ALLERIKO PADURA OSORIK BERRESKURATU!
(ALLERI ZAINDDU! PLATAFORMAREN KOMUNIKATUA ALLERIKO 480 ETXEBIZITZEN PROIEKTUAREN ONARPENAREN INGURUAN)
Aurreko astean Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak Allerin 480 etxebizitza egiteko proiektua onartu zuen. Egun hauetan proiektu horri buruzko informazioa biltzen eta aztertzen ahalegindu gara eta ondorio hau atera dugu: proiektu horrek ikuspegi ekologiko eta sozialetik ez dauka ez hankarik ez bururik.
Udalak etxeetara bidali duen proiektuaren inguruko propagandak dio 480 etxebizitza egitearekin batera padura berreskuratuko dela. Baina proiektuaren planoak ikusi dituen edonor ohartuko zen padura erdian 480 etxe eginda marismaren ekosistema zatitu egiten dela: babestutako animaliek moztuta daukate euren migraziorako bidea; 480 familia eta beste hainbeste kotxe paduretara bizitzera eramanez gero kutsadura anbientala, zarata eta kutsadura luminikoa izugarri gehituko dira eta horrek airea eta ibaiko uren kalitatea eskastuko du eta bertako animalien erritmo biologikoak nahastuko ditu espezie batzuk bertatik desagertzeraino.
Baina udalaren proiektuak ondorio sozial larriak ere ekarriko ditu eta Ondarroaren etorkizuna hipotekatuko du. Padura zementoz betetzen bada, Ondarroak etorkizunean itsas mareen igoerari aurre egiteko daukan espazio naturala ere galduko baitu.
Unibertsitateko adituak aldaketa klimatikoari eta itsas mailaren igoerari aurre egiteko marismak zaintzea garrantzitsua dela esaten ari diren honetan, Ondarroan Alleri zaintzea geure etorkizuna bermatzea ere bada. Izan ere, Alleriko padura gehiena lehortuta dago lurrezko hormen bidez, abeltzaintzan erabiltzeko. Ibai ondoko lurrezko horma hauek botako balira, ura filtratu eta padurak bere tamaina hirukoiztuko luke. Eta, berriro diogu, marismaren tamaina handituta etorkizunean itsas mailaren igoerari aurre egin geniezaioke. Paduran zementua botatzen bada, ordea, berme horiek galdu egingo ditugu.
Etxebizitzen arazoari herri barruan aurkitu behar zaizkio irtenbideak: etxe hutsak betez, orube hutsetan eraikiz... Herri barruko espazioa hobeto aprobetxatu behar dugu. Ezin gara gero eta lur gehiago urbanizatzen ibili, hain zuzen ere, lur horiek ez direlako amaigabeak. Gainera, azken urteetan herrian bertan etxe piloa eraiki dira, eta oraindik beste hainbeste ari dira eraikitzen. Herri barruan egin diren etxe tasatu berri asko ezin beteta badabiltza, Allerin beste 330 etxe tasatu egin nahi izatea zentzugabea da!
Udalaren gezurrak ere salatu nahi genituzke. Alleriko lurren %81 ez dela ikutuko dio Udalak, baina proiektuaren fotomuntaia ikusi duen edonork daki hori gezur galanta dela. Bestalde, herritarren gehiengoa proiektuaren alde dagoela dio, baina aldekoen portzentaiarik ez du eskaini. Eta ondo dakigu egin zuten galdetegiak zelako galdera tranposoak zituen. Gainera, herritarren gehiengoa alde badago, zertarako halako publizitate kanpaina erraldoia? Eta publizitatea egiten hainbeste diru publiko erabiltzen bada, zergatik ez dira kontuan hartzen proiektuaren aurkako iritziak ere?
Amaitu aurretik, ondorengo asteetan deituko ditugun aldarrikapen ekintzekin bat egiteko deialdia zabaldu nahi diegu herritarrei.
Alleri zainddu eta berreskuratu, osorik!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: