Laster aurkituko dugu!!!

aiene 1456130527263 Ai ene!! | 2007-12-14 13:53

Existitzen da, hori uste dugu askok orain dela hilabete batzuetatik hona behintzat. Ez da ideala, fikziozkoa, pelikuletakoa ezta ametsetakoa soilik, erreala da. Bide luzea egin dugu bere bila, lagun asko geratu dira atzean bidean zehar. Azkenean zortzik bakarrik jarraitzen dute bide horretan. Gainontzekoak zain gaude, beraiek noiz aurkitu eta guri erakutsi zain.

 

Bizitzaren kontraesan bat izan liteke, baina sufrimendu eta hilketa krudelekin lotzen dugun tokian jazoko da aurkikuntza. Ez larritu, ez da bertan ez borroka, odol, ezpata edota banderillarik izango, eta izatekotan fikziozkoak izango dira. Ez dago inongo arriskurik. Dudarik gabe aurkikuntza sekulakoa izango da, plazer gorenaren aurkikuntza. Gozamen xamurra, goxoa, leuna, paregabea… poetikoa. Hainbeste desira dugun gorengo gozamena.

 

Aurkikuntza Donostian lekutuko da, Ilunbe zezen plazan, abenduaren 16ean. Honako hauek izango dira aurkikuntzaren partaideak: Zortzi izango dira toreroak. Epaileak sei. Epailerik zorrotzenak, ikusleak, 9000 inguru. Toreatu beharreko zezena: hitza, neurria, doinua, errima, gaia…hitz batean esanda: BERTSOA.

 

Bidea amaierara iristen ari da, hemen da helmuga, laster da gorengo gozamenaren aurkikuntza, gerora ere maila berean gozatzen jarrai dezagun. Bidelagunok, askok ezinezkoa zela uste bazuten ere, laster esan ahal izango dugu aho batez: Aurkitu dugu G puntua!!!!!!

 


Utzi iruzkina: