Literatura, zertarako? // Aritz Galarraga // 2021eko urtarrilaren 31

so 1467378181235 SO | 2021-01-31 10:44

Aurreko zutabean nahiko argi geratu zitzaidan literaturak zer ez lukeen egin behar, autorearen tesi bat frogatu; baina zer egiten duen, “bizitza deskribatzen du”, lausoegi geratu zitzaidan, zabalegi. Literaturak bakarrik egiten du hori? Musika, zinema eta gainerakoek ez dute bizitza deskribatzen? Ba al dago oraindik, Italo Calvinok defendatzen zuen bezala, literaturak soilik eman diezagukeen gauzarik? Halako galderen aurrean, Antoine Compagnonen liburu batera jo ohi dut, La littérature, pour quoi faire?, zeinak jasotzen duen Collège de Francen eman zuen lehen mintzaldia, 2006an.

Literaturaren lekua asko urritu da gure gizartean azkenaldian, baiki, aisian, eskolan, prentsan, ez du garai bateko garrantzirik. Lehiatzaileak ditu alde guztietatik, eta ez du ezeren monopoliorik. Baina, ze demonio, konprobatuta daukat, jarraitzen du plazera ematen, eta irakasten, hobeki, erakusten; eguneroko bizitzaren mugak gainditzen ditu, hizkuntzaren hutsak emendatzen; ematen du giza esperientziaren inguruko ezagutza ordezkaezin, xehe, luze-zabal bat; eta egiten du, egia borobilak jaulki ordez, gure ziurtasunetan zalantza, anbiguotasuna, galderak ereinez. Irakurtzen dugu, beraz, ezinbestekoa ez izan arren, bizitza atseginago, argiago, aberatsagoa egiten duelako, errazagoa bizitzea. E, baina inolako moralinarik gabe, ezagutzen baitut ezer irakurtzen ez duen jendea, eta batzuek zoriontsuak dirudite. Nik argi daukat, ordea, zergatik irakurtzen dudan: kontxo, ez irakurtzeak baino on gehiago egiten didalako. Eta lehiatzaileak ditu alde guztietatik, ez du ezeren monopoliorik; baina literaturak alde dauka umiltasuna, eta bere ahalak jarraitzen du izaten neurririk gabea.

Orain aste pare bat eman zuen Compagnonek azken mintzaldia Collège de Francen. Pandemia lagun, zuzenean jarraitu nuen. Liburuan atera dezaten desio nuke, lehen mintzaldi harengana bezala, behin eta berriro itzuli ahal izateko.