TIN-HINAN, tuareg-en aitzindaria

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2011-08-14 20:25

1925ean, Abalessa-n, Hoggar-eko aintzinako hiriburuan, arkeologoek, emakume baten hezurdura, hileta-altzairuak, urrezko eta zilarrezko bitxiak, eta Constantino enperadore erromatarraren irudia zuten txanponak, aurkitu zituzten, haitzulo batean.

Euren ustez, hilobi hura, Tin-Hinan-ena zen, tuareg-en aitzindariarena.

Tin-Hinan, emakume liluragarriaren historia, ahozko tradizioari esker iritsi zaigu gaurdaino. Bere izenak, "urrutitik datorrena" edo "batetik bestera dabilena" esan nahi du, eta belaunaldiz-belaunaldi igarotako abesti eta olerkien bidez, tuareg-ek, emakume honen irudia osatu ahal izan dute: "emakume biziki erakargarria, ederra, handia, akatsik gabeko bisaiaduna, azal zuri leunekoa, begirada sutsuduna. Osotasunean edertasunaren eta agintearen irudia".

Hoggar-era iritsi zenean, "urrutitik zetorren", bere izenak adierazten digun bezala. Ikerlariek, Maroko hegoaldeko, Tafilalet, berbereen hiria, jo dute bere sorlekutzat.

Zergatik utzi sorlekua? Ez daukagu honi buruzko informazio zehatzik, baina, egin dezagun amets, eta irudika dezagun garai haietako lurralde hura. K.o. IV. mendean, Afrikako iparraldea eta Numidia, batez ere, Erromaren mende dago. Kristautua beraz, Constantino enperadorea ere, erlijio honetara bildu baitzen. Numidia ("nomada" hitzetik etor daiteke), erromatarren poterearen aurkako errebolta-gune da. Hainbat tribu, Mediterraneo kostaldetik, hegoalderantz doaz. Tin.Hinan-en taldea, hauetariko bat da.

Sahara basamortuko zeharkaldi honetan, bere zerbitzari leiala zen beste emakume batek lagundu zion, Takamat-ek.

Harkaitzetako marrazkietan, "gurdien bidea"-ren aztarnak aurki daitezke, honi jarraituz gero, itsasora, urmaeletara, "oued"etara irits daiteke. Badirudi, Tin-Hinan-en taldetxoak, bide hau jarraitu zuela, hain preziatu eta beharrezko den uraren atzetik.

Zeruko izarrak ere, ezagutzen ditu eta hauei so jartzen da, zein norabideri lotu, erabakitzerakoan.

Makilen gainean ezarritako, ahuntz.larruz eginiko denda..., janari txiroa..., irinez eta esnez egindako taloak ...

Mendiak zeharkatu behar dira, haranak. Ura gordetzen duten lezeak aurkitu, eta batez ere, abereei bazka eman. Lurralde ederrak dira, baina lehorrak eta zailak.

 Hala ere, hementxe geldituko da Tin-Hinan, Tamanrasset-etik gertu dagoen Abessala oasiak, bere ur eta larreen babesa, eskeintzen baitio.

Baina, zer gertatu zen Hoggar-en aterpea hartu ostean? Nor izan zen bere umeen aita? Tafilalet-etik, berarekin, etorritakoren bat? Libia edo Egyptotik iritsitako bidaiari nobleren bat? edo, Hoggar bertako norbait?

Aita horren izenik, ez zaigu ageri ahozko tradizioan. Tuareg-en artean, emakumeak, betidanik izan du status pribilegiatua, matriarkatua gailendu delarik, hala, emakumeen aldeko ondorengotza baino ez da kontuan hartu.

Kondairaren aburuz, Tin.Hinan-ek, hiru alaba izan zituen; Tinert, "antilopea", Inenba-en aurrekaria; Tahenkort,"gazela", Kel Rela-ena, eta Tamerouelt, "erbia", Iboglan-ena.

Hara hor beraz, Abalessa oasian kokaturik, denda zuriak zutik, Atakor mendigune garaiaren altzoan.

 Paisaien ederra, gauaren isiltasuna, haizea haitz artean.

Neskato targia (tuareg-a)