LETXUGA vs URRAZA vs URAZA
Hiru hitz hauek zilegi dira eta tradizio handia dute herri erabileran. Hala ere, URAZA da (eta ez "letxuga" edo "urraza") euskara jasoan erabili beharrekoa.
= LETXUGA.
Gaztelaniazko erabileratik zuzen-zuzenki mailegatutako hitza eta,
txarrena, azkeneko mendean forma jatorragoak ordezkatu dituena.
Gaztelaniatik diogu, Espainiako gainerako erromantzeetan ez delako forma
hau erabiltzen (leituga...). Jatorriz, moztean darion esne itxurako isurkariari zuriari egiten dio erreferentzia (esnea = lactem = leche > lactucam = letxuga), hau da, "esnedun" esanahia du.
Euskararen erabilera jasoan aholkatzen da "letxuga" hitza ez erabiltzea.
= URRAZA. Erabilera tradizionaleko hitza. Baina, hizkuntzaren estandarizazioaren aldera, URAZA lehenetsi zen. Aurreko beste mezu batean (2012-10-22 eguneko euskera / euskara aldakiei buruzkoa) azaldu zen antza handiko hitz batzuk daudenean aukeran, bat bakarra hautatzen dela euskara baturako.
= URAZA. Landare honi erreferentzia egitean euskara estandarrean (batuan) erabili beharreko hitza.
BITXIKERIAK. Bada beste aldaki bat, URRATZA berba eta R. M. Azkue hizkuntzalari ezagunak Laudioko hitz propio moduan bere Euskara-Gaztelania-Frantsesa hiztegia (1905) entzutetsuan jaso zuena.
Aurreko honetaz gain, badira oso erabilera mugatuko bestelako aldakiak: urasa, uratza eta unasa. Ez ditugu euskara estandarrerako kontuan hartuko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: