ZORTZI FILM LABUR
TOPAGUNE
izenarekin ezagutzen da euskara elkarteen elkartea edo, zehatzago
esanda, federazioa. Urtean zehar, ekimen ezberdinak antolatzen ditu,
gerora, euskara elkarte federatuen bitartez gizarteratzen dituena.
Ekimen horietako bat, entzute handikoa gainera, LABURBIRA izeneko film laburren zirkuitua da. Aurtengoa, bere 9. edizioa da.
Aurtengoan, azken urtean ekoitzitako euskarazko zortzi
ikus-entzunezko eramango ditu Euskal Herriko 27 herritara, bai eta
Londresera zein Parisera ere. Horien artean, geldialdia egingo du gure
eskualdean:
- Martxoaren 23an. Aiarako udaletxean (Arespalditza). 19:30ean. Doakoa.
- Martxoaren 27an. Basalarrinan (Hornidura plaza, Laudio). 19:30ean. Doakoa.
Emanaldi
bakoitzean zortzi ikus-entzunezko eskainiko dira, 2011ean eta 2010ean
ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ibilbide luzeko
egileak eta egile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egin dugu: Jon
Garaño, Gregorio Muro, Maialen Sarasua, Joseba Uberuaga, Paul Urkijo,
David Zabala eta Xoxe Díaz. Bestetik, 60. hamarkadan Franco garaian
Gotzon Elortzak 16mm-tan grabatutako Aberria dokumental interesgarria
ikusteko aukera izango dute ikusleek.
Bestela
ere, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela,
formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute
emanaldia: fikziozko lau lan, animaziozko bi, dokumental bat eta
bideoklip bat.
Gogoratu, amaitzeko, hiru direla euskara elkarteen federazio horretan dauden gure eskualdeko taldeak: Basalarrina (Laudio), Belaiki (Baranbio) eta Hogeitalau (Aiara). Eta laugarren bat, bidean dagoela: Info-Aiaraldea Kultura eta Komunikazio Elkartea...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: