearren egitea helburu duen eredu ekonomiko hau aldatu beharra daukagu. Batez ere gure ingurunea kaltetzen duelako, eta hiru lau aberasten dituelako besteon kontura. Gure ongizatea ezin dugu obrekin estali, gure etorkizuna ezin dugu eskabadorekin eraiki!

 

Alleriko pasealekuko obrak gelditu!!

Alleri Zainddu! plataforma

 

Jon Z

Jon Z 2011-03-08 00:14 #1

<p>Ez zaituztet desanimatu nahi, baina "gutarrak" ere egiten dituzte horrelakoak. Begira bestela Hernanin (Marian Beitialarrangoitia alkate), Urumea ibaiaren alde babestuan, LIC batean, egin den pista forestala + bidegorria. Ilegalki egin da halako txikizioa, baina kasu honetan "gutarrak" egin dutelako, ixildu. Horrek autokritika sakon bat egiteko balio behar izango liguke...</p>

AZ

AZ 2011-03-30 17:03 #2

Gu herriko talde bat gara eta eskualdeko arazoez arduratzen gara. Baina beste eskualde batzuetako txikizioek ere mintzen gaituzte, egilea edozein izanda ere. Ez daukagu ezer isiltzeko asmorik eta autokritikarako prest gaude beti. Gure babesa edo laguntza behar baduzu, eskatu lasai eta emango dizugu. Gure baliabide guztiak zure esku ipiniko ditugu zure herrian txikizioren bat egin bada eta hura salatu nahi baduzu. <br />


Utzi iruzkina: