"Dena diruba biltzeko artia"

aiene 1456130527263 Ai ene!! | 2008-01-02 16:00

Amaitu da urte zaharra. Urte berria hasi da eta ohikoa legez, norberak bere buruari urte berrirako erronkak jartzen dizkio. Batek astean behin korrika egitera joango dela zin egingo dio bere buruari, besteak, dietan hasiko dela sobera dituen kilo horiek guztiak galtzeko, beste batek, alferkeriak utzi eta behingoz serio ikasten jarriko dela…eta horrela hamaika promesa aipa genitzake. Promesa asko, azkenean horretantxe geratzen direnak, promesa hutsean.

 

Urte berriarekin batera badatoz erregeak ere, eta hauekin batera dirua gastatu beharra ere bai. Etxekoei, bikoteari edota lagunei opariak erosi behar. Eta behar hitza zerbaitengatik diot. Ez baititugu nahi ditugulako erosten opariak, erosi behar ditugulako baizik; ohiturak horrela dioelako, ezinbestekoa delako, derrigorrezkoa. Erregetarako edo Olentzerotako, edo bietarako agian; baina nolanahi ere opariak erosi behar dira. Opari guztiak erabilgarriak balira sikiera, baina askotan alferrikako gauzak oparitzen dira. Zer oparitu ez dakigula ibiltzen gara, eta azkenean, desesperatuta, edozer erosten dugu.

 

Bestalde, hainbeste afari eta bazkarirekin dirua barra-barra xahutzen da. Produktuen salneurria urte osoan baino garestiagoa da gainera. Festa eta parrandarako ere aukera asko dago. Eta gehienok behintzat ezin etxean gelditu ba! Parranda txikia edo handia egin, dirua behintzat gastatu.

 

Nire aitonak zioen bezala “dena diruba biltzeko artia”. Aitzakia merkeekin xahutzen baitugu dirua, eta bitartean, mundu erdia goseak hiltzen.


Utzi iruzkina: