BEDERATZIEHUN vs BEDERATZIREHUN
"Mila bederatzirehun eta lehenengo urtean..." hasiera duen kantu ederraz betikotu zuen Benito Lertxundik Euskal Herrian azken balea ehizatu zen data. Hala ere, gramatika-oker nabaria du bere barruan. Oso hedaturik dagoen akatsa, bestetik.
"HiruRehun" eta "LauRehun" idazten dugu, "r" bat tartean, eta zuzena da kasu bi hauetarako. Alabaina, goragoko ehunekoetan tarteko "r" hori barik erabili behar dira: "seiehun" (ondo) eta ez "seiRehun" (txarto), "zazpiehun" (ondo) eta ez "zazpiRehun" (txarto), "zortziehun" (ondo) eta ez "zortziRehun" (txarto) eta, amaitzeko Orioko balearen urtea gogora ekartzen digun "bederatziehun" (ondo) eta ez "bederatziRehun" (txarto).
Baina zergatik salbuespen horiek?
Euskara zaharrean HIRUR (3) eta LAUR (4) zirelako zenbaki horien izenak. Orduan "hirur+ehun= hirurehun" eta "laur+ehun= laurehun". Baina izendapen zahar haiek ahaztu zirenean (eta "hiru" eta "lau" bihurtu), antzekotasunagatik eta okerki, gainerako zenbakiei aplikatzen zaie. Baina, esan bezala, gaizki dago.
Arrazoi berberengatik ondo daude lurraldetasuna adierazteko erabili diren "HiruRak bat" edo "LauRak bat" leloak, baina ez "ZazpiRak bat", "Zazpiak bat" beharko lukeelako izan.
Gauza bera orduekin eta abarrekin: "arratsaldeko lauretan" (16:00etan) baina ez "zortziretan", "zortzietan" (20:00etan) baizik.
Laburbilduz:
Tarteko "r" horren erabilera 3 eta 4 zenbakietara mugatu behar dugu. Ez erabil besteekin, beraz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: