El Caso Slevin (Lucky Number Slevin): Astelehen gaua eramangarriago egiten

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2008-11-19 12:47

 

Astelehenean, egunero moduan, afaltzen bukatu eta egunkariari heldu nion telebista madarikatu horretan zer botatzen zuten ikusteko. Madarikatua diot ez telebista gorrotatzen dudalako baizik eta guztiz kontrakoagatik. Gustoko dut telebista ikustea, ordu horretan gehienbat, baina azkenaldian lotsagarria da Prime Timeko programazioa.

 

Egun gutxitan aurkitzen dut gustoko zerbait eta Tele 5n C.S.I Las Vegas  (Grissom handia!) kendu eta C.S.I Miami botatzen asi zirenetik astelehenetan ere ez dut zer ikusi izaten. Egunkariko azken horriak begiratu nituen eta nire aukera bakarra cuatron botatzen zuten filme bat ikustea zela konturatu nintzen. El Caso Slevin zuen izena eta egia esan, ez nuen sekula filme horretaz ezer entzun nahiz eta aktore ezagun piloa agertzen ziren bertan; Josh Hartnett, Bruce Willis, Lucy Liu, Morgan Freeman edo Ben Kingsley esate baterako.

 

Sofan bota (sofan bota egiten zara, ez eseri) eta Slevin gizarajoari gertatzen zitzaion guztia ikusten hasi nintzen. Pelikula bizia izan zen, azkarra, elkarrizketa eta kolpe onekoa eta ederki eramana. Gainera, historioa kontatzeko eran Snatch bezalako filmeak ekarri zizkidan burura eta badakizue horrelakoak, nire debilidadeetako bat direla. Hori gutxi balitz, bukaeran dena ederki lotua geratu zen eta gorpuzkera eder batekin utzi ninduen. Ikusi eta gero filmeak egitea lan erraza denaren sentsazioa uzten dizuten horietako bat da Paul McGuiganen filme hau (egitea beste gauza bat da…)

 

Sorpresa ederra izan zen Lucky Number Sevin hau eta berari esker astelehen gaua askoz ere eramangarriagoa izan zen. Ona izaten da sekula bere izena entzun ere ez duzun filme bat ikusi eta horren entretenitua izatea, horixe baita filme hau funtsean, entretenitua, eta gainera ezustean harrapatzen bazaitu, are gehiago.

 


Utzi iruzkina: