GURE AZENTUAZIOAZ
Era
askotakoa da euskararen azentuazio sistema eta hitzen eta euskalkien
arabera aldatzen da. Baina bada eskema bat, "unibertsaltzat" har
daitekeena euskaldunon herri guztian: LAU silabako hitz edo hitz-sistemetan, azentu bikoitza egiten da: indartsuena (´ batez adieraziko dugu) bigarren silaban eta ahulagoa den beste bat (` batez adierazia) azkenekoan (laugarrenean).
Bestetik,
espainierak (edo gaztelerak, deitu nahi duzuen bezala) hitzen
azken-aurreko silaban azentuatzeko joera du (italiera bezalaxe:
hizkuntza paroxitonoak esaten zaie; frantsesa ordea oxitonoa da azentua
azken silaban zamatzeko joera duelako).
Espainieraren eraginez, geroz eta arruntagoa da euskarari gazteleraren azentuazio sistema arrotza aplikatzea. Bereziki nabaria, askotan beste erreferentziarik ez dugun euskaldun berrion artean. Hau da, lau silabako euskarazko hitzetan edo hitz-sistemetan, azentua jarri ohi dugula hirugarren silaban (txarto) eta ez bigarren eta laugarrenean (ondo) edo, behinik behin, azentu bikoitzarekin arazoak izanez gero, bigarren silaban (erdibideko soluzioa).
Horrela, tamalezko zoriónak, aspaldíko, gero árte, batasúna, irtenbíde, maite záitut, autobúsa, ikastóla... bezalako hitzei bestelako distira emango diezu zoríonàk, aspáldikò, geró artè, batásunà, irténbidè, maité zaitùt, autóbusà, ikástolà... moduetan botaz gero. Edo, "larrialdirako" soluzio moduan: zoríonak, aspáldiko, geró arte, batásuna, irténbide, maité zaitut, autóbusa, ikástola...
Gauza bera, gure toponimoei erreferentzia egiten diegunean: Gallárragà (edo Gallárraga baina ez Gallarrága), Bedárbidè (edo Bedárbide baina ez Bedarbíde), Luiáondò (edo Luiáondo baina ez Luiaóndo), Garrástatxù (edo Garrástatxu baina ez Garrastátxu), Goiénurì (eta ez Goienúri...), Larrázabàl (eta ez Larrazábal)... Ez gara ezer berri asmatzen ari, forma "jator" hauek oraindik daudelako bizirik gure nagusien artean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: